Kultura trukea egingo dabe gazte zornotzarrek eta asturiarrek

Bizkaie! 2014-04-28 15:47   kulturbiz

Gazteen sortze-lanaren alde egitea, kulturen eta personen arteko hartu-emonak sustatzea, hizkuntza-aniztasuna azalarazotea, tokiko musikea bultzatzea eta, norberaren lurraldetik kanpora joteko aukerea eskainiz, kultura tradizionala ezagutarazotea dau helburu ekimen honek.

Gazteen arteko kultura-trukea antolatu dabe Amorebieta-Etxanoko eta L.lenako (Asturias) Udalek Ixuxú, Asturies-Euskal Herria izeneko alkartearen bidez. Gazteen sortze-lanaren alde egitea, kulturen eta personen arteko hartu-emonak sustatzea, hizkuntza-aniztasuna azalarazotea, tokiko musikea bultzatzea eta, norberaren lurraldetik kanpora joteko aukerea eskainiz, kultura tradizionala ezagutarazotea dau helburu ekimen honek.

Maiatzaren 3an eta 31n gauzatuko da programea, egun horreetan alkartuko baitira, hurranez hurran, La Pola de L.lenan eta Amorebieta-Etxanon.

Maiatzaren 3an, gazte zornotzarrak Asturiaseko udalerri horretara abiatuko dira, euren lanen erakuskariak eroanda. Goizean, Udabarri taldeko ordezkari batzuek jantzaldia eskainiko dabe L.lenako plazan. Horren ostean, Amorebieta-Etxanoko gazteen artean euskerearen erabilerearen nondik norakoen gaineko solasaldia antolatu dau Ametx erakunde autonomoak eta, arratsaldean, Lara Izagirreren Next Stop: Greenland film laburraren proiekzinoa izango da, Amorebieta-Etxanoko ikus-entzunezko lanen produkzinoaren lagin moduan. Amaitzeko, Udabarri jantza taldearen eskutik etorriko dan beste erakustaldi baten ondoren, Ska Eromen erromeria taldeak kontzertua eskainiko dau, Adizion Etilika talde asturiarragaz batera.

Maiatzaren 31n, La Polako gazteek bisitauko dabe Amorebieta-Etxano. L.lena kontzejuaren barruan dago La Pola eta 13.000 biztanle dituan herri hau Caudaleko meatze-arrokoen arteko garrantzitsuenetako bat da. Gaites Güestia bandaren kideek emongo deutsie hasierea programeari eguerdian Zelaieta parkean. Arratsalderako, Asturiaseko hizkuntza normalizazinoari buruzko berbaldia antolatu dau. Zelaieta zentroan izango da, eta Pablo Suarezek hartuko dau parte. Sagardaoaren eskualdeko Hizkuntza Normalizazinorako Zerbitzuaren arduraduna da Suárez. Horren ondoren, Suena’l camín dokumentalaren proiekzinoa izango da, Efrén Álvarez Acebalek, egileak, aurkeztuta. Amaitzeko, sagardaoa probau ahal izango da gauean Zelaieta parkean, Adizion Etilika talde asturiarrak eta Ska Eromen erromeria talde zornotzarrak erritmoa emonda.

Proiektuaren protagonistak gazteak badira be, udalerriko guztiak konbidau nahi ditue parte hartzera, gazteontzat, ez eze, nagusientzat eta umeentzako be programau baitira ekintzak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu