Bidebarrieta Kulturguneak Poesiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau gaur Juan Gelmanen omenezko ekitaldi bategaz

Bizkaie! 2014-03-21 10:16   jardunaldiak

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak Poesiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau gaur, barikua, hilak 21, 2007ko Cervantes Saria eskuratu eta joan dan mendeko literaturearen erreferentziatzat joten dan Juan Gelman idazle hil barriaren omenezko ekitaldi bategaz.

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak Poesiaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dau gaur, barikua, hilak 21, 2007ko Cervantes Saria eskuratu eta joan dan mendeko literaturearen erreferentziatzat joten dan Juan Gelman idazle hil barriaren omenezko ekitaldi bategaz. Publikoak zenbait poemaren irakurketaz gozetako aukerea izango dau Ramón Barea eta Irene Bau antzezleen eskutik, eta Maisha DJ bilbotarraren musikeari esker, poeta argentinarraren bertsoak rap erritmoan entzun ahal izango ditu. Hitzordua 19:30ean izango da ekitaldi-aretoan, eta sarrerea dobakoa izango da leku guztiak bete arte.

Pan duro, violines y otras cuestiones izenburuko omenaldi honek 50 minutuko ibilbidea eskainiko dau aurtengo urtarrilean hil zan poeta argentinarraren lanean eta bizitzan zehar. Bidebarrieta Kulturguneak antolatutako ekitaldian eskainiko diran poemetan, publikoak, erregimen militarrak Gelmanen semea eta erraina desagertarazo zituanean idazleak sentidu eban bihozmina, edota hogei urte luze geroago, 2005ean, bilobeagaz barriro topo egiteak eragindako pozaren inguruko deskribapenak entzun ahal izango ditu, besteak beste.

Gelman Ramón Barea eta Irene Bauren ahotsetan

Violín y otras cuestiones, El juego en que andamos eta Carta a mi madre lako lanetatik aukeratutako poemek aretoa beteko dabe, oraintsu Antzerki Sari Nazionala eskuratu dauen Ramón Barea antzezlearen ahotik, eta aldi berean, Irene Bauk (Siete vidas, Hospital central eta Cuéntame telesailetan azaldu da eta ibilbide luzea egina dau zineman, antzerkian eta zarzuelan) poemak jagoken testuinguruan kokatzen lagunduko daben ohar biografiko laburrak eskainiko ditu.

Irakurketeagaz batera, poeteari egindako alkarrizketa-zatiak eta Maisha goitizenaz ezagutzen dan Eneko Expe DJ bilbotarraren musikea izango dira entzungai. Maishak soinu-esparru berezi-berezia sortuko dau, eta Gelmanen poemaren bat edo beste rap musikearen erritmoan entzuteko aukerea eskainiko deutse bertaratutakoei.

Poema-aukeraketak idazlearen lanaren etapa desbardinak arakatuko ditu. Gelman Ukrainako etorkinen semea zan, eta poesian ez eze, militantzia politikoan (Montoneros gerrilla-taldeko kidea izan zan) eta Videlaren diktadurearen kontrako burrukan ibili zan, 1976an erbesteratu zan arte. Atxilotzeko agindua ez eben indarbakotu 1988a arte, eta Carlos Menem presidenteak ez eutson indultua emon hurrengo urtera arte, Gabriel García Márquez eta Mario Vargas Llosa Nobel saridunak lako idazleen protesten ondoren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu