'Goazen gudari danok…' liburua aurkeztu dabe
2014-09-16 11:26 kulturbizSan Migeleko burrukea gai hartuta, Patxi Juaristi soziologoa, Aitor Esteban, Francisco Etxeberria auzitegi-medikua eta Josu Chueca eta Iñaki Goiogana historialariak dira dibulgazino historikoko liburua idatzi dabenak. Liburuak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak idatzitako hitzaurreaz gan, bost kapitulu ditu, egile bakotxak bana eginda.
San Migeleko burrukea gai hartuta, Patxi Juaristi soziologoa, Aitor Esteban, Francisco Etxeberria auzitegi-medikua eta Josu Chueca eta Iñaki Goiogana historialariak dira dibulgazino historikoko liburua idatzi dabenak. Liburuak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak idatzitako hitzaurreaz gan, bost kapitulu ditu, egile bakotxak bana eginda. Lehenengoan Iñaki Goioganak gerrea Gipuzkoan zelan izan zan idatzi du: hasietarik eta 1936ko irailaren azkenetara arte. Patxi Juaristik, bere aldetik, 1936ko irailaren 21a eta urriaren 6a bitartean Zirardamendin eta inguruetako jazoerak dakarz. Hirugarrenean, Aitor Estebanek, Zirardamendin hutsitutako hobi batean identifikautako gudarietako baten senideak, azterlan historiko bat egin dau, matxinoak Bizkairantz egiten egozan aurreratze ordura arte geraezina geldiarazoteko burrukan egin eban unitatearen ganekoa (Arana Goiri batailoiko Garaizabal konpainia). Laugarren kapituluan Josu Chueca historialariak frontea egonkortzea ahalbidetu ebana, lehenengo Eusko Jaurlaritzea eratzea eta Agirre lehendakariaren gobernuak garatutako zeregina aztertzen ditu. Azkenik, Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak Zirardamendin Aranzadi alkarteak egindako hobi-hutsitze lanen ganean idatzi dau.
Goazen gudari danok… ekimena Elgoibarko Udalak bultzatu dau, Bizkaiko udal batzuen laguntzinoagaz eta zenbait erakundegaz alkarlanean, besteak beste: Aranzadi alkartea, Sabino Arana Fundazinoa eta Santxo de Beurko alkartea, eta helburua da gorazarre egitea, bere ondorioakaitik Gerra Zibilean euskal lurraldean izandako gudurik garrantzitsuenetako batean parte hartu eben gudari eta miliziano hareei. Zirardamendi-Aiastia (San Migel)-Elgoibar fronteaz gabilz. Jazoera beliko haretan euskal gazte zenbaitek matxinoen aurrerakuntza gerarazotea lortu eben; gazte hareetako gehienek lehenago gerra-armen ganean eben ezagutza guztia soldadutza sasoiko zan, eta hori, ha egina ebenen kasuan. Matxinoak deskantsu barik egozan aurrera egiten eta, aurre egin ezkero, dana hankaz gora jarriko ebela mehatxu eginez. Kontuak kontu, erresistentzia horrek balio izan eban faxisten aurrerakuntzea gerarazoteko eta denporea irabazteko, gero, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirrek bere kargua zin egin ahal izateko, lehenengo Euzkadiko Jaurlaritzea eratzeko eta holan euskal autonomia abiarozteko.
Armada bat antolatu zan, antolatu ziran, baita be, laguntza-sare bat, milaka eta milaka errefuxiatu (umeak batez be) babestu zituana, unibersidade bat, euskerazko egunkari bat, hezkuntza-sare bat, etab. Lehenengo Eusko Jaurlaritzeak hori guztia eregi eban 1936ko urria eta 1937ko bagila bitartean. Hori ezinezkoa izango zan, baldin eta Agirrek bere kargua zin egiterik izan ez baleu. Horrenbestez, bada, ez da faltsua ez gehiegikeria esatea ze Agirreren zereginari eutsi eustien zutabeetako bat Zirardamendin burrukan egin eben gudariek bermatu ebela, euretako batzuk bizia be galduz, 36ko gerran Euskadiko kaleetan eta mendietan burrukan ziran beste guztiakaz batera, hain zuzen be.
Denpora gitxiren barruan jazoera garrantzitsuak izan ziran Euskadin. EHUko aitatu irakasleek (Juaristi, Chueca eta Etxeberria) Sabino Arana Fundazinoaren kolaboratzaileek (Goiogana eta Esteban) alkar hartuta egin daben lanaren asmoa da, orduan jazotakoa gogoratzea, gogora ekartea eta memoria historikoa egitea, izan be, hile hareek erabagiorrak izan ziran gure nazinoaren norabidea aldatu eben.
Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan María Atutxak esan eban legez, gogoratzea da barriro bihotzera itzultzea, eta horixe da liburuaren azken helburua: euren lurra defendidutera beharturik egon ziran euskaldun hareen belaunaldiaren egitadea eta eskaintzea gomutatik bihotzera eta bihotzetik gogoetara eroatea.
Liburuaren aurkezpena, egitarau zabal baten atala
Lanaren aurkezpenagaz batera zenbait ekitaldi antolatu dira jazoera historiko garrantzitsu haregaz zerikusia dabenak; lehenengo ekitaldia garagarrilaren 13an egin zan eta gudari hareen hogeita hamar bat senitartekok gudariek 1936ko irailaren 24an egin eben ibilbidea berregin eben: Patronatutik, Bilboko Zazpikaleak auzotik, urten eta Aiastiako (San Migel) fronterantz: Atxuri — Durango — Eibar — Ermua — Mallabia — Trabakua — Markina — Urkaregi - Aiastia (San Migel). Leku horrexetan, Elgoibar 1936 alkartearen ekimenez eta Eusko Jaurlaritzeak bultzatuta, 2012an Aranzadi Zientzia Alkarteak, aurrez aurreko haretan hildako gudariak lurperatuak izan ziran hobi komun bat hutsitu eban.
- Irailaren 4an, Elgoibarko Kultur Etxean erakusketa bat inaugurau zan, eta hil honen 21era arte egongo da jentearentzat zabalik. Erakusketan ikusi ahalko dira Euskadiko 1936ko gerreari buruzko zenbait azalpen-kartel, sasoi haretako objektuak, jantziak, argazkiak, etab.
- Datorren eguenean, irailaren 18an, aitatu gipuzkoar herriko Herri Antzokian, Goazen gudari danok… dokumentala estreinauko da; Azpeitian eta Elgoibarren filmau da eta fikzinoa eta birsortze historikoa alkartzen ditu, zenbait aditugaz eta burruka haretako lekuko zenbaiten testigantzakaz batera.
- Azkenik, irailaren 21ean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, gorazarrea egingo jake gudariei honako ekitaldi honeekaz: lore-eskaintza gudarien hobien aurrean; Ertzaintzaren musika-bandearen emonaldia, eta Gernikako Arbolaren kimu bat landatzea, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!