Euskal Hedabideen Behategia berbagai UEUko 42. Udako Ikastaroetan
2014-07-02 14:54 jardunaldiakEuskal komunikazino-eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila. Euskal Hedabideen Behategirantz jardunaldiaren barruan, Euskal Hedabideen Behategiaz berba egin dabe Alberto Barandiaranek eta Alaitz Artolazabalek UEUko ikastaroetan.
Euskal komunikazino-eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila. Euskal Hedabideen Behategirantz jardunaldiaren barruan, Euskal Hedabideen Behategiaz berba egin dabe Alberto Barandiaranek eta Alaitz Artolazabalek UEUko ikastaroetan. Egitasmo barri horren nondik norakoak azaldu ditue.
Kazetaritzearen munduan, eta oro har, hedabideen munduan eta komunikazinoan bizi doguzan aldaketa etenbako eta basati honeek atzemon eta interpretetan jakiteko jaio da Behatokiaren egitasmoa. Holan azaldu dabe behintzat Alberto Barandiaranek eta Alaitz Artolazabalek: Ezinbestekoa begitantzen jaku erakunde bat izatea datozen aldaketa horreek guztiak interpretau eta bidea topetako. Era berean, azaldu dabe behatokia tresna garrantzitsua dala lanean dabilzan beste agenteakaz ikuspegi barri bat emoteko: Errealidadea islatu behar dogu eta behatokia tresna egokia da hori lortzeko. Behatokiaren bitartez, berme bat nahi ebela azaldu dau Alaitz Artolazabalek.
Barandiaranek egitasmoaren sorrereagaz edegi dau azalpena. HEKIMEN sortu zanean, gogoeta bat egiteko garaia heldu zala dino eta euskal komunikabideen ardatzak zeintzuk izan eitekezan zehaztu behar zala. Barandiaranen esanetan, Euskal Hedabideen Behategiaren oinarrian, hainbat giltzarri hartu zituen kontuan. Horreen artean, aitatzekoak dira informazino eta kazetaritzearen eraldaketea; teknologia barriak, globalizazinoa eta espezializazinoa; hedabideen kalidadea eta independentzia; eta azkenik, hizkuntzearen garapen eta normalizazinorako hedabideek daukien zeregina. Behategiagaz bide batzuk proponidu nahi doguz, aurrera begira lagunduko deuskuenak.
Behategiak hartu-emonak sortarazo dituala azaldu dau, hiru hankakoa, hain zuzen. Egitasmo horretan, hedabideak, unibersidadeak eta administrazinoa alkarlanean baitagoz. Bide horri jarraituz, unibersidadeen zeregina azpimarratu nahi izan dau: Hartu-emonak estutzeko ez da helburu makala. Batzuetan esan da unibersidadeen arteko hartu-emonak ez dirla oso estuak, baina orain egitasmo honen bidez, hartu-emonak sortu doguz horreekaz. Administrazinoak jokatzen dauen zeregina be aztertu dau: Administrazinoagaz hartu-emonetan egoteko leku bat ibegitantzen jaku behatokia, hau da, eurekaz adostasunak edo pausuak emoteko lekua. Halan da be, administrazinoaren parte-hartzea oraindino ez dabe argi: Ez dakigu zer puntutaraino nahi dogun, zalantzak sartzen dituan gaia da.
Barandiaranek azaldu dauenez, proiektuak hiru arlo nagusi ditu: ikerketak, merkatu azterketak eta prospektibea. Lehenengo ideiari jagokonez, ikerketak egin nahi dituela esan dau, joerak zeintzuk diran jakiteko. Horrezaz gan, zer ikertu daitekeen eta zer ikertu dan jakin nahi dabe. Horregaz batera, ikerketak sustatzea eta ikerketa lerro barriak planteetea izango dabe helburu: eta ikerketen emoitzak hedabideei transmitiduten asmau behar dogu. Oinarri honen barruan, bi muetatako ikerketak gauzatuko ditue: oinarrizkoak eta aplikatuak. Ekimenak nahi dau errealidadera hurreratzea eta hori da modua. Merkatu azterketei jarraituz, aitatu dau merkatua zein dan ondo zehaztu behar dabela. Horretarako, azterketa kualitatiboak eta kuantitatiboak egingo ditue: Ez doguz datuak edo audientziak bakarrik batu nahi, konsumo azterketak eta azterketa soziologikoak be egin nahi doguz. Azkenik, prospektibea nabarmendu dau: Aurrera begira, norantz joan behar dogun, zein izan daitekezan bideak ezagutzeko eta zein ikerketa lerro posibleak dagozan jakiteko ezinbesteko lerroa dogu prospektibea.
Hirugarren behategia
Euskal behategien inguruan, aurretik bi proiektu izan dirala adierazo dau Barandiaranek. Bata, Euskal Herriko Unibersidadeak sortu eta bultzatu ebana, baina ez eban aurrera egin. Bost bat urtera, 2011 inguruan, beste proiektu bat sortu zan, administrazinoak bultzatuta, baina azken hau be bertan behera itxi eben. Barandiaranek dinoanez, hauxe da hirugarren ahalegina: Hedabideok bultzatzen gagozan hirugarren hau, unibersidadeakaz eskuz esku. Espero daigun honek aurrera egitea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!