Meatzaritzearen Kultur eta Ingurumen Parkea eta Interpretazino Zentroa sortuko dabe Abanto-Zierbenan

Bzkaie 2015-03-06 10:48   kulturbiz

Parkea sortuta, garai bateko meatzaritzearen osteko ondare historikoa ikertu, ezagutarazo eta jagoteari buruzko zentroen sakabanaketeari konponbidea emongo jako. Erakunde sustatzaileek adierazo dabenez, proiektuak onurea ekarriko deutso Meatzaldeari eta bere ekonomiari eta Bizkaiak erreferentzia kultural eta turistiko barri bat eskaini ahalko dau.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, Abanto-Zierbenako alkate Maite Etxebarriak eta Euskadiko Meatzaritza Museoa Fundazinoko presidente Carmelo Uriartek akordioa sinatu dabe, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Euskadiko Meatzaritzearen Kultur eta Ingurumen Parkeko Interpretazino Zentroaren eraikuntza proiektua gauzatzeko. Gainera, Oregik iragarri dau Bizkaiko Meatzaldea Biotopo Babestu izentauko dabela laster.

Meatzaritzearen Kultur eta Ingurumen Parkearen lehen fasea bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzeak 900.000 euroko ekarpena egingo dau, Bizkaiko Foru Aldundiak hitzemandako kopuru bardina, eta Abanto-Zierbenako Udalak 45.000 euro bideratuko ditu. Danetara batutako 1.845.000 euroakaz ekingo jake aurten eraikuntza lanei, lehiaketa publikoaren eta ondorengo esleipena gauzatu ostean. Sinatze ekitaldia Meatzaritzaren Museoan izan da, Abanto-Zierbenan.

Eskualde mailako proiektua dala eretxita, parkeak Meatzaritzearen Museoaren jarduerearen eta etorkizuneko interpretazino zentroaren ondoriozko sinergiak erabiliko ditu, Meatzaldeko meatzaritza kultura eta biotopoaren ikerketea ezagutarazoteko gune azpimarragarria eratuz, mueta guztietako bisitariak erakarteko gaitasun handia izan leikena.

Erakunde sustatzaileen aburuz, erreferentziazko gunea izango da kulturan, hezkuntzan eta turismoan Kontxa meatze edegi sakonaren ederrari esker, horri begirako behatokiak eukiko baititu Euskadiko Meatzaritzearen Kultur eta Ingurumen Parke barriak.

Parkea sortuta, garai bateko meatzaritzearen osteko ondare historikoa ikertu, ezagutarazo eta jagoteari buruzko zentroen sakabanaketeari konponbidea emongo jako. Erakunde sustatzaileek adierazo dabenez, proiektuak onurea ekarriko deutso Meatzaldeari eta bere ekonomiari eta Bizkaiak erreferentzia kultural eta turistiko barri bat eskaini ahalko dau.

Esan bezela, Meatzaritzaren Museoan egin dabe sinatze ekitaldia, hau da, Kultur eta Ingurumen Parkea eregiko dan eraikinaren alboan, Korta meatze edegiari begira, Meatzaldea babesteko eta bertako meatzaritza kulturea ezagutarazoteko etorkizuneko proiektuak bateratzeko puntu estrategiko eta berezia izango baita.

Meatzaritzearen Kultur eta Ingurumen Parkea eta Interpretazino Zentroa sortzeko akordioa gauzatzeak eskualdeko ekonomia eta ondare historiko nahiz kulturala bultzatzea ekarriko dau. Horretarako, beharrezkoa izango da parke barrian bateratzea meatzaritzeari eta eskualdeko biotopoaren ikerketeari loturiko jarduerak.

Ana Oregik iragarri dauenez, Bizkaiko Meatzaldea Biotopo Babestu izentauko da gitxi barru. Holan, Euskal Herriko paraje horren babesa bermatuta egongo da, hondatzea ebitau eta balioa emonez. Eusko Jaurlaritzearen eretxiz, Meatzaldeko Biotopoaren ingurumen hezkuntza eta interpretazino zentroa sortzeak Abanto-Zierbanak euskal herritarrei bideratutako eskaintzea aberastea ekarriko dau, azaldu dau.

Era berean, Maite Etxebarriaren berbetan, kontua ez da gure historia eta kulturea eta horreen eragina gure ingurumenean islatzeko zentro bat eregitea eta kitu, ekonomikoki garatzeko aukerea be baita. Lehen mailako kultur, ingurumen eta turismo baliabidea da eta bultzadea emongo deutso eskualdeari aisialdi gune eta meatze paisajeak erakarritako bisitari zein turista askoren helmuga bihurtzeko, dagoeneko erakundeen katalogo guztietan agiri danez. Hori dala eta, Meatzaldeko udalerriek paisajea babestea eta ahalmen turistikoak ustiatzea aldarrikatzen dogu, gaineratu dau.

Euskadiko Meatzaritzearen Kultur eta Ingurumen Parkearen lehen fasean, auditorium bat, egun Peñas Negraseko instalazinoko edukiak eta burdinezko mendien biotopoaren ikerketea jasoko dituan interpretazino zentroa eta erabilera anitzeko gelak eta harrera aretoa eregiko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu