Javi Renobales aktore zornotzarrak emongo deutso hasierea Zornotza Aretoaren eszena-programazinoari
2014-09-29 18:24 jardunaldiakUrriaren 3an emongo deutso hasierea Zornotza Aretoak udagoieneko eszena-eskaintzeari, Marie de Jongh konpainiak familientzat produzidutako Kibubu antzezlanagaz. FETENen 2014ko aktore onenaren saria irabazi dauen Javi Renobales antzezle zornotzarra da lan honen protagonistetako bat.
Urriaren 3an emongo deutso hasierea Zornotza Aretoak udagoieneko eszena-eskaintzeari, Marie de Jongh konpainiak familientzat produzidutako Kibubu antzezlanagaz. FETENen 2014ko aktore onenaren saria irabazi dauen Javi Renobales antzezle zornotzarra da lan honen protagonistetako bat. Errespetuari eta askatasunari buruzko ikuskizuna da. Arrakastarik barik, ilusinoak bultzatutako pailazo bikotea dira Xebas eta Cocó. Atontzen dagozan hurrengo ikuskizunerako, aldabea jotera eroango dituan elementua sartzea erabagi dau Xebasek: benetako gorila, hazur eta haragizkoa.
Hori ez da, barriz, zornotzarrek familian disfrutetako hemendik eta urte amaierara bitartean programau dan ikuskizun bakarra. Ametx erakunde autonomoak beste lau proposamen eskainiko ditu: Amama Anaren bidaia, La Papa Teatrorena, abenduaren 13an, arratsaldeko 18:00etan. Belaunaldien arteko hartu-emonak (aitita-amamen eta iloben artekoak), sustatzeko espazio bilakatu nahi dabe antzerkia La Papa konpainiakoek proposamen honen bidez.
Hiru txerritxoak, Glu Glu taldearen lana, abenduaren 30ean, bi saiotan eskainiko dabe (17:00etan eta 19:00etan). Hiru txerritxoak ipuin klasikoa da Glu-Gluren produkzino honen abiagunea. Komedia, jolasa, musikea eta jantzak tarteko, urietan bizimodu jasangarria eta dibertigarria gauza daitekeela erakutsiko deuskue hiru txerrikumeek.
Ka dira, Elirale konpainiarena, zemendiaren 15ean, 18:00etan. Jantza garaikidea dago oinarrian, umeei zuzenduta. Jantzari bi agertzen dira taula gainean. Claude Boujon idazlearen Aulki urdina umeentzako lana dau oinarri.
Astebete geroago, zemendiaren 21ean, Bizkaiko zenbait herritan garatuko dan umeentzako jantza eta antzerki jaialdiari atxikita, Dansmakers konpainia holandarrak zur eta lur itxiko gaitu Kleur izeneko ikuskizunagaz. B urtetik gorako umeentzako ikuskizun hau Zelaietan antzeztuko da, eta 2 saio izango dira, 17:00etan bata eta 19:00etan bestea. Leku-kopurua mugatua da.
Ohikoa danez, mueta guztietako ikusleei zuzenduta dagozan proposamenak be eskainiko ditu Zornotza Aretoak. Txileko La llave maestra konpainiak lan berezia, bitxia, ekarriko dau urriaren 10ean: Delirios de papel; antzerki bizia, alaia eta zuzena egiten dabe, antzezlanetan objektuak, maskarak eta arte bisualak buztartuta.
Era berean, urriaren 24an, kabaret ikuskizuna izango dabe zornotzarrek gozagarri. Cabaret Chihuahua musikal kritikoa, ironikoa, euskal-mexikarra eta zonbi samarra, krisialdirako egokia. Gainbegiratua azken hamarkadan gizartean atzemoten dan aldarteari. Barre egingo deutsagu geure eboluzinoari, salto eginez konsumismo alai eta ardurarik bakotik krisialdi ekonomikoak eragindako amorrazinora.
Not never on time, Khea Ziater taldearena, zemendiaren 7rako dago programauta. Bertan protagonista: Isbelle 40 urteko emakumea. Galera garrantzitsua izan dau bizitzan. Ordutik, aurrera jarraitzeko moduaren bila saiatu bada be, hainbatetan eta hainbat eratan saiatu da bere buruaz beste egiten.
Abenduaren 12an, barriz, Madrilgo Mirage Teatro konpainiak Saharaz hegoaldeko 14 etorkinekaz eszenaratu dauen ikuskizun dokumental dibertigarria izango da aretoaren proposamena. Quijotadas antzezlanak paralelismo egokia ezarri dau Alonso Quijanoren zaldun-fantasien eta horreek bezain kimerikoak diran eta Afrikako seme-alaba asko El Doradotzat daukiezan lurretara abiatzera bultzatzen daben sinisteen artean.
Musikeak be bere tokia izango dau programazino honetan. Zemendiaren 13an, Zelaieta zentroko kontzertu gelan, Gabacho Connection jazz boskotea Essaouira uriko musikari marokoarragaz batera agertuko da.
Beste alde batetik, Beñat Egiartek zemendiaren 28an Zornotza Aretoan aurkeztuko dauen proposamena erabat desbardina izango da. Osasun arazoakaitik bertan behera itxi behar izan eban apirilaren 4rako programautako kontzertua. Urteen joan-etorrian nahikoa ahaztuta geratu diran euskal konpositoreen lanakaz batera, operetako eta zartzueletako aria ospetsuak eskainiko deuskuz tenore zornotzarrak.
Azkenik, abenduaren 10ean, dagoeneko tradizio bilakatu dan Gabonetako Kontzertua etorriko da Zubiaur Musika Eskolearen eskutik.
Zinekluba
Zinekluba zikloari jagokenez, urrian, Gazte gara gazte zikloaren txandea izango da. Frances Ha, Ida eta Boyhood filmak izango dira ikusgai. Zemendian, barriz, Pare bat akorde, Alabama Monroe, Begin again eta Jersey boys filmen proiekzinoak eta, urteari amaierea emoteko, abenduan ¿Pasas tiempo con tu familia? zikloa izango da protagonista, Non Le passe, Omar eta Hermosa juventud pelikulakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!