Igaz izentautako euskaltzain urgazle barriek diplomea jaso dabe

Bizkaie! 2014-03-28 15:19   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak 2013an izentau zituen euskaltzain urgazleei diplomak emon deutsiez, Bilbon. Hamalau euskaltzain barri dira danetara: Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Patxi Juaristi, Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, Erramun Osa eta Iratxe Retolaza.

Euskaltzaindiak 2013an izentau zituen euskaltzain urgazleei diplomak emon deutsiez, Bilbon. Hamalau euskaltzain barri dira danetara: Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Patxi Juaristi, Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, Erramun Osa eta Iratxe Retolaza. Euskaltzaindiak euskerearen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, urgazletzat hartu dau dinoen diplomea jaso dabe danek.

Hamalau euskaltzain urgazle barrietatik hamahiru izan dira ekitaldian, Iñaki Aldekoak ezin izan dau joan eta. Andres Urrutia euskaltzainburuak hauxe esan deutsie: Ohorerako baino, lanean segiduteko deia dozue hau. Begien bistakoa da eta horretan gabilzala azken urte honeetan, uste dogu-eta Euskaltzaindiak bere ateak edegi behar deutsiezala euskerearen arloan egunotan bizien dabilzan sektoreei. Hor zabilzie zuek be, andrazko zein gizonezko, idazletzan, kazetaritzan, zientzian, teknikan, administrazinoan, irakaskuntzan, ikerketan eta bestelakoetan. Hortxe eta akademian be nahi zaitue Euskaltzaindiak, euskera eguneratu baten eskakizun eta premineei erantzun egokia emonez.

Akademiak -ganeratu dau Urrutiak- badaki zer dan lan hori eta berori barruratu nahi dau, aukerea emonez belaunaldi barriei, parte hartu deien Euskaltzaindiaren zereginetan. Beharrezkoak dira baliabide eta tresna barriak. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak be parte hartu dau ekitaldian: Katea ez da eten, gogoratzen euskun Koldo Mitxelena maisuak. Holan gaurko euskaltzainon kezkak eta ahaleginak ez dira gugaz amaituko. Euskal Herriko hizkuntza nazionala, euskerea, konserbetako, zaharbarritzeko, denpora eta zeregin barrietarako egokitzeko ardura hori, zuengana pasauko da, bidean izan geinkezan arazoak guztion artean aztertu, kritikau eta ahalik eta egokien konpontzeko.

Dorleta Alberdi euskaltzain urgazle eta kazetariak aurkezpen lanak egin ditu. Urgazle barriek diplomea eta Euskaltzaindiaren ikurra jaso dabe. Ekitaldian, Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxea musikariek hartu dabe parte, hain zuzen be Nemesio Etxanizek, Piarres Topet Etxahunek eta Xabier Letek idatzitako poema musikatuak interpretau ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu