Bittor Kapanagaren lan guztien bildumako 'Euskera erro eta gara' I. liburuaren aurkezpena egin dabe Bilbon

Bizkaie! 2014-11-07 14:44   kulturbiz

Bittor Kapanagaren lana zabaltzen diharduan lantaldeak eta Gerediaga Alkarteak haren lan guztien lehenengo argitalpena, Euskera erro eta gara, egin dabe eta gaur eguerdian, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu dabe lana Juan Martin Elexpuruk, Jose Luis Lizundiak eta Antton Mari Aldekoa-Otalorak.

Bittor Kapanagaren lana zabaltzen diharduan lantaldeak eta Gerediaga Alkarteak haren lan guztien lehenengo argitalpena, Euskera erro eta gara, egin dabe eta gaur eguerdian, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu dabe lana Juan Martin Elexpuruk, Jose Luis Lizundiak eta Antton Mari Aldekoa-Otalorak.

Joandako garagarrilean, Kapanagaren heriotzearen 3. urteurrena bete zanean, bera ezagutu ebenen testigantzak jaso ondoren eta berak sortutako letrakaz kantaldi bat egin ondoren, liburu interesgarri hau etorri da.

Lehenengo honetan euskereari eta euskaldunon mundu ikuskerearen ganeko 5 lan jaso dira, hiru argitaratubakoak. Bigarrenean beste guztia argitaratuko da, datorren urtean, ondo bada.

Liburua dagoeneko salgai dago liburudendetan, eta Durangoko Azokan, Gerediaga Alkartearen eta Badiharduguren erakusmahaietan topau ahal izango da.


Lehenengo liburu honen edukia:

- Euskera erro eta gara (1978). Bere obra nagusia. Berton garatzen ditu Kapanagak bere teoria eta uste nagusiak.
- Testu zahar baten bitxitasunak (1983). Refranes y sentencias liburuko esaera batzuen interpretazinoaz.
- Euskera batua eta euskalkiak (1984, argitarabakoa). Eibarren emoniko berbaldia. Gaur egun be bizi-bizi dagoan gaia.
- Euskaldunen ikuskera (2001, argitarabakoa). Euskaldunen erlijino zaharra, asteko egunak, koloreak, zenbakiak eta beste hainbat gai jorratzen ditu.
- Initza (2004, argitarabakoa). Euskal aditzari buruzko saiakerea.


Bittor Kapanaga

- Barrikuntzaren alde: Bittor oso aurreratuta egon zan bere sasoian eta sektore askotan idea eta ekimen barriak lagundu zituan: Otxandioko lantegi kooperatibo baten sorrerea, etxebizitzen kooperatibea, negutegiak, San Blasetan nekazari barritzaileak saritzeko beharra, zinema-aretoa Otxandion, Durangoko Azokea…

- Euskal mundu ikuskerea: Bittor Kapanaga euskal mundu ikuskerearen alderdi garrantzitsuak landu zituan: aba erroa, erlijino zaharra, hiru zuhaitzen kulturea, bi iberiak, egun eta hilebeteak, mediterraneoko kultura zaharrak, koloreak, zenbakiak, antxinako erlijinoa, etab.

Joxemiel Barandiaranek asko estimatzen eban eta kooperatibagintzan ibili beharrean, euskal kulturan jarduteko animau eban, intuizino handiko gizona zalako. Olentzaroari aparteko garrantzia emoten eutson eta berari buruz liburu batzuk idatzi zituan.

- Euskal kantagintzan: Kapanagak sortutako letra batzuk oso ezagunak egin ziran Gontzal Mendibil, Patxi Villamor, Josu Zabala eta beste kantariren batzuen ahotan: Araban bagare, Nora zoaz nora goaz, Herria maitatzeko

- Euskerearen jatorria: Teoria oso berezia sortu eban gure hizkuntzearen jatorrian, berbak sortzean hiru multzotan bereizten zituela adierazoz: izatasuna (iz), egitea (in) eta getasuna (il). Bizitza hiru erro horreen bidez laburtu eban: iz (izan), in (egitea), il (iltzea). Garapen berbea be euskereari egindako bere ekarpena izan zan.

- Kapanaga ezagutu ebenen testigantzak: Ahotsaken Kapanaga ezagutu ebenen testigantza asko jaso dira, arlo guztietatik: kulturea, euskerea, ekonomia, nekazaritzea, politikea, etab.

Jarraian, Antton Mari Aldekoa-Otalorak hartu dau berbea eta kultur transmisinoari emon deutso garrantzia. Durangaldean, esaterako, aurreko belaunaldiek Arresebeitia edo Astarloaren arrastoen barri baeben be, gaur egun, gitxik dakie nor izan dan Bittor Kapanaga, zer egin eban, ze arrasto itxi euskun hainbat arlotan. Badirudi gaur egun komunikazino tresna eraginkorragoak doguzala baina zenbait kontu garrantzitsu, kasu honetan, euskal kulturako persona adierazgarrietako bat, ez da bape ezaguna.

Juan Martin Elexpuru, liburuaren edizino lanen ardurea hartu dauen personeak lan honen osogaiei buruzko zehetasun guztiak emon ditu: bost lan honeen garrantzia, erabilitako erispideak argitalpen hau egitean, bakotxaren eduki nagusiak, etab.

Aitatutako gauza askoren artean, Bittor Kapanaga definiduteko berak entzundako izendapenak nabarmendu ditu: aztia, orakuloa, txamana… Izan be, arlo askotan aitzindari itzela izan zan, enplegu sorkuntzan, kultur sutapenean zein euskerearen ikerketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu