William Shakespeareren 'Sonetoak' euskeratu dau Juan Gartziak

Bizkaie! 2015-02-03 11:15   kulturbiz

Bistakoa da poesiak, eta lirikeak lotura zuzena dauela musikeagaz, eta bada proiektuan beste partaidetza bat, arte horretarako be: Joxan Goikoetxea musikariak, berak sorturiko doinuz, kanta bihurtu ditu Sonetoetariko batzuk, eta euskal kantari multzo ezagun batek jarri deutso ahotsa, Goikoetxearen beraren musika moldaeraz eta haren gidaritzapean.

Shakespeareren lanen bertakotze-mailea ei da kultura baten garapenaren neurrietariko bat. Shakespeareren Sonetoak lirikearen gailurrik bikainenetakotzat joten dira, eta kultura jazoera handitzat hartzen da obra hori beste hizkuntza batera ekarteko saio bakotxa.

Juan Garzia Garmendia literatura-itzultzaileak aspalditik jardun dau buru-belarri Shakespeareren sonetoak euskerara egokitzeko ahaleginean. Hogei bat urtez landu eta orraztu ditu, behin eta barriro,154 sonetoak eta beste hainbeste argibide iruzkin be gehitu, irakurleari bidea errazteko.

Shakespeare euskeraz bizibarritzea Oihenart bizibarritzea be bada, edo Etxeberri biak, edo Lauaxeta, Lizardi zein Lazarraga, eta are Leizarraga, Aresti nahiz Axular. Juan Garziak horreenean jo dau atea, baina ez gitxiago Bernat Etxepareren erritmo errimetan edo ahozko tradizinoko ereduetan, bertsolaritza zaharrean edo orainagoko idazle nahiz itzultzaileen ekarrietan. Soneto honeek irakurri-entzun ahala, gure kultura literarioaren soinutxu hori atzemoten da.

Sortu barritan heldu eutson Mikel Laboa Katedreak proiektu honi, testuagaz batera euskal kulturako bestelako arte-hizkuntza batzuk be berbazko hizkuntzearen jai honetara gogatzeko amesaren atzetik.

Sonetoek soinua eskatzen dabe, barruko zein kanpoko ahots bat. Euskal poesian, soneto edo hamalaudun moldeak ez dau izan forma finkorik, eta tradizino sendoagoa daben hizkuntzetako bertso-lerro estandarrak berak be –pentametro janbikoak, endekasilaboak– ez dau baliokide garbirik euskerazko olerkigintzan. Obra bakar batek ezin ditu bete, jakina, hutsune horreek guztiak, baina bai eredu bat eskaini, Shakespearek erabilen moldetik hurrekoena. Errezitazinoak, beraz, oso leku garrantzitsua dau gure egitasmoan, bolumen handiko corpus bat eskaintzen deutsolako euskal belarriari forma horretara ohitu daiten.

Errezitazinoen soinu-hartze gehienak eta lehenak Donostiako EHUko Carlos Santamaria eraikinean egin ziran. Bilbon be bai, Bilbo Zaharra euskaltegian. Bai eta Iruñean be, Zaldiko Maldiko alkartean. Gasteizen, barriz, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. Tartean, Luhuson, Ximun Haran zanaren etxekoek hartu gintuzten beren lagunarte goxoan. Gainerakoak tantaka grabatuak dira, Hernanin gehienak, Aztarna estudioan, eta han-hemenka ganerakoak.

Bistakoa da poesiak, eta lirikeak lotura zuzena dauela musikeagaz, eta bada proiektuan beste partaidetza bat, arte horretarako be: Joxan Goikoetxea musikariak, berak sorturiko doinuz, kanta bihurtu ditu Sonetoetariko batzuk, eta euskal kantari multzo ezagun batek jarri deutso ahotsa, Goikoetxearen beraren musika moldaerazeta haren gidaritzapean. Paco Ibañez, Pier Paul Berzaitz, Olatz Prat, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Estitxu Pinatxo, Petti eta Amaia Azkue.

Horra zirkulua osotua: Mikel Laboaren ume diranek jarri deutsie soinua bardoaren berba euskeratuei, Katedraren eta Aztarna argitaletxearen proiektuaren ekimenez. Kanta bihurturikoez ganera, bada, halan da be, doinu gehiago. Errezitazinoetako batzuk musikaz girotu eta apainduak doaz, landurik eta kantakaz tarkekaturik.

Orain 20 urte bete barri dauen Aztarna argitaletxeak, bere lan eta argitalpen guztietan egin izan dauen moduan, arteartekotasuna bultzatu nahi dau. Liburu-diskoaren alderdi plastikoaz, hala, Koldobika Jauregi artista bikaina arduratu da, bai diseinuari eta bai irudiztapenari jagokonez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu