XI. Magia Topaketak maiatzean Bilboko Txurdinagan eta Otxarkoagan
2015-04-09 11:39 kulturbizBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta, programearen barruan ikastaro bat eta mintegi bat jasoko dira eta, bigarren urtez jarraian, lehenengo deialdiaren arrakastea ikusita, Atera eizu barruan daroazun magia zaleentzako magia lehiaketea antolatu da. Partaideak, maiatzaren 28an, Otxarkoagako Udaltegian, egingo dan ekitaldian hartuko dabe parte.
Magiak, Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak batzen dituan Bizkaiko uriburuko 3. barrutia hartuko dau, eta barriro be arte horren zaleen topaleku bilakatuko da, prestidigitazinoaren munduan lehen pausuak emon nahi dituenen topaleku. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta, XI. Magia Topaketak maiatzean egingo dira, Txurdinaga auzoko Merkatarien Alkarteagaz alkarlanean.
Programearen barruan ikastaro bat eta mintegi bat jasoko dira eta, bigarren urtez jarraian, lehenengo deialdiaren arrakastea ikusita, Atera eizu barruan daroazun magia zaleentzako magia lehiaketea antolatu da. Partaideak, maiatzaren 28an, Otxarkoagako Udaltegian, egingo dan ekitaldian hartuko dabe parte. Horrezaz gan, beste emonaldi batzuk eskainiko dira kaleetan eta Udaltegian bertan. Ekimena, Bilboko barruti guztietan kultur jarduera eskaintza zabala batzen dauen Kultura Barrutik programearen barruan sartzen da. Jarduera horreen artean antzerkia eta jantza emonaldiak, ikus-entzunezkoen proiekzinoak eta ikastaroak, arte eta argazki erakusketak, jantzaldiak, kontzertuak, kaleko bandak, tailerrak eta bestelakoak dagoz.
Imanol Ituiñok eta David Blancok magia ikastaroa eskainiko dabe Otxarkoagako Udaltegian, arte hori hobeto ezagutzeko interesa daben 16 urtetik gorako guztientzako. 16 orduko iraupena izango dau, maiatzeko astelehen eta eguaztenetan eskainiko da, arratsaldeko 19:30etik 21:30era, eta bertan, Imanol Ituiñok eta David Blancok, ilusionismoaren oinarrizko printzipioak eskainiko deutseez bertaratutakoei, partaideek kartakaz, sokakaz eta bestelako materialakaz jolasak egiten ikasi deien. Era berean, ilusionismoa arte bilakatu eben magiaren garai onenetako magoen pasadizuak eta istorioak kontauko ditute. Klase horreetan partaideak ikus-entzuleen aurrean egoteko konfiantzea irabazten joango dira, eta truku bat aurkezteko orduan berbek eta begiradek daben garrantziaz jaubetuko dira. Izan be, ilusionismoan tranpa guztia ez baitago trebezian, berbak eta begiradak trebezia hori bezain garrantzitsuak, edo garrantzitsuagoak, baitira. Ikastaroak 25 euroko prezioa izango dau.
Imanol Ituiño ilusionismoaren promesa gaztea da, hurreko magia espezialidadean dabilena. Modalidade hori ikus-entzuleakandik oso hur egiten da, jente gitxiren aurrean, jolas interaktiboakaz. 26 urte dituan Imanolek hainbat lehiaketa irabazi ditu: 2008an, Almussafesen (Valentzia) egin zan nazinoarteko hurreko magia lehiaketea irabazi eban, eta 2014an, Cacereseko Magia Kongresu Nazionalean Aretoko Magia Sari Nazionaleko bigarren saria eskuratu eban. Irakaslea da Fábrica de Magos izenekoan, eta ohikoa da lehiaketetan eta kongresuetan ikustea. Leku horreetan espezialista handienakaz ibili da.
Mintegia David Blancok eskainiko dau, eta arte eszenikoakaz lotutako personei dago zuzenduta, izan be, ilusionismoa, antzezle askok euren prestakuntzearen parte lez erabili leikien tresnea baita, ondoren antzerkian eskaini ahal izateko. Ikasleek, magiazko efektu bat aurkezteko orduan dagozan antzezpen zailtasunak ezagutuko ditue, eta eszena gainean daben ezagutzaz baliatzen erakutsiko jake, euren aurkezpenak aberasteko, antzerkirako baliabide hori erabiliz, zuzenean edo efektu berezi legez. 9 orduko iraupena izango dau, eta maiatzaren 25ean, 26an eta 27an eskainiko da, arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara Harrobia Eskenan, Bilbo-Otxarkoagako Eszena Produkzinoko Barrikuntza Zentroan. Hamabi euroko prezioa izango dau jente guztiarentzat, eta 10 eurokoa BilbaoEszenako erabiltzaileentzat eta Artekaleko bazkideentzat.
David Blancok 1994an debutau eban eta eszenatoki gainean esperientzia handiko profesionala da. Sari asko irabazitako artistea izateaz gan, magia, antzerki eta txotxongilo ikuskizunen zuzendari, produktore eta aholkulari be bada, baita magia talde entzutetsueneko kide be, Londoneko Magic Circle. Mundu osoan ibili izan da, eta bere ikuskizunak bost hizkuntzatan eskaintzen ditu.
Ikastaroan eta mintegian parte hartzeko izen emoteak apirilaren 1etik 21era egin beharko dira, biak barne, www.bilbao.net udal webgunearen bitartez.
II. Magia Lehiaketea
Magia Topaketek Zaleentzako Magia Lehiaketea antolatuko dabe bigarren urtez jarraian. Atera eizu barruan daroazun magia izenburupean, profesionala izan barik, eszenatoki baten gainean magia efektu edo trukuren bat egiteko beste ezagutza eta praktikea daben 16 urtetik gorako persona guztiek hartu ahal izango dabe parte. Interesatuek, 2 eta 10 minutu arteko iraupena dauen bideoa bialdu behar dabe, gitxienez bi magia efektu erakutsiz, www.kulturabarrutik/magia helbidera. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea maiatzaren 1etik 17ra bitartekoa izango da.
Aukeratutakoek, maiatzaren 28an, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo dan ekitaldian hartuko dabe parte. Bertan hiru sari emongo jakez partaide onenei, Txurdinagako Merkatarien Alkartearen laguntzinoari esker. Gainera, ekitaldiak igaz lehiaketearen lehen irabazlea izan zan Roberto Madariagak berariaz atondu dauen emonaldia jasoko dau. Izan be, lehen saria irabazten dauenak, hurrengo urteko Magia Topaketetan parte hartzeko aukerea be jasoten dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!