Bilboko Udal Liburutegi Sareak 50 jarduera baino gehiago programau ditu urteko azken hiruhilekorako

Bizkaie! 2014-09-30 18:20   jardunaldiak

Egitaraua eguazten honetan, urriaren 1ean, abiatuko da, bi erakusketagaz: urriaren 18ra arte Begoñako Liburutegian ikusi ahal izango dan Axe Brasil: ia kontinente bat den baloiaren atzean ezkutaturik, eta abenduaren 31ra arte Bidebarrietako Liburutegian egongo dan eta idazle bilbotarraren lan poetikoa batzen dauen Unamuno poeta unibersala erakusketea.

Bilboko Udal Liburutegi Sareak familia osoari zuzendutako jarduera programa aberatsa diseinau dau. Eskaintza horretan 50 proposamen baino gehiago jasoten dira, tailerrak, berbaldiak, erakusketak zein ipuin kontalari saioak, irakurketara bultzatzeko, literatureagaz lotutako esperientziak konpartiduteko eta, oro har, liburutegien alderdi ludikoenaz gozetako.

Egitaraua eguazten honetan abiatuko da, bi erakusketagaz: urriaren 18ra arte Begoñako Liburutegian ikusi ahal izango dan Axe Brasil: ia kontinente bat den baloiaren atzean ezkutaturik, eta abenduaren 31ra arte Bidebarrietako Liburutegian ikusgai egongo dan eta idazle bilbotarraren lan poetikoa batzen dauen Unamuno poeta unibersala erakusketea.

Bilboko Udal Liburutegi Sareak sendo jarraitzen dau batez be umeei eta gazteei zuzendutako jarduerak antolatzen; esangura horretan, ipuin kontalari eta txotxongilo ikuskizunak programau ditu euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta baita mueta guztietako tailerrak be, komikiak, ogia edo Halloween eta Gabonetako jaietarako apaingarriak egiten ikasteko.

Horrezaz gan, zabalik dago Kultura eta Hezkuntza Sailak, 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta antolatu dauen euskerazko Parrapean I. Komiki Lehiaketarako izen emote epea. Lanak urriaren 15etik zemendiaren 15era bitartean bialdu ahal izango dira Begoñako Liburutegira. Interesauta dagozan personek bertan konsultau leikiez lehiaketearen oinarri osoak. Oinarri horreek webgunean be konsultau daitekez.


Ikus-entzule helduak

Helduei zuzendutako jarduerei jagokenez, abenduaren 31ra arte Bidebarrietako Liburutegian zabalik egongo dan Unamuno: poeta unibersala erakusketea da hitzordu interesgarrienetakoa, Miguel de Unamuno idazle eta filosofo bilbotarra jaio zanetik 150 urte beteten diran urte honetan. Programazinoaren barruan azpimarragarria da, baita be, Abusu auzoaren historia erakutsiko dauen argazkien proiekzinoa, abenduaren 2tik aurrera, Ibaialdeko Liburutegian; zine-forum saioak ahaztu barik.

Eta literaturearen inguruko esperientziak konpartiduteko interesa daben personei jagokenez, Udal Liburutegi Sareak bi tailer programau ditu. Bat idazketeari buruzkoa Bost zentzumenakaz idatzi, zemendiaren 12an, San Inazioko liburutegian. Bidebarrietako Liburutegian, barriz, euskerazko literatur tailerraren edizino barria antolatu da, zemendiaren 13an hasi eta, hileroko aldizkakotasunagaz, bagilaren 11ra bitartean (beharrezkoa izango da hilebete lehenago izena emotea).

Ohikoa danez, zenbait gairi buruzko hainbat berbaldi be izango dira, horreen artean, Liburutegien Eguna dala eta, datorren urriaren 24an, Bidebarrietako Liburutegian egingo dan Miren Agur Meabe eta Arantza Urretabizkaiaren liburutegiak izenekoa. Jarduera guztiak dobakoak dirala azpimarratu behar da.

Bilboko liburutegi sarea 16 liburutegik osotzen dabe, eta bertan, hainbat euskarritan (liburuak, aldizkariak, bideoak, CD-ROM-ak, DVD-ak) dagozan 400.000 ale baino gehiagoz osotutako bildumea dago herritar guztien esku, gaikako alor guztiak batuz eta etenbarik eguneratuz. Era berean, zentro horreek Interneterako konekzinoak eta wi-fi guneak ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu