Eleberri baltza izango dabe berbagai Víctor del Árbolek eta Carlos Zanónek datorren martitzenean Bilbon

Bizkaie! 2015-01-19 11:44   jardunaldiak

Urteko lehenengo hitzordu honetarako, Eztabaidak literatureagaz ekimenak emozinoei eta eleberri baltzari buruzko barriketaldia dakar, hainbat thriller egin dituen Víctor del Árbolegaz eta Vázquez Montalbánen berezko oinordekotzat hartzen dan Carlos Zanónegaz.

Datorren martitzenean, urtarrilaren 20an, bere bederatzigarren edizioa hasiko dauen Eztabaidak literatureagaz egitarauak eleberri baltza izango dau ardatz. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak Víctor del Árbol eta Carlos Zanón idazle katalanen arteko barriketaldia dakar urteko lehenengo saiorako.

Eztabaidak edo alkarrizketak hilero egiten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek aurkezle eta gidari lanak egiten ditu eta oraingo honetan Alicia San Juan kazetari espezializatua izango da ekitaldiaren gidaria.

Urteko lehenengo hitzordu honetarako, Eztabaidak literatureagaz ekimenak emozinoei eta eleberri baltzari buruzko barriketaldia dakar, hainbat thriller egin dituen Víctor del Árbolegaz eta Vázquez Montalbánen berezko oinordekotzat hartzen dan Carlos Zanónegaz. Irakurleen artean gero eta jarraitzaile gehiago dituan generoa da eleberri baltza eta urtarrileko konbidaduek antzeko ezaugarriak ditue, genero horretan egindako ibilbide emonkorra eta aintzatetsia eta sariz betetakoa, hain zuzen be. Biek be asko jagoten dabe euren personaien profila, sentimenduak idazlanen funtsezko parte bilakatuz.

Víctor del Árbolek (Bartzelona, 1968) autorpen ugari lortu ditu. Fernando Lara Sariaren finalista izan zan 2008an, El abismo de los sueños lanagaz eta ONCEk antolatutako Tiflos Eleberri Saria irabazi eban 2006an, El peso de los muertos lanagaz. 2011n, hamar bat hizkuntzatara itzuli dan eta Frantzian best sellerra izan dan La tristeza del samurái argitaratu eban. Irabazitako sari ugarien artean, Lyongo Eleberri Baltz jaialdian Le Point argitalpen frantsesak emondako Europako eleberri baltz onenaren Le Prix du polar Européen izenekoa azpimarratu behar da.

Carlos Zanóni (Bartzelona, 1966) jagokonez, poeta, eleberrigile, gidoigile, artikulugile eta literatur kritikaria da. Vázquez Montalbánen berezko oinordekotzat hartzen da, eta Yo fui Johnny Thunders lanagaz topau eban bere lekua eleberri baltzaren barruan. Zanónek hainbat poesia liburu idatzi ditu, eta lan horreek onespen garrantzitsuak ekarri deutsiez. 2008an idatzi eban lehenengo eleberria, eta 2009an, Tarde, mal y nunca argitaratu eban. 2012an, No llames a casa lana heldu zan. Lan horrek Valencia Negra sariketako eleberri onenaren saria irabazi eban, eta Daniel Calpasoro euskal zuzendariak ditu zinemara eroateko eskubideak.

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 240 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte, besteak beste.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu