Iurretako Udalak 'Euskara betibizi' egitasmoa jarri dau martxan

Bizkaie! 2014-06-12 12:15   Euskerea berbagai

Herriko merkatarien eta ostalarien % 60 euskeraz jarduteko kapaz badira be alkarrizketen % 44 baino ez dira izaten euskeraz edo ele bietan. Idatzizko elementuei jagokenez (errotuluak, kartelak, oharrak, fakturak...), euskerearen erabilerea txikiagoa da, % 29.

Iurretako Udalak udalerriko merkataritzan eta ostalaritzan euskereak dauen erabilerearen inguruko diagnostikoa landu barri dau Elhuyar Aholkularitzearen laguntzinoagaz. Diagnostikoak erakutsi dauenez, herriko merkatarien eta ostalarien % 60 euskeraz jarduteko kapaz badira be alkarrizketen % 44 baino ez dira izaten euskeraz edo ele bietan. Idatzizko elementuei jagokenez (errotuluak, kartelak, oharrak, fakturak...), euskerearen erabilerea txikiagoa da, % 29. Emoitza horreek ikusirik, Iurretako Udalak Euskara betibizi egitasmoa jarriko dau martxan, herrian euskerearen erabilerea sustatzeko helburuagaz.

Euskara betibizi Iurretako establezimenduentzako kalidade-ziurtagiria izango da, euskerearen erabilereari lotutakoa. Egitasmoaren leloak eta irudiak Iurretako ikur dan betibizi loreari (Sempervivum) egiten deutso erreferentzia.

Ziurtagiria lortzeko, euskerearen aldeko konpromiso txiki edo handi bat hartu beharko dabe herriko merkatariek eta ostalariek: lehenengo berbea euskeraz egitea, kartelak ele bietan idaztea, menuak euskeratzea…

Bi mailatako ziurtagiriak banatuko ditu Udalak: lehenengo mailako ziurtagiria zerbitzua euskeraz eskaini leikien establezimenduek lortuko dabe; bigarren mailako ziurtagiria, barriz, euskerearen aldeko konpromisoren bat hartzeko prest dagozan establezimenduei emongo jake. Udalak kalidade-ziurtagiriaren pegatinak banatuko deutsez ezarritako erispideak beteten dituen establezimenduei, erakusleihoetan ipini deiezan.

Bestalde, Udalak laguntzinoa eskainiko deutse egitasmoagaz bat egiten daben establezimenduei, euskerearen alde pausuak emoteko bidean. Elhuyar Aholkularitzearen laguntzaz, besteak beste, dobako aholkularitza eta itzulpengintza zerbitzua izango ditue euren esku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu