'Iparra Galdu Gabe' jardunaldiak Getxon

Bizkaie! 2014-10-21 14:32   kulturbiz

Ipar Euskal Herriaren errealidadea Getxora hurreratzea da, Euskal Kultur Erakundeagaz lankidetzan eta udalerriko euskalgintzeagaz batera, bi urtean behin Getxoko Udalak antolatzen dituan Iparra Galdu Gabe Jardunaldien helburua. Aurten VI. edizinoa izango da, urriaren 23tik zemendiaren 4ra bitartean.

Ipar Euskal Herriaren errealidadea Getxora hurreratzea da, Euskal Kultur Erakundeagaz lankidetzan eta udalerriko euskalgintzeagaz batera, bi urtean behin Getxoko Udalak antolatzen dituan Iparra Galdu Gabe Jardunaldien helburua. Aurten VI. edizinoa izango da, urriaren 23tik zemendiaren 4ra bitartean, Itxaro Borda idazlearen eta Eneko Bidegain irakaslearen barriketaldiakaz. Egitaraua osotzeko Odei Barroso eta Xabi Paya bertsolariak eta gastrokontzertu ba izango dira.

Gauza asko konpartiduten doguz baina oraindino be gauza asko dago ezagutzeko. Euskereak eta euskal kultureak lotzen gaitu baina oraindino Iparraldea urrun dogu, egoerak desbardinak diralako. Beraz, jardunaldiak mesedegarriak dira danontzat. Ahal dan neurrian informazinoa zabaldu behar dogu, batez be belaunaldi barrien artean, nabarmendu dau Koldo Iturbek, Euskera zinegotziak. Urte askotako hartu-emon eta lanaren ondorioz, hurrengo egunotan izango diran ekitaldiakaz batera, aurten jarduera gehiago izan dira, esate baterako, Folk Jaialdian zein Getxophoton edo Donibane Lohitzuneko ordezkariakaz hartu-emonak.  Horrezaz gan, programea antolatzeko, beti lez, udalerriko euskalgintzeagaz batera eroan dogu aurrera, horreen artean EGIZUgaz, UK aldizkariagaz eta ALBEgaz,  zehaztu dau Euskera ziengotziak.

Antzeko adierazpenak egin ditu Pantxoa Etchegoinek, EKE, Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, oso garrantzitsuak dira aspalditik dagozan hartu-emonak, konfiantza egotea eta lankidetzea kultur arloan ez eze beste esparru batzuetara zabaltzea be, esate baterako, turismora, gastronomiara edo eskoletara. Lortu behar dogu jardunaldien programazinotik kanpo Iparraldeko artistek hemengo ekitaldietan urte osoan zehar be parte hartzea. Hori guztia lortzen gagoz urte askotako hartu-emonak dagozalako eta muga fisikoak ez, baina muga psikologikoak beti hor doguz eta horreek gainditzeko sinpleena da gauzak egitea


Egitaraua

- Urriaren 23an, eguenean, 19:00etan, Itxaro Borda idazleak Boga Boga liburuaz berba egingo dau Aldai Patronatoan, Algortan. Lapurdiko kostaldean kokatutako eleberrian, Ipar Euskal Herriak azken 30 urteotan izandako aldaketak deskribiduten ditu idazleak.
 
- Urriaren 28an, martitzenean, 19:30ean, Eneko Bidegain idazleak eta Mondragoneko Unibersidadeko irakasleak Munduko lehen gerla handiak Euskal Herrian ukan zuen eragina berbaldia eskainiko dau Getxoko Elkartegian, Areetan.

- Urriaren 30ean, eguenean,  19:30ean, Odei Barroso eta Xabi Paya bertsolaria Iparra eta Hegoa ardatz hartuta berbetan eta bertsotan ibiliko dira, Fadurako kafetegian. Biek, Ipar-Hegoaren egoerea, hartu-emonak, distantziak, euskerearen osasuna, erronkak eta zubiak izango ditue berbagai.

- Zemendiaren 4an, martitzenean, 20:00etan, Gastrokontzertu bat izango da The Piper´s Irish pubean, Algortako Basagoiti 47 zenbakian. Bertan Philippe de Ezcurra (akordeoia), Kattalin Indaburu (ahotsa) eta David Arriola (saxofoia) musikariakaz, ohiko eta gaurko euskal kantuak entzun eta Iparraldeko jateko bereziak probau ahal izango dira.

Lau ekitaldiak euskaraz eta dobakoak izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu