'Danbor Talka - Le Choc des Tambours' egitasmoa aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2014-03-03 14:43   kulturbiz

Kultur talka, tanbor talka, alkarregaz sortutako kantua, mugarik bako kulturea, egile emonkorren topaketa honek plazaratuko dauen ikuskariak honako sortzaileak batu ditu: kale-arte konpainia bi: Les Commandos Percu (Frantzia) eta Deabru Beltzak (Euskal Herria); eskualde bi: Akitania eta Euskal Herria; jaialdi bi: Libourneko Fest’arts eta Lekeitiokale, Lekeitioko Kale-Antzerki Nazinoarteko Jaialdia.

Danbor Talka - Le Choc des Tambours ikuskaria aurkeztu dabe gaur Bilbon, Lekeitioko Jaialdian, garagarrilaren 11n estreinauko dan koprodukzinoa. Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiak aurten, 2014an, 25 urteurrena ospatuko dau eta hori dala eta produkzino desbardinak antolatu dira jaialdi berezi honetarako. Lekeitioko Kultur Kaian, Danbor Talka / Le Choc Des Tambours lanaren estreinaldia izango dogu. Mundu guztiko jaialdi musikal eta piroteknikoetan parte hartu ondoren Deabru Beltzak (Euskal Herria) eta Les Commandos Percu (Frantzia) taldeek euren talentua eta lan egiteko pasinoa batu dabe helburu argi bategaz: kalea aldarrikatzea.

Piroteknia, perkusinoa, jantzea, ezusteko ugari… ahaztezina izango da sortu daben ikuskizuna, eta uda honetan bi jaialditan estreinauko dabe.

Ikuskizuna Institut Français erakundeak Bilbon dauen egoitzan aurkeztu dabe. Han izan dira Imanol Agirre eta Dominique Beyly, Lekeitioko eta Libourneko jaialdietako zuzendariak, hurranez hurran, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga, Garbitxu (Deabru Beltzak), Raymond Gabriel (Les Commandos Percu), Maitane Larrauri, Lekeitioko alkatea eta Michel Galand, Libourneko Udaleko Kultura zinegotzia.

Horrezaz gain, Etxepare Euskal Institutuak Libourneko Fest’Arts jaialdiagaz eta Institut Françaisegaz batera gaur sinatutako hitzarmenari esker, aurten be Libourneko jaialdiak lau euskal konpania hartuko ditu datorren abuztuko bere programazinoan: Deabru Beltzak, En La Lona, Ertza eta Organik.

Kultur talka, tanbor talka, alkarregaz sortutako kantua, mugarik bako kulturea, egile emonkorren topaketa honek plazaratuko dauen ikuskariak honako sortzaileak batu ditu: kale-arte konpainia bi: Les Commandos Percu (Frantzia) eta Deabru Beltzak (Euskal Herria); eskualde bi: Akitania eta Euskal Herria; jaialdi bi: Libourneko Fest’arts eta Lekeitiokale, Lekeitioko Kale-Antzerki Nazinoarteko Jaialdia.

Era berean, hainbat eragileren arteko alkarlanaren ondorioz dator ekimena: Lekeitioko udala, Libourneko udala, 25. Lekeitioko Kale-Antzerki Nazinoarteko Jaialdia, Libourneko Fest’arts, Eusko Jaurlaritzako Kultur Saila, Etxepare Institutua, Bilboko Institut Français, Conseil Régional d’Aquitaine, Akitania-Euskadi Euroeskualdea, Communauté d’Agglomération du Libournais, Chalon dans la Rue - Festival Transnational des artistes de la rue, L’Abattoir - Centre National des arts de la rue, Le Fourneau - Centre National des arts de la rue de Brest.

Horrezaz gan, laguntzaileak be ugari izan dira: La Communauté de communes des Côteaux Bellevue, Toulouse hiria, Le Conseil Général de la Haute-Garonne, Midi-Pyrénées eskualdea, Bilboko udala eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu