Hemen da Laburbira 2015

Bizkaie! 2015-03-03 09:52   Zinemea

Hamabigarrenez heldu da XII. Laburbira, film laburren zirkuitua, euskerazko zinemagintzearen perla txikiak ikus-entzuleei eskaintzera. 2015eko martiaren 4tik 28ra, 29 herritan izango da zirkuitua. Martiaren 4an, Ordizian izango dan lehen emonaldia. 

Euskaltzaleen Topaguneak Laburbira film laburren zirkuituaren hamabigarren edizinoa jarriko dau martxan, herriz herriko euskaltzaleen alkarteakaz alkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako kultura saileko zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesagaz.

Laburbira, euskerazko ikus-entzunezko produkzinoa ezagutarazo eta herrietako kultur eskaintzea aberasteko helburua dauen zirkuitua da. Aurtengoa Ordizian hasiko da, martiaren 4an, eta martiaren 28ra arte 27 herritan izango da (Areatza, Arespalditza, Aretxabaleta, Arrasate, Asparrena, Atarrabia, Azkoitia, Azpeitia, Basauri, Berriozar, Biasteri, Durango, Ea, Erandio, Ermua, Etxebarri, Gasteiz, Hernani, Hondarribia, Igorre, Lazkao, Mutriku, Ordizia, Paris, Soraluze, Urkabustaiz, Usurbil, València eta Zumaia). Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan izango dira emonaldiak, baita Valentzian be. Horrezaz gan, bi emonaldi berezi izango dira zirkuitutik kanpo; apirilean Parisko Euskal Etxean, eta maiatzean Durangon, UEUren IkerGazte kongresuaren barruan. Kontuak kontu, martiaren 4an, Ordizian izango da lehen emonaldia.


Zortzi film labur, hainbat zuzendari

Saio bakotxean, zortzi ikus-entzunezko labur eskainiko dira, 2013an eta 2014an sortutakoak. Ordu eta lauren inguruko emonaldietan, sormena, dokumentala, fikzinoa zein animazinoa buztartzen dituen ikus-entzunezkoak izango dira. Lan gehienak Durangoko Azokako Irudienea gunean izan ziran, pasa dan abenduan. Eta eskainiko diran filmeen artean, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako K-movie bideo lehiaketako irabazlea dago: Zaunk!

Film laburren zuzendariei jagokenez, ibilbide luzeko egileen eta sortzaile barrien lanak ezagutarazoteko ahalegina egiten dau Laburbirak. Ondorengoak dira proiektauko diran film laburrak:

- Hubert le Blonen azken hegaldia (Koldo Almandoz).
- Ein land (Igone Arreitunandia Berridi).
- Aitona Mantangorria (Kepa Errasti).
- Zela Trovke (Asier Altuna).
- Arconada (Asier Urbieta).
- Don Miguel (Kote Camacho).
- Zaunk! (Ixone Aroma, Aritz Lasarguren eta Asier Vera).
- Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi).


Hamabi urtez film laburrak eta zuzendariak herrietara hurreratzen

Dagoeneko hamabigarren edizinoa dau aurten Laburbirak. Urte luze honeetan, ehunka emonaldi izan dira Euskal Herriko hamaika txokotan, baita Euskal Herritik kanpo be. Ibilbide oparoa izan da, eta sortzaile eta ikusleen arteko eretxi trukea oso aberasgarria dala erakutsi dau.

Horregaitik, egileak eta ikusleak alkarrengana hurreratzeko asmoz, saio batzuetan barriketaldia egingo da zuzendariakaz, emonaldiaren ondoren. Izan be, sortzaileei euskerazko produkzinoa eta beren lanak ezagutzera emoteko aukerea eskaini nahi deutse Laburbirak. Zirkuitua Euskal Herri osoko herrietara zabaltzen da, eta herriotako asko txikiak izanik, gitxitan izaten dabe zinema bertan eskaintzeko aukerea.

Film laburren sinopsiak eta emonaldien egutegia Topagunearen webgunean topau zeinkie. Bertan topauko dozue beharrezko informazino guztia, kartela, esku-orria, trailerrak edo filmen eta zuzendarien argazkiak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu