Otxarkoaga eta Txurdinagako X. Magia Topaketen barruan, ilusionista amateurrentzako lehiaketea be antolatu dabe
2014-04-04 16:25 kulturbizEkimen hau, Bilboko barruti guztietan antzerki eta jantza emonaldiak, ikusentzunezko ikastaro eta proiekzinoak, arte eta argazki erakusketak, folklorea, kontzertuak, kaleko bandak, tailerrak eta bestelako kultur jarduerak eskaintzen dituan Kultura Barrutik programearen barruan gauzatuko da.
Bilboko Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak barne hartzen dituan Bizkaiko uriburuko 3. Barrutia magiaren munduan lehenengo pausuak egin nahi dituenen topagune bihurtuko da barriro be. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Magia Topaketen hamargarren edizioa antolatuko dau maiatz osoan, bi auzoetako merkatari alkarteen lankidetzeagaz.
Programearen barruan, ikastaro bat, mintegi bat eta Atera barruan dozun magia izenburuko amateur mailako lehiaketa baten lehenengo edizinoa antolatuko dira. Lehiaketako kideek gala batean parte hartuko dabe maiatzaren 20an, Otxarkoagako Udaltegian. Horrezaz gan, kalean nahiz Udaltegian, zenbait emonaldi egingo dira. Ekimen hau, Bilboko barruti guztietan antzerki eta jantza emonaldiak, ikusentzunezko ikastaro eta proiekzinoak, arte eta argazki erakusketak, folklorea, kontzertuak, kaleko bandak, tailerrak eta bestelako kultur jarduerak eskaintzen dituan Kultura Barrutik programearen barruan gauzatuko da.
Magia-ikastaroan 16 urtetik gorakoak matrikulau ahal izango dira, eta publikoagandik hur, jente gitxigaz eta joko interaktiboak erabiliz egiten dan hurreko magia espezialidadean nabarmendutako Imanol Ituiño ilusionista gazteak zuzenduko ditu. Imanolek 25 urte ditu, eta nazinoartean antolatzen diran Almussafesekoa lako hurreko magia lehiaketak irabazi ondoren, gero eta ospe handiagoa hartzen dago era horretako ikuskizunetan. Magia-irakaslea be bada, eta han-hemenkako lehiaketa eta biltzarretan parte hartzen dau, espezialistarik ezagunenakaz batera.
Ikastaroan, ilusionismoaren oinarrizko printzipioak azalduko ditue (kartak, sokak eta bestelako materialak erabiliz egindako jokoak), magiaren urrezko aroko pasadizoak errepasatuz, eta jentaurreko aurkezpena eta berba eta begiraden garrantzia lako alderdietan sakonduz. Danetara, 16 eskola-ordu izango dira, maiatzeko astelehenetan eta eguaztenetan, 19:30etik 21:30era bitartean, Otxarkoagako Udaltegian. Matrikulearen prezioa 25 eurokoa izango da.
Mintegia arte eszenikoakaz zerikusia daben personei zuzenduta dago, antzerkian be ilusionismoa oso tresna erabilgarria izan daitekeelako. Honen bidez, efektu magiko bat aurkezteak dakarzan interpretazino arloko bereizgarritasunak ezagutarazoko dira, bai eta magoaren teknikak antzerki-baliabide alternatibotzat erabiliz taula gaineko aurkezpenak aberasteko moduak be. Mintegia Harrobi Eskena Bilbo-Otxarkoagako Produkzino Eszenikoaren Barrikuntza-Zentroan egingo da, eta maiatzaren 27an eta 29an eskainiko diran hiruna orduko (19:00 a 22:00) bi saioz osotuko da. Inskripzinoaren prezioa 10 eurokoa da. Bi saioetarako izen-emoteak udal webgunearen bitartez egin behar dira apirilaren 1etik 20ra bitartean.
Mintegiaren arduraduna, 1994an taula gaineko debuta egin eta han-hemenkako eszenatokietan esperientzia luzea batu dauen David Blanco mago profesionala izango da. Artista legez hainbat sari irabazteaz gan, zuzendari, produktore eta aholkulari lanetan jardun dau hainbat magia, antzerki eta txotxongilo ikuskizunetan, eta Londresko Magic Circle izeneko munduko magia-klubik ospetsueneko kidea da. Mundu osoan lan egin dau, eta ikuskizunak bost hizkuntzatan eskaintzen ditu.
Amaitzeko, Atera barruan duzun magia izenburuko amateur mailako I. Lehiaketea, profesionalak izan barik taula gainean jarduteko moduko ezagutza eta praktikea daben adin nagusikoei zuzenduta dago. Antolatzaileek aukeraketa bat egingo dabe ondoko webgunera apirilaren 1etik 21era bitartean bialdutako bideo guztien artean. Gehienez, 10 parte-hartzaile hautatuko dira, eta guztien jarduna erakusteko gala bat antolatuko da maiatzaren 20an, Otxarkoagako Udaltegian. Emonaldi berezi horretan, jardun onenentzako hiru sari banatuko dira Otxarkoaga eta Txurdinagako Merkatari Alkarteen laguntzinoari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!