6.000 lagun hurreratu dira Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazinoarteko Jaialdira

Bizkaie! 2014-05-12 18:42   kulturbiz

Edade eta gustu desbardinetako 6.000 lagun bertaratu dira hiru egunotan Arrigorriagara eskainitako 12 antzezlanak ikustera. Jaialdiak egitarau eklektiko eta kalidadezkoa eskaini dau, konpainia eta artista beterano zein ibilibide luzea eta oparoa daben artista gazteen proposamenek osotuta, klown eta pailazoen lanak ez eze, magia, zirkua, jantza eta musika ikuskizunak be izan dira.

Maiatzaren 9tik 11ra izan dan Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazinoarteko XIX. Jaialdiaren arrakastea ondo adierazoten dabe egunotan jasotako bisitarien kopuruak zein eskaini diran antzezlanen kalidadeak. Edade eta gustu desbardinetako 6.000 lagun bertaratu dira hiru egunotan Arrigorriagara eskainitako 12 antzezlanak ikustera. Jaialdiak egitarau eklektiko eta kalidadezkoa eskaini dau, konpainia eta artista beterano zein ibilibide luzea eta oparoa daben artista gazteen proposamenek osotuta, klown eta pailazoen lanak ez eze, magia, zirkua, jantza eta musika ikuskizunak be izan dira. Horreen erantzun bikainaren adiezagarri doguz publikoaren parte-hartze handia, barre algarak eta txalo zaparradak ikuskizunen amaieran.

Joandako zapatuan euria egin eban eta Monkey Style Konpainia frantziarraren Babyllon ikuskizuna bertan behera geratu zan. Ondorengoa, Guillem Albà & The All In Orchestraren Marabunta klown-kontzertua udaletxeko arkupeetara eroan behar izan eben. Jentez ganezka egoan ingurua ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago. Behin hasita, ikuslegoak barre, kanta eta jantzan egin eban Guillem Albàk kontzertua eta bizitza irribarrez eta konpartiduz gozetako proposamena luzatzen eban bitartean. Holan, zapatua jai bategaz amaitu zan udaletxeko arkupeetan.

Domekan, barriz, iragarritako ikuskizun guztiak eskaini ahal izan ziran, goizekoak polikiroldegian eta arratsaldekoak aurreikusitako lekuetan. Udaletxeko plazan deigarria izan zan ikuskizunen estiloen aniztasuna, publikoa Dudú&Cyaren El Niu piano eta klarionetako lan kutunetik Salitre Teatroren Rico, rico, rico (remake) antzezlan lotsabakora igaro zanean. Azken honetan, urtebetetzea ospatzen ebilzan 3 klownek ondo zikindu zituen plazea eta ikusleak. Jaialdia amaituta, Amagoia Garaizabal zuzendariak bere poztasuna adierazo eban izandako ikusle kopuru zein eskainitako ikuskizunen kalidadeagaitik, guztien artetik Teatrapo Teatroren Sfera antzezlana nabarmenduz, Jaialdiari amaierea eman zion formato handiko lan estetiko eta konprometitua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu