Bilboko XIV. Zirkuitua eguazten honetan hasiko da, 'Erdaldun barrien kluba' bakarrizketeagaz

Bizkaie! 2015-02-17 10:24   kulturbiz

Bilboko Udalak antolatzen dauen zikloaren lehen fasea apirilaren amaierara arte luzatuko da, eta Arrasate Euskaldundu Dezagun Elkarteak produzidu dauen eta Olatz Pagaldayk antzezten dauen Erdaldun barrien kluba bakarrizketeagaz hasiko da, Begoñako Udaltegian.

Bilboko Zirkuitua arte eszenikoen alorrean bertako taldeen (amateurren edo erdi profesionalen) jarduerea bultzatu nahi dauen ekimenaren hamalaugarren edizinoa eguazten honetan, zezeilaren 18an, hasiko da. Bilboko Udalak antolatzen dauen zikloaren lehen fasea apirilaren amaierara arte luzatuko da, eta Arrasate Euskaldundu Dezagun Elkarteak produzidu dauen eta Olatz Pagaldayk antzezten dauen Erdaldun barrien kluba bakarrizketeagaz hasiko da, Begoñako Udaltegian.

Datozen asteetan beste hamar lan izango dira, Otxarkoaga, Abando-Barrainkua, Altamira, San Frantzisko, Basurtu eta Errekaldeko udaltegietan, Solokoetxeko institutuan eta, barrikuntza lez, Antzerkiaren Munduko Egunagaz bat etorriz, BilbaoEszenan, antolakuntzeak jakinarazo dauenez.

Ohikoa danez, Zirkuituaren edizino barrian, eszenatokira igoko diran konpainien artean egitarauan dagoeneko ezagunak diran batzuk izango dira, besteak beste, Luna Llena, Totum edo Burbujas, eta lehen aldiz parte hartuko daben beste batzuk be ikusi ahal izango dira, besteak beste, Alanbike, Happy End, Artebi edo Ane Lekanda eta Itxaso Gil.

Lekanda eta Gil Ibarrekolandako Arte Eszenikoetako Batxilergo Institutuko ikasle ohiak dira, eta 2014an estadu mailako emakume antzezle onenaren Coca Cola Fundazinoa-Buero Vallejo saria irabazi eben, Carmen Pomberoren Pater Matris lanari esker. Antzezlan hori ikusi ahal izango da Zirkuituan, apirilaren 17an, Abando-Barrainkuako Udaltegian.

Datozen hilebeteetarako aurreikusitako programazinoaren barruan, Artebi be nabarmentzen da Musika, Arte Eszeniko eta Ikus-Arteetako Bilboko Eskolea buru dauen proposamena, hain zuzen. Martiaren 5ean, Solokoetxeko institutuan eskainiko dan eta Antzerki Eskolen Jaialdiaren aurreko edizinoan emakumeen antzezpen onenaren eta moldaketa onenaren sariak irabazi zituan Baile de huesos antzezlana izango da. Era berean, hiruhileko honetan Zirkuituaren egitarauan izango dira Hypoycondrias, Happy End edo Luna Llena taldeak.


Barrikuntzea

Aurtengo edizinoko barrikuntza nagusia BilbaoEszenan izango dan emonaldi bat izango da, Antzerkiaren Munduko Egunagaz bat etorriz, martiaren 27an. Hileotan emakumeei zuzendutako tailerra emoten dagoz BilbaoEszenan. Tailerraren helburua historiak merezidu daben garrantzia emon ez deutsen zenbait emakume berreskuratzea da.

Holan, personaiari buruzko azterketea egingo da, testua edo dramaturgia sortzeko, hori eszenan garatzeko. Eszenaratzea jentaurrean egingo da, Históricas izeneko ikuskizunean, Mama Crea taldeko Nuria Moranen zuzendaritzapean.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta BilbaoEszenak antolatutako Zirkuitua programea benetako aukerea da sortzaile barriek eta antzerki eta jantza taldeek euren lanak eszenan agertu eta ikus-entzuleen aurrean antzeztu deiezan. Era berean, Bilbon sortutako proposamen freskoenak ikusteko aukera onena da.

Orain 14 urte programea martxan jarri zanetik, zabaltzen eta emonaldi eta eszenatoki kopurua handitzen joan da; esangura horretan, denporeagaz, egitaraua ia uriko auzo guztietara zabaldu da. Auzo horreetako askok urte osoan jasoten daben barruko arte eszeniko eskaintza bakarra da.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, programa honen bitartez, argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizidadea eskaintzen deutse konpainiei, baita ordainsari ekonomikoa be. Programazinoak euskeraz eta gaztelaniaz eskainiko diran formatu txikiko antzezlanak jasoten ditu. Aurreko edizinoetan lez, emonaldiak zezeileko, martiko eta apirileko eguazten, eguen eta barikuetan antolatu dira, 19:30etik aurrera, eta sarrerea librea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu