Bilboko Alondigeak Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza' eleberri grafikoan oinarritutako proiektua jasoko dau

Bizkaie! 2014-10-22 14:38   kulturbiz

Fermin Muguruzak Black is Beltza aurkeztuko dau Bilboko Alondigean 2014ko zemendiaren 13tik 2015eko zezeilaren 8ra bitartean. Harkaitz Cano idazleagaz eta Jorge Alderete ilustratzaileagaz batera sortutako eleberri grafikoaren inguruan egindako proiektu hau erakusketa bategaz eta jarduera paraleloen egitarau bategaz osotzen da.

Fermin Muguruzak Black is Beltza aurkeztuko dau Bilboko Alondigean 2014ko zemendiaren 13tik 2015eko zezeilaren 8ra bitartean. Harkaitz Cano idazleagaz eta Jorge Alderete ilustratzaileagaz batera sortutako eleberri grafikoaren inguruan egindako proiektu hau erakusketa bategaz eta jarduera paraleloen egitarau bategaz osotzen da. Proiektu honek 1965eko New Yorkeko Erakusketa Unibersalean Iruñeako erraldoiek izan eben presentzia dau abiapuntu. Black is Beltzak musikea, maitasuna eta iraultzea nahasten dituan akzino eta espioitza istorioa eregiten dau.

Proiektuaren parte dan erakusketan istorio hau eregiteko erabilitako materiala eta bere irudi adierazgarrienak ikusiko dira. Proiektua ikusgai egongo dan hileetan, espazioak komikia, musikea, zinemea, literaturea edo gastronomiaren inguruan jarduera desbardinak izango ditu.

Proiektu hau aurrera eroateko motibazinoa, egileak, prentsan, hurrekoa bezain arrotza subertau jakon gatazka paradoxiko bat barruratutakoan irudi bat topetan dauenean sortuko da: New Yorken, 1965ean ateratako argazki bat hain zuzen be. Argazkian, Iruñeako erraldoien konparsea agertzen da, San Fermin jaien ohiko irudia, New Yorkeko 5. Etorbidetik desfiletan. Arrazagaitiko istiluakaitik, erraldoi baltzen parte-hartzea galarazo zala aitatzen zan honen argazki-oinean. Hori irakurtean istorioa hemen egoala jakin neban.

Jazoera historiko hau abiapuntutzat hartuta, Muguruzak Manex Unanueren kontakizuna eregiko dau, gure istorioaren figura nagusia. Gazte ipar-euskaldun honen begiradatik hirurogeigarren hamarkadearen erdialde aztoratua markauko zituen jazoeretako asko kontauko dira: Malcom X hil ondorengo arrazagaitiko gorabeherak; dagoeneko mitikotzat dogun The Factorya inguratzen eben personaien eszentrikotasunak; kubatar División de Inteligencia zerbitzu sekretuen eta AEBetako Black Panthersen arteko aliantzak; garaiko musika jaialdietan psikodelia proto-hippieak izan eban eragina; Gerra Hotzaren garaian alderdi desbardinetako espioitzen interes jokoak; Cheren espiritua Congon, Argelian eta honen heriotzea Bolivian; eta amaitzeko, gure backyarda: zaharkitutako Frankoren diktadura grisa.

Kontuak kontu, Manexena, errealidadea eta fikzinoa buztartzen dituan intrigazko istorioa da, maitasunaz, erreboluzinoaz eta espioitzaz berba egiten dauena. Beti be, era grafikoan azaleratu eta garaian kokatzen gaituan soinu bandaz lagundua.

Zemendiaren 13tik aurrera Bilboko Alondigan ikusi ahal izango dan erakusketea ikusleak Manexeren abentureagaz batera bidaia egin deien konbidapena da protagonistea orain dala 50 urte egon zan herri desbardinetako lekuak ezagutzeko. Erakusketeak, zuzenean edo zeharka, proiektuaren fase desbardinak elikatu dituan materiala batzen dau, egileari narrazinoa egituratzen lagundu deutsien prentsa artikuluak eta nobela ilustratuaren jatorrizko marrazkiak. Baita garaiko egoera soziopolitiko eta kulturala islatzen daben ikus-entzunezko materialak be.

Proiektua bere osotasunean zehazten lagunduko daben hainbat jarduera egongo dira, horreen artean Muguruzak berak gidatutako musika berbaldiak, artista desbardinen Master Classak, sukaldaritza saioak eta bestelakoak.

Proiektu honek nerabeei zuzendutako jarduera didaktikoa dauk, baita eskoleentzako eta alkarteentzako bisita programea be.


Biografiak

Fermin Muguruza

Musika esparruan egin dauen ibilbide zabalagaitik dogu batez be ezaguna, Fermin Muguruza; Kortatu 80. hamarkadan, Negu Gorriak 90.ean eta bakarlari moduan, ordutik. Horrezaz gan, azken 8 urteetan ikus-entzunezko alorrean egin dauen bide aberatsagaitik be nabarmendu izan da. Bass-que Culture, Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina, Zuloak eta No More Tour film luzeez gan, musika arabiarrari buruzko 11 dokumentalek osotzen daben seriea Next Music Station zuzendu eban Al Jazeera katearentzat. Gaur egun, musika dokumentalen sailean, Mexikoko DOCSDF eta Cine Migrante de Argentinako programatzailea da.


Harkaitz Cano

Harkaitz Cano gaurko euskerazko literaturearen eredu nagusienetakoa da. Ia genero guztiak landu ditu: ipuina, nobelea, poesía eta saiakerea. Bere argitalpenik barrienak Twist eleberria (2013), Circo de Invierno kontaketa-bildumea (2013) eta Compro Oro poema-liburua (2011) dira. Musikari eta artista plastiko askogaz egiten dauen alkarlanagaitik be ezaguna da. Komiki gidoilari lez, bi lan argitaratu ditu Iñaki G. Holgado marrazkilariagaz batera.


Jorge Alderete

Jorge Alderete, Argentinako Patagonian jaiotako diseinatzaile eta ilustratzailea da, egun Mexikon bizi dana. Nazinoarteko hainbat antologiatan batu dira haren lanak. Rock munduagaz dituan hartu-emon estuen lekuko dira hainbat herrialdetako taldeentzat egindako 100 disko azal, kartel eta diseinuak: Lost Acapulco, Sonido Gallo Negro eta Twin Tones Mexikon; Los Fabulosos Cadillacs eta Andres Calamaro Argentinan, eta Los Straitjackets AEBetan, beste askoren artean. Isotonic Records diskoetxearen jaube eta sortzaileetako bat da, bai eta Vertigo Galeriarena be. Bereak dira Yo soy un Don Nadie (2008), Sonorama (2012) eta Otro Yo (2012) liburuak. 
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu