Juan Garmendia Larrañaga etnografo eta ohorezko euskaltzaina hil da

Bizkaie! 2015-01-08 14:51   kulturbiz

Juan Garmendia Larrañaga etnografo eta ohorezko euskaltzaina 82 urtegaz hil da, Euskal Herriko etnografia aztertzen eta batzen lan handia egin ostean. Haren aldeko hileta eleizkizuna bihar, urtarrilaren 9an, egingo da, arratsaldeko 19:00etan, Tolosako Santa Maria parrokia eleizan. Bitartean, haren gorpua Tolosako Funeraria Oria beilatokian egongo da, bihar goizeko 10:45ak arte.

Juan Garmendia Larrañaga etnografo eta ohorezko euskaltzaina 82 urtegaz hil da, Euskal Herriko etnografia aztertzen eta batzen lan handia egin ostean. Haren aldeko hileta eleizkizuna bihar, urtarrilaren 9an, egingo da, arratsaldeko 19:00etan, Tolosako Santa Maria parrokia eleizan. Bitartean, haren gorpua Tolosako Funeraria Oria beilatokian egongo da, bihar goizeko 10:45ak arte.

Juan Garmendia Larrañaga Tolosan jaio zan, 1926ko garagarrilaren 12an. Merkataritzako ikasketak egin bazituan be, etnografia eta historia maite zituan. Gaztea zala, bere etxean argizaiolak eta kandelak egiteko tailerra egoan eta bertan egiten zana ikusita, zaletasuna piztu jakon Garmendiari. Orduan hasi zan oharrak idazten: azkorak, lur-emoteak, heriotzearen inguruko ohiturak... dana idazten eban. Material horregaz guztiagaz koadernoak osotu zituan. Behin Jose Miel Barandiarani horretaz berba egin eutson eta Barandiaranek, orduan, argitaratu behar zituala esan eutson.

1966. urtean, Federico Zabalak Tolosako monografia historikoen lehiaketea martxan egoala esan eutson eta lan bat aurkeztu eban. Irabazi egin eban, eta bere lana argitaratu egin eben.

Horren ostean, izena emon eban Unibersidadean. Geografia eta Historia ikasi eban, Deustuko Unibersidadean. 1984an, doktore tesia aurkeztu eban, Euskal Herriko Unibersidadean: Julio Caro Barojak zuzendutako Euskal lexiko etnografikoa lana. Hiztegi Etnografikoa izenagaz emon eban argitara, 2003an, Xabier Mendiguren Bereziartugaz alkarlanean.

2002ko zemendiaren 29an, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izentau eban. Eusko Ikaskuntzako eta Euskal Idazleen Alkarteko ohorezko bazkidea zan. Eta Euskalerriko Adiskideen Alkarteko edota Arantzadi Zientzien Alkarteko kide be bai, besteren artean. Tolosako seme kutuna zan, 1998tik. 

2001. urtean, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria emon eutsien. 2011n, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare saria jaso eban.

Hainbat aldizkari eta egunkaritan argitaratu zituan artikuluak, besteak beste, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Ohitura, Estudios de Etnografía Alavesa, Gipuzkoa, Euskera (Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala), Diario Vasco, Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, Anuario de Eusko Folklore, Revista Internacional de Estudios Vascos, eta abar.

1970eko hamarkadan, Euskal Esku-Langintza-Artesanía Vasca (I, II, III, IV, V) liburua argitaratu eban, euskaraz eta gaztelaniaz. 1973an, El Carnaval Vasco y sus personajes lana kaleratu eban. Ondorengo urteak artisautzearen alderdi desbardinak aztertzen emon zituan: baserria, burdinola, lanabesak, kofradiak, heriotzearen inguruko ohiturak...

Hurrengo hamarkadan, barriz, Arabako inauteriak, euskaldunak eta itsasoa, Bidasoa aldeko artisauak, uda-solstizioaren gaineko errituak, kondairak eta bestelako gaiak jorratu zituan. Eta holan jarraitu eban bere bizitzan zehar. Diziplina eta pazientzia gustuko zituan, eta  herriz herri joatea maite eban, jenteagaz berba egiteko; Lekuko bat hilten danean -esaten eban- entziklopedia oso bat galtzen da.


Argitaratutako lan nagusiak:

Monografía histórica de la villa de Tolosa (1969).
Euskal eskulangintza-Artesanía vasca (6 liburuki, 1972-1980).
Iñauteria-El Carnaval vasco (1973).
De etnografía vasca (cuatro ensayos: El caserío vasco. Ritos fúnebres. Galera del boyero. Las ferrerías) (1976).
Apuntes etnográficos del Valle de Aramaiona. Aperos de labranza-lanabesak (1978).
Gremios, oficios y Cofradías en el País Vasco (1979).
Carnaval en Alava (1982).
Burniarozgintza eta zurlangintza Berastegin (1982).
• Jentilak, sorginak eta beste (1994).
Neguko festak (1998).
Udako festak (2000).
Neguko festak (2000), Javier Juanes argazkilariagaz alkarlanean osotua.
Rituales y plantas en la medicina popular vasca (2001).
Domenjón Gonzalez de Andia (2001).
Conjuros no siempre ortodoxos (2001).
Hiztegi Etnografikoa. Xabier Mendiguren Bereziartugaz alkarlanean.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu