Kultura Auzolanean kultur arloa koordinetako ekimena aurkeztu dabe
2014-03-27 10:48 kulturbizBizkaia, Araba eta Gipuzkoako kultur politiken koordinazinoa ahalbidetuko dauen beharrerako marko barria sortu dau Eusko Jaurlaritzeak, Kultura Auzolanean 2014-2015. Erakundeen arteko adostasunaren emoitzea dala esan eben aurkezpenean, eta daborduko egin beharreko 20 proiektu jasoten ditu. Kultur eragile eta herritarrek www.kulturaauzolanean.net atariaren bidez parte hartzeko aukerea daukie.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako kultur politiken koordinazinoa ahalbidetuko dauen beharrerako marko barria sortu dau Eusko Jaurlaritzeak, Kultura Auzolanean 2014-2015. Erakundeen arteko adostasunaren emoitzea dala esan eben aurkezpenean, eta daborduko egin beharreko 20 proiektu jasoten ditu. Kultur eragile eta herritarrek www.kulturaauzolanean.net atariaren bidez parte hartzeko aukerea daukie.
Bilbon egin eben aurkezpen-prentsaurrekoa Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Iñaki Lopez de Agileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari Mikel Etxeberriak eta Clara Montero Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak.
Kultura Auzolanean 2014-2015 kultur arlorako urte birako plangintza estrategikoa jasoten dauen dokumentua da, erakundeen arteko akordiotik sortua, Muñozen esanetan. Dokumentu labur eta eraginkorra da, adostasunean, bardintasunean eta euskal administrazinoen arteko lan partekatuan oinarritua, EAEko kultur eremua kudeatzeko ezinbesteko diran elementuetan oinarritua, beraz.
Eragile publiko nahiz pribaduen artean euskal kulturearen ikuspegi estrategikoa, jarraitu beharreko erespideak eta lehentasunak finaktzeko tresna izateko sortu da Kultura Auzolanean 2014-2015. Eraginkortasuna handitzea eta bikoiztasunik ez izatea ditue helburu, berbarako diru laguntzinoen arloan. Erakunde guztien arteko koordinazinoa eta alkarlana sekula baino beharrezkoagoa da gaur, ganeratu eban sailburuordeak. Kulturearen Euskal Plana eta Kulturearen aldeko Herritartasun Kontratua ekimen barri honen aurrekariak dira.
Dokumentua prestau eta adosteko prozesuan parte hartu dauen batzordea ondokoek osatu dabe: Eusko Jaurlaritzeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek; Gasteiz, Donostia eta Bilboko udalek; eta Eudelek.
Muñozek azaldu ebanez, lanerako marko partekatu bat osotu gura dabe, erakundeen arteko hartu-emonak indartzeko, krisialdiari aurre egiteko kultur sektoreei lagunduta, kultur zerbitzuen eskaintzea hobetzeko, eta euskerazko edukiak bermatzeko, besteak beste.
Hogei proiektu zehatz proposatu ditue, hamar 2014 amaieran eginda egon beharko leukienak, eta beste hamarar, 2015 amaierarako. Proiektuak abiatu eta praktikara alkarlanean gauzatuko dira. Egitasmo horreetatik zortzi kulturearen sustapenaren ingurukoak dira; sei kultur ondarearen arlokoak, eta beste seirak, zeharkako proiektuak.
Kultura Auzolanean proposamenak jasoteko zabalik dago, bai kultur eragileentzako bai herritarrentzako. Daborduko, Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila hasi da kultur sektoreetako alkarteekaz batzartzen, dokumentua azaltzeko.
Kultura Auzolanean sarean dago, www.kulturaauzolanean.net atarian. Ekarpenak eta proposamenak egiteko epea apirilaren 28an amaituko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!