Literaturea eta bardintasuna ardatz hartuta Karmele Jaio eta Nativel Preciado aurrez aurre

Bizkaie! 2014-05-12 18:12   jardunaldiak

Maiatzaren 13ko topaketako protagonistak Karmele Jaio eta Nativel Preciado dira, eta bien artean, literatureak bardintasunari egindako ekarpenaren ganean eta emakumeek literaturan gailentzeko dituen aukerak jorratuko ditue. Idoia Jauregi kazetariak moderauko dauen eztabaidea 19:30ean hasiko da ekitaldi aretoan.

Eztabaidak literatureagaz programearen barruan eratutako berbaldi hau Bilboko Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi-aretoan egingo da maiatzaren 13an, 19:30ean. Edozein sartu ahal izango da aforoa bete arte. Bi idazleen arteko topaketea Idoia Jauregik gidatuko dau, eta literatura arloko emakume eta gizonen aukera-bardintasunaren ganeko galderak planteauko ditu.

Programa honen bidez, Bidebarrieta Kulturguneak literatur kontuen ganean berba egiteko bi idazleren artean antolatutako topaketan parte hartzeko aukerea eskaintzen deutse bertaratutakoei. Biharko topaketako protagonistak Karmele Jaio eta Nativel Preciado dira, eta bien artean, literatureak bardintasunari egindako ekarpenaz eta emakumeek literaturan gailentzeko dituen aukerak jorratuko ditue. Idoia Jauregi kazetariak moderauko dauen eztabaidea 19:30ean hasiko da ekitaldi aretoan.

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) euskerazko literaturako egile gazterik ospetsuenetakoa da, eta kritikarien eta irakurleen atxikimendua lortu dau Hamabost zauri eta Zu bezain azul liburuetan batutako kontakizunakaz eta bere lehenengo bi eleberriakaz: Amaren eskuak (2006, zinemarako moldaketa eta guzti) eta Musika airean (2009); bi lan horreek idazleak berak itzuli ditu gaztelaniara. Horrezaz gan, Jaio ohiko zutabegilea da zenbait komunikabidetan.

Beste alde batetik, Nativel Preciadoren (Madril, 1948) sinadurea oso ohikoa da Espainiako aldizkari eta egunkarietan, kazetaritza ikasketak amaitu aurretik Arriba eta Madrid egunkarietan idazten hasi zanetik. Tiempo aldizkariaren sortzailekidea izan zan, eta zenbait telebista saiotan kolaboratzeaz gan, Cassius Clay eta Jose Legra boxealarien biografiak idatzi ditu, besteak beste. Eleberrigile legez, bere lehenengo lana 1999an plazaratu eban, El egoísta izenburukoa (Planeta Sariko finalista), eta horren ondoren etorri ziran Bodas de plata eta 2007ko Udabarriko Nobela Saria irabazi eban Camino de hierro izenekoa.

Eztabaidak literatureagaz programea orain zazpi urte sortu zan, literatur lanen sustapena ez eze idazle eta irakurleen arteko hurreraketea bultzatzeko asmoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu