Eako herriaren memoria kolektiboa jasoteko hitzarmena sinatu dabe Udalak eta Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2014-05-12 12:11   kulturbiz

Eako herriaren memoria kolektiboa jasoteko helburuagaz, Bizkaiko herri horretako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe. Jaso bakarrik ez, belaunaldien arteko transmisinoa bermatu nahi dau Udalak, eta horretarako Euskaltzaindiaren tutoretza akademikoa eskatu dau.

Eako herriaren memoria kolektiboa jasoteko helburuagaz, Bizkaiko herri horretako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe. Jaso bakarrik ez, belaunaldien arteko transmisinoa bermatu nahi dau Udalak, eta horretarako Euskaltzaindiaren tutoretza akademikoa eskatu dau. Akademiaren izenean, Euskerearen Herri Hizkeren Atlaseko lantaldeak hartuko dau ikerketa egiteko ardurea, Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendaria buru dauela.

Euskaltzaindiak 1983. urtean jarri eban abian Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa. Hizkuntzaren aldaera desbardinak mapetan agirian emoteko egiten dira batez be hizkuntza atlasak, eta holan da EHHAren kasuan be. Emoitzea askoz aberatsagoa da, baina: bi erakundeok sinatutako hitzarmenean jaso danez, sasoi bateko euskal hiztunen bizimodua, bizitokia eta pentsaerea azaltzeko agertokirik behinena, testigantzarik biziena da. Era berean, garai bateko euskerearen lurralde guztietako euskal hiztunen kultur ondarea berreskuratzeko eta zabaltzeko habe eragingarria be bada.

Kontuak kontu, Euskaltzaindiaren Euskerearen Herri Hizkeren Atlasak, besteak beste, baserri eta itsas munduko ohituretan, lanbide zaharretan, jaietan, antxinako sinismenetan, lagunarteko eta familiarteko hartu-emonetan, emakumearen egoeran, ume jolasetan eta abarretan agiri diran berbak aztertzen ditu.

Hain zuzen be, Ea herriari jagokon ondare horren zatia batu nahi dau Udalak, besteren artean belaunaldiz belaunaldi transmitidu ahal izateko. Esan bezela, tutoretza akademikoaren ardurea Euskerearen Herri Hizkeren Atlaseko lantaldeak hartuko dau, eta bere irizpenak, bete beharrekoak izango dira. Lana 2014. urtearen amaierarako amaituta egotea aurreikusi da.

Bestalde, Eako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetzan jardungo dabe ikerketa honen emoitzak gizarteratzeko momentuan; erakusketa bat antolatzea edota argitalpen bat egitea aztertuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu