Eneko Bidegainen 'Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian' liburua aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2014-04-15 15:48   kulturbiz

Tesiaren helburua hau da: orain mende bat, Ipar Euskal Herrian ondorio ikaragarriak izan zituan Lehen Mundu Gerran (1914-1918), zein eragin izan eban Eskualduna astekariak ikertzea; hau da, euskaldunek Lehen Mundu Gerran parte-hartzeari begira, zein izan zan astekariaren jarrerea.

Gaur, apirilaren 15ean, Eneko Bidegain Mondragon Unibersidadeko irakaslearen Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian liburua aurkeztu dabe Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Liburua Akademiaren Iker bildumako 30. zenbakia da, eta aitatu Unibersidadearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da. Gaurko aurkezpena bi erakundeotako ordezkariek egin dabe; ondokoak izan dira mahaian: Andres Urrutia euskaltzainburua; Iosu Zabala Mondragon Unibersidadeko errektorea; Eneko Bidegain, liburuak oinarria dauen doktore tesiaren egilea; eta Josu Chueca tesi horren zuzendaria.

2012an, Eneko Bidegainek aurkeztutako doktore tesiaren bersino ukitua eta laburtua da Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian. Bi tesi zuzendari izan zituan: Xarles Videgain (Bordaux 3 — Michel de Montaigne Unibersidadea) eta Josu Chueca (Euskal Herriko Unibersidadea).

Tesiaren helburua hau da: orain mende bat, Ipar Euskal Herrian ondorio ikaragarriak izan zituan Lehen Mundu Gerran (1914-1918), zein eragin izan eban Eskualduna astekariak ikertzea; hau da, euskaldunek Lehen Mundu Gerran parte-hartzeari begira, zein izan zan astekariaren jarrerea.

Milaka euskaldun joan ziran gerrara, eta 6.000 inguru hil ziran. Giza hondamendiaz gan, ondorio politikoak be izan zituan, gerra hori izan zalako Frantziako nazino eraikuntzearen oinarrizko fasea.


Gizartea frantsesteko prozesuan

Eskualduna Ipar Euskal Herriko aldizkari eta egunkarien artean zabalduena zan. Gerra garaian, 7.000 alez gora saltzen zituan. Eskualduna astekariak jazoera hari buruz idatzi zituan artikulu nagusien edukien azterketea egin da tesi honetan. Hipotesi nagusia ondoko hau zan: astekariak parte hartu ebala, gerraren harira, Ipar Euskal Herriko gizartea frantsesteko prozesuan. Eta galderak ondokoak: zergaitik parte hartu eban, zelan, eta zertarako?

Astekaria ez eze, testuinguru politiko eta diplomatikoa be ikertu dau Bidegainek.

Lehen Mundu Gerra zelan eta zein girotan lehertu zan be azaldu dau zehetasun guztiakaz. Hain zuzen, Bidegainek arreta berezia jarri dau XIX. mende amaierako nazionalismoen iratzartzean eta Frantziak bizi eban nortasun krisian, 1870eko gerra galdu ondoren. Ikerketa lan honek azaltzen dau Ipar Euskal Herrian, Frantziaren esku egozan beste hainbat lekutan lez, aberri txikiaren eta aberri handiaren kontzeptua errotu ebela, eta jentea prestau ebela, bai fisikoki, bai psikologikoki, nozonoz Alemaniaren kontrako gerra egiteko eta irabazteko. Gerraren kontakizun laburragaz batera, indar berezia egin dau gerra harek Euskal Herrian zelako eragina izan eban kontetako, bai eta Euskal Herrian zelan bizi izan zan be.

Ikerketearen ondorio nagusia da Eskualduna-k parte hartu ebala Ipar Euskal Herriko gizartearen frantsestean. Egileak hainbat arrazoi aitatzen dau: batetik, Frantziako eztabaida politikoaren barruan sortu zalako; bigarrenik, Ipar Euskal Herrian euskal abertzaletasunik ez zalako garatu XIX. mende amaieran, eta, alderantziz frantses nazinoaren errotze politika handia bizi izan ebalako; hirugarrenik, giro horretan, gerra lehertu zanean, Frantziako eztabaida politikoak izoztu eta batasun sakratua egin zalako; eta azkenik, informazinoa lortzeko mugak eta zabaltzeko askatasun murrizketak gertatu ziralako.

Eneko Bidegainek esan dauen legez, Eskualduna gerraren logikan sartu zan Frantziaren alde, gerraren erantzukizun guztia Alemaniaren gain ezarriz eta Frantziak irabaziko ebalako segurtamena beti azpimarratuz. Guztiaren buru, Eskualduna-k frantses jarrera abertzalea erakutsi eban eta gerla borondatez egiten zalako mezua zabaldu eban. Hiru nortasunen arteko hiruki bat agiri zan Eskualduna astekarian: euskaldun izatea, fededun izatea eta frantses izatea nortasun beraren ezaugarriak ziran, astekari horren arabera. Euskal nortasuna erlijinoaren babes moduan erabiliz, euskaldunak frantsesak zirala azpimarratuz eta frantsesak fededunak zirala goraipatuz, gerlan zehar Frantziaren alde etenbarik zabaldu eban mezuagaz, Eskualduna-k Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantses sentiarazoten parte hartu eban.


Eneko Bidegain

Eneko Bidegain (Baiona, 1975) Mondragon Unibersidadeko irakaslea da Ikus-entzunezko komunikazinoko graduan, eta Hezikom ikerketa taldeko kide.

Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietako kazetari lanetan ibili zan Baionako ordezkaritzan. Ordezkaritza horretako arduradun izan zan 2001etik 2009ra. Idazlea da, Anbroxio eta Mahatsaren Begia eleberriak, eta Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia eta Gerla Handia, muga sakona saioak idatzi ditu, besteak beste. Bertsolari txapelketetako epaile lanak be egiten ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu