Laneki, Lanbide Heziketan euskerea sustatzeko alkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe
2014-06-06 15:48 kulturbizLaneki Lanbide Heziketan euskerea sustatzeko irabazi asmorik bako alkartea da. Hetel eta Ikaslan alkarteek sortua, 2001. urtean, ondokoak dira bere helburuak: Lanbide Heziketarako materialak sortzea, euskeratzea eta erabiltzaileen eskura askotariko euskarrietan jartea, bai eta hiztegi tekniko bat sortzea be.
Gaur, bagilak 6, Laneki alkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Bilbon, Akademiaren egoitzan. Rikardo Lamadrid Lanekiko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dabe. Hitzarmen horren ondorioz, bi erakundeak alkarlanean ibiliko dira euskerearen normalizazinorako eta euskal kulturearen zabalpenerako proponiduten diran egitasmoetan. Julen Elgeta Lanekiko diruzaina, Kepa Altube kudeatzailea, Maite Arozena koodinatailea, eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria be sinatze ekitaldian izan dira.
Laneki Lanbide Heziketan euskerea sustatzeko irabazi asmorik bako alkartea da. Hetel eta Ikaslan alkarteek sortua, 2001. urtean, ondokoak dira bere helburuak: Lanbide Heziketarako materialak sortzea, euskeratzea eta erabiltzaileen eskura askotariko euskarrietan jartea, bai eta hiztegi tekniko bat sortzea be. Alkarteak 34.000 ikasle eta Lanbide Heziketako 79 ikastetxe publiko eta hitzarmendun batzen ditu, eta gaur egun D ereduan ikasten daben 8.000 bat ikasleri eta 3.000 bat irakasleri eragiten deutse.
Holan, euskerazko materiala publikoaren eskura jarten dau, www.jakinbai.eu webgunean. Bertan, 634 material euskeratuta dagoz eskura, eta material barria be laster jarriko da, alkarteak sortzen dauen neurrian. Horrek guztiak sortzen dauen corpusa www.jakinbai.eu/hiztegia atalaren glosarioan dago garatuta. Glosario horretan 8.894 kontzeptu, 18.041 termino eta 191.230 testu jasoten dira.
Hainbat erakundek laguntzinoa emoten deutsie Lanekiri bere zereginetan. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Buruntzaldeako eta Debagoieneko Mankomunidadeak edota Iralek.
Kontuak kontu, Euskaltzaindiaren eta Lanekiren arteko hitzarmena sinatzea benetan pozgarria dala adierazo dabe erakunde biotako presidenteek. Andres Urrutiak hauxe azpimarratu dau: Lanekik egunerokotasunean sortzen dituan lanabes eta materialak, guztion erabilgarri bihurtzen dira hitzarmenaren bitartez. Izan be, Akademiaren corpusak aberastuko dituan materiala da, eta, euskaltzainburuaren esanetan, corpus horreen bitartez, gizarte osoari emongo deutsagu bere lanaren barri. Horixe baita gure lanik inportanteena, egiten dogun lana gizarteratzea, eta lan hori, jakina, baliogarria eta onuragarria izan daiten gizarte osoarentzat.
Rikardo Lamadridek be alkarlanaren garrantzia azpimarratu, eta hitzarmenaren hiru arlo nagusiak zehaztu ditu: batetik, euskerea bera gizartera aterateko balio dauela; bestetik, euskerea eta Lanbide Heziketea batzeak esan nahi dauela gizarteak badauela aukerea euskeraz emon eta jasoteko; eta hirugarrenik, Lanbide Heziketearen bidez, enpresa mundura hel gaitekez eta enpresa txikiak zein handiak euskeratzen lagundu.
Besteak beste, sinatuko dan hitzarmenaren ondorioz, Laneki alkarteak duen euskerazko testu-multzo osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko dau, Akademia garatzen dagoan Lexikoaren Behatokiaren corpusa aberasteko. Testu-masa hori Zientzia eta Teknika egitasmoa elikatzeko be erabili leike Euskaltzaindiak. Horrezaz egin dau berba Xabier Kintanak. Gogoan izan dau Zientzia eta Teknika Hiztegia egitasmoa, euskera batuaren hiztegia zientziazko, teknologiazko eta jakintzako terminoez aberasteko asmoagaz sortu ebala Euskaltzaindiak. Akademiak arloz arloko berbak finkatzeko, hainbat terminoren artean egokiena aukeratzen dauela esan dau. Horregatik -esan deutse Lanekiko kideei- benetan eskertzekoa da zuek egiten dozuen lana, eta gaur sinatzen dogun hitzarmenaren ondorioz, Euskaltzaindiak benetan oso etekin ona aterako deutso.
Lexikoaren Behatokia
Lexikoaren Behatokiaren asmoa honako hau da: corpus monitore bat, lematizauta, etiketauta eta linguistikoki anotatua eregitea. Corpus monitoreak etenbarik hazten dira, urtero testuak gehituz, hizkuntzea denporan zeharzelan aldatzen doan ikusteko. Batez be hiztegigintzan erabilten dira. Hazkunde horretan, testuak jasoteko garaian, erispide jakin batzuk erabilten dira, sasoi desbardinetako emoitzak konparagarriak izan daitezan.
Bada beste corpus mueta bat, erreferentzia-corpusa deitzen dana. Erreferentzia corpusetan hizkuntzearen erabilera-mailek, generoek eta gaiek benetako erabilerearen araberako pisua behar izaten dabe eta oso handiak izaten dira, gitxienez 50 miloe berbakoak.
Lexikoaren Behatokia corpus monitorea izan arren, erreferentzia-corpus bilakatzeko moduan lantzen da. Horretarako, testu guztiak katalogetan dira eta ezaugarri batzuekaz marketan, etorkizuneko erreferentzia-corpusak behar dauen orekea izan daian. Aurten 43,4 miloe testu-berba izango ditu eta urtean-urtean 8 miloe inguru hazten da.
Lan hori guztia egiteko, Euskaltzaindiak hitzarmenak sinatzen ditu, alderdi batetik, testuen hornitzaileakaz, batez be hedabideakaz, eta, bestetik, corpusa lantzen daben hiru erakundeakaz: UZEI, Elhuyar eta EHUko Informatika Fakultadeko IXA taldeagaz.
Horrezaz gan, honakoak dira hitzarmenaren arlo nagusiak:
• Laneki alkarteak sortzen dituan materialetan, bai eta antolatzen dituan ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, eta bereziki hizkuntzearen jakiteari zein erabilereari jagoken prestakuntzan be, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilereari buruzko erispideak aintzat hartu eta horreek zabaltzeko moduak landuko ditu.
• Alkarteak Euskaltzaindiari egingo deutsoz gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerearen inguruko konsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak konsulta horreei erantzuna emon edota bideratuko ditu.
• Bi erakundeok publiketan dituen argitalpenak alkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dabe.
• Bi erakundeok euskerearen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazinoan eta sentiberatzean egitasmoak konpartiduteko konpromisoa hartzen dabe.
Helburu horreek lortzeko, Laneki alkarteak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dabe, erakunde bakotxeko bina kide izango dituana. Hitzarmenak bost urteko iraupena izango dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!