Deustuko Unibersidadeak Ada Byron emakume teknologoentzako saria sortu dau
2014-02-10 13:23 kulturbizEmakume profesionalen lana erakustea dau helburu Deustuko Unibersidadeko Injinerutza Fakultadeak emakume teknologoentzako antolatu dauen Ada Byron sariak. Deialdia martiaren 20ra arte egongo da zabalik, eta irabazleak 3.000 euro jasoko ditu.
Emakume profesionalen lana erakustea dau helburu Deustuko Unibersidadeko Injinerutza Fakultadeak emakume teknologoentzako antolatu dauen Ada Byron sariak. Deialdia martiaren 20ra arte egongo da zabalik, eta irabazleak 3.000 euro jasoko ditu. Saria arlo teknologikoetan, injinerutza eta teknologiagaz estu lotuta dagozan arlo zientifikoetan titulazinoa edo lanbide ibilbidea daben emakumeei zuzenduta dago.
Sariaren izenak berak zientzilari handi bat omentzen dau, Ada Byron (1815-1852) injinerutzearen historian izan dan emakumerik azpimarragarriena. Lehenengo ordenagailu programatzailea izan zan, hain zuzen be.
IK4, Emakunde, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, FECYT eta Innobasque alkarlanean ibili dira lehiaketea antolatzen. Sariak 3.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dau, eta apirilaren 11n emongo dabe, Deustuko Unibersidadeko Injinerutza Fakultadean egingo ForoTech2014 jardunaldien barruan.
Zientziaren arlo askotan ekarpen handiak egin arren, gehienetan ez jake lan hori autortzen emakumeei. Ada Byron sariak emakume gazteentzat eredu eta pizgarri izatea gura dabe ekimenaren arduradunek. Saria zezeilaren 11n, goizean, aurkeztuko dabe Deustuko Unibersidadeko Faculty Clubean. Ekitaldian izango dira, besteak beste, Ines Jacob Deustuko Unibersidadeko Injinerutzako dekanoa, Miren Begoñe Urrutia Eusko Jaurlaritzako Politika Zientifikoko zuzendaria eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria.
Aurkezpen horretan, Forotech 2013-2014ko neguko berbaldia egingo dau Ines Sanchez de Madariagak, Claves para incorporar las políticas de género en instituciones. Una visión europea izenburupean. Sanchez de Madariaga Emakumeak eta Zientzia Unidadeko zuzendaria da Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Ikerketa, Garapen eta Barrikuntzako Estadu Idazkariaren Kabinetean.
Honeek izango dira Ada Bayron sariko epaimahaiko kideak: Ines Jacob Deustuko Unibersidadeko Injinerutzako dekanoa (epaimahaiburua), Alberto Garcia Innobasqueko presidentea, Begoña Gorizelaia Gaikerreko zuzendari nagusia, Carmen Vela Ikerkuntza, garapen eta berrikuntzarako Espainiako Idazkaria, Cristina Garmendia Genetrixeko presidentea, Guillermo Dorronsoro DeEsuto Business Schooleko dekanoa, Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen sailekoa, Miquel Molins BancoSabadell Fundazinoko burua, Oihane Agirregoitia Bilboko Bardintasun, Lankidetza eta Herritarren arloko zinegotzi ordezkaria eta Rosa Garcia Siemenseko presidentea.
Lehiaketearen oinarriak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!