Ekaia aldizkariak ale berezia plazaratu dau 'Kannabisaren hamar aurpegiak' izenburupean

Bizkaie! 2014-02-14 15:22   kulturbiz

Kannabisaren hamar aurpegiak izenburupean, hamar artikulutan zehar, landare honek gizartean, osasunean, ekonomian eta norberarengan izan leikezan abantaila eta desabantailak ezagutzera emoten dira zuzenbidea, ekonomia, biologia, kimika, farmakologia edo fisiologia arloetako adituen bitartez.

Ekaia, UPV/EHUko zientzi eta teknologi aldizkariak, ale berezia plazaratu dau, kannabisaren inguruko eztabaidea ikuspuntu askotariko eta desbardinetatik aztertzen dauena. Kannabisaren hamar aurpegiak izenburupean, hamar artikulutan zehar, landare honek gizartean, osasunean, ekonomian eta norberarengan izan leikezan abantaila eta desabantailak ezagutzera emoten dira zuzenbidea, ekonomia, biologia, kimika, farmakologia edo fisiologia arloetako adituen bitartez.

Iker Val, Euskadiko Kalamuaren Alkarteko (EUSFAC) presidenteak, ale berezi honen hitzaurrean adierazo dauenez, kannabisa aitatzen dan bakotxean, gehienetan, zigarroa, gazteria, drogea eta abar jatorkuz burura eta albo batera ixten doguz medikuntzea, osasuna edota lasaigarria lako arloak. Horregaitik, ale berezi honegaz, hainbeste eztabaida pizten dituan landare hau bere osotasunean ezagutzera emon nahi dogu, Euskal Herrian doguzan adituei berbea emonaz.

Hamar artikulu horreetan, besteak beste, kalamuak urteetan zehar izan dituan erabileren nondik norakoen azalpena eta kalamu landarearen ezaugarri morfologiko eta anatomiko bereizgarrienen deskribapena egiten da. Era berean, landarea konsumiduteko modu desbardinak be aitatzen dira, baita modu horreen berezitasunak be, gaur egun merkatuan dagozan kannabinoide garrantzitsuenetakoen sintesiaren azterketearen bidez. Bestalde, Cannabis Sativa edo marihuana noiz eta zenbat konsumidu dan jakiteko analisi metodo barrien garapenaren beharrizana be azaltzen da, Cannabis Sativaren osogai nagusiaren efektu psikoaktiboak istripu edota ondorio latzen eragile izan daitekezalako.

Jakina danez, kalamua aspalditik erabili da zenbait gaixotasuni aurre egiteko. Hori dala eta, ikuspuntu zientifiko batetik, kannabisaren eta bere eratorrien terapia erabilienen analisia be egiten da Ekaia aldizkariaren ale berezi honetan, gaur egun dagozan ebidentzia zientifikoak azalduz. Eta, beste alde batetik, hainbat egilek, kannabisa legez kanpo jarteko arrazoiak ez dauela ezelako oinarri zientifikorik edota, ikuspuntu ekonomikotik, kannabisari buruzko politiken norabidea berrikusteko beharra dagoala be defendiduten dabe.

Depresinoa eta ansiedadea lako gogo-aldartearen asalduretan eta eskizofrenia gaixotasunean ikusitako sistema endokannabinoidearen parte-hartzeari buruzko ebidentziak be aztertzen dira ale berezi honetan. Bestalde, sistema endokannabinoidearen modulazinoa estrategia terapeutiko barri lez erabiltea proposatzen dabe adituek mobimentuaren asaldurak (Parkinsonen gaixotasunean gertatzen dan lez) tratetako. Eta, era berean, sistema kannabinoideak, nerbio-sistema zentralaz gan, beste ehun periferikoetan dauen eragina be sakon aztertzen da.


Ondokoak dira Ekaia aldizkariaren Kannabisaren hamar aurpegiak ale bereziko artikuluak:

- Hitzaurrea (Iker Val eta editoreak).
- Kannabisaren terapia erabilerearen zuzenbide alderdiak: hurreraketa bat (Xabier Arana, Aitzol Azpiroz).
- Kannabisaren eragin ekonomikoaren inguruko zenbait gogoetea (Josune López Rodríguez).
- Kalamua: Biologia eta dibersidadea (Gustavo Renobales, Esti Sarrionandia).
- Kannabis landarearen kimikea (Oier Aizpurua, Jone Omar, Nestor Etxebarria).
- Kannabinoideen sintesia (Estibaliz Coya, Eider Arantzamendi).
- Konposatu kannabinoideen analisia matrize biologikoetan: odola, plasmea, gernua, listua eta ulea (Maitane Olivares, Asier Vallejo, Ibone Alonso, Nestor Etxebarria).
- Kannabisaren terapia erabilerea (Igor Horrillo, Luis F. Callado).
- Sistema endokannabinoidea: etorkizun handiko itu terapeutikoa gaixotasun psikiatrikoetan (Sergio Barrondo, Maider Lopez de Jesús, Gontzal Garcia del Caño, Imanol Gonzalez-Burguera, Xabier Aretxabala, Mario Montaña, Joan Sallés).
- Kannabisaren terapiarako erabilera mobimentuaren asalduretan (Teresa Morera-Herreras, Cristina Miguelez, Asier Aristieta, José Ángel Ruiz-Ortega, Maria Torrecilla).
- Sistema endokannabinoidearen funtzino periferikoak (Ekaitz Agirregoitia, Naiara Agirregoitia).

Zientzia eta teknologiari buruzko euskerazko lehenengo aldizkaria dan Ekaiak 1989. urtean kaleratu eban bere lehen zenbakia. Osorik euskeraz idatzitako eta oinarrizko hezkuntza zientifikoa daben irakurleei bideratutako dibulgazino-aldizkaria da, urtean behin argitaratzen dana. Bere helburuen artean ondokoak dagoz: zientzia eta teknikearen alorretan egiten diran aurrerapenak plazaratzea, unibersidadeko ikasleei zein irakaskuntza ertaineko irakasleei testuliburuen osogarriak izango diran materialak eskaintzea, esparru zientifiko-teknikoan euskerearen estandarizazinoa bultzatzea, eta esparru honetan hizkuntzearen erabilereak sortzen dituan arazoak konpontzen laguntzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu