Herria astekariak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2014-06-04 10:56   kulturbiz

Hitzarmenak Herria astekariaren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sustatzea dau helburu, eta euskerearen eta euskal kulturearen eremuan gauzatuko da.

Herria astekariak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe, Baionan, Akademiaren ordezkaritzan. Astekariaren izenean Janbattitt Dirassar presidenteak sinatu dau, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hitzarmen horrek Herria astekariaren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sustatzea dau helburu, eta euskerearen eta euskal kulturearen eremuan gauzatuko da.

Herria astekaria 1944an sortu zan, talde euskaltzale baten eskutik. Gehien bat Ipar Euskal Herriko jazoerak jorratzen ditu. Hego Euskal Herriko jazoera garrantzitsuei be leku handia emoten jake. Haatik, Herriaren barritasuna da herrietako barri txikiak aitatzea, berrogei bat barriemoilez osotutako sare bati esker. Erlijinoak be bere lekua dauka, asteroko kronika bategaz.


Lexikoaren Behatokia

Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindia garatzen dagoan Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Herria aldizkariaren euskerazko testu-masa Akademiaren eskuetan jarriko da.

Lexikoaren Behatokiaren helburua honako hau da: corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua eregitea. Corpus monitoreak etenbarik hazten dira, urtero testuak gehituz, hizkuntzea denporan zehar zelan aldatzen doan ikusteko. Batez be hiztegigintzan erabilten dira. Hazkunde horretan, testuak jasoteko garaian, erispide jakin batzuk erabilten dira, sasoi desbardinetako emoitzak konparagarriak izan daitezan.

Bada beste corpus mueta bat, erreferentzia-corpusa deitzen dana. Erreferentzia corpusetan hizkuntzearen erabilera-mailek, generoek eta gaiek benetako erabilerearen araberako pisua behar izaten dabe eta oso handiak izaten dira, gitxienez 50 miloe berbakoak.

Lexikoaren Behatokia corpus monitorea izan arren, erreferentzia-corpus bilakatzeko moduan lantzen da. Horretarako, testu guztiak katalogetan dira eta ezaugarri batzueaz marketan, etorkizuneko erreferentzia-corpusak behar dauen orekea izan daian. Aurten 43,4 miloe testu-berba izango ditu eta urtean-urtean 8 miloe inguru hazten da.

Lan hori guztia egiteko, Euskaltzaindiak hitzarmenak sinatzen ditu, alderdi batetik, testuen hornitzaileakaz, batez be hedabideakaz, eta, bestetik, corpusa lantzen daben hiru erakundeakaz: UZEI, Elhuyar eta EHUko Informatika Fakultateko IXA taldeagaz.


Hitzarmenak baditu beste ardatz nagusi batzuk

Euskaltzaindiak erantzuna emongo deutse Herria astekariak eginiko konsultei, konsultak euskerearen kalidadeaz, euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz, erabilera egokiaz eta, oro har, euskerearen araugintzako bestelako gaiei buruzkoak diranean.

Konsulta horreek bideratzeko orduan, bi erakundeek Euskaltzaindiaren Hizkuntzearen Kalidadearen Behatokia (HIZBEA) zerbitzuaren erabilerea sustatuko dabe. Era berean, erakunde sinatzaileek hizkuntza baliabideak ezagutarazoteko lantegiak edo ikastaroak alkarregaz antolatu ahal izango ditue.

Era berean, bi erakundeak alkarlanean ibiliko dira beren bibliotekako funtsak sendotzeko. Horretarako, argitalpen trukea egingo dabe, bakotxak plazaratzen dituan dokumentuen ale bana batak besteari helarazoz. Lan batzuk, argitaratu ez diran arren, ikerketarako edo zabalkunderako interesgarriak badira, alkarren eskura jarriko dira, betibe egileen eskubidea errespetauta.

Gainera, erakunde bakotxak euskereagaz eta euskal kultureagaz dituen funtsak gizarteratzeko lankidetza bideak jorratuko ditue, besteak beste, erakusketak, berbaldiak, mahai-inguruak eta jardunaldiak alkarregaz antolatuz.

Helburu horreek lortzeko, Herria astekariak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dabe, erakunde bakotxeko bina kide izango dituana. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu