Udalbiltzak eta Euskaltzaleen Topaguneak lankidetza hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2013-12-19 16:38   kulturbiz

Udalbiltzak eta Topaguneak lankidetza hitzarmena sinatu dabe gaur, Donostian. Hitzarmenaren bidez Udalbiltzak, bere Euskal Herriko Garapen eta Kohesino Fondoaren bidez, Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibau eta saretzeko egiten dauen lana babestu nahi izan dau, lan hori garatu ahal izateko finantzazinoa bideratuz.

Udalbiltza eta Euskaltzaleen Topaguneko presidenteek, Mertxe Aizpuruak eta Mikel Irizarrek hurranez hurran, lankidetza hitzarmena sinatu dabe gaur, Donostian. Hitzarmenaren bidez Udalbiltzak, bere Euskal Herriko Garapen eta Kohesino Fondoaren bidez, Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibau eta saretzeko egiten dauen lana babestu nahi izan dau, lan hori garatu ahal izateko finantzazinoa bideratuz.

Bi egitasmotan zehaztu da Udalbiltzak Euskaltzaleen Topaguneari emondako laguntzinoa: Topaguneak Ipar Euskal Herriko euskaltzaleen alkarte antolatuakaz sare lana zabaltzeko egitasmoan, batetik, eta Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bueltan euskaltzale alkarteek bultzatutako Euskereak 365 egun ekimenaren garapenean, bestetik. Izan be, bi egitasmo horreek euskaltzaleen mobimentua hazi eta indartzeko garrantzitsuak dirala azpimarratu dabe lankidetza hitzarmen hau sinatu daben erakundeetako presidenteek.

Topaguneak, Euskal Herri osoko euskaltzaleen alkarteak saretzeko helburuagaz sortutako erakundeak, sortu zanetik Hego Euskal Herrian egindako bidea oparoa izan dala azaldu dau Mikel Irizar Topaguneko presidenteak; urteotan guztiotan lau lurraldeetan euskaltzaleen mobimentua asko garatu da. Mobimentu honek Ipar Euskal Herrian zabalpen murritzagoa izan dauen arren, azken urteetan gero eta euskaltzaleen alkarte gehiago sortzen dagozala nabarmena izan da eta Topaguneak apustua egin nahi izan dau sarea osotu eta Euskal Herri osoko euskaltzaleen arteko hartu-emonak indartzeko. 2013 eta 2015 urteen artean garatuko dan lan horretarako Udalbiltzaren laguntza behar beharrezkoa dala azaldu dau Mikel Irizarrek eta hurrengo hilebeteetan lehen emoitzak jasoteko itxaropena dauela aurreratu dau.

Agerraldia erabili dau Topaguneak aurten martxan jarritako Euskereak 365 egun ekimenaren lehen balorazinoa egiteko. Euskaltzaleen alkarteen mobimentuak bultzatutako ekimenak helburu nagusiak bete dituala azaldu dau Irizarrek, euskaltzaleak plazara urteteko deia zabaldu baita eta euskaltzaletasuna euskeraz biziteko konpromisoagaz lotu baita.

Bi egitasmoen finantzazinorako 5.000 euroko diru-laguntzinoa bideratu dau 2013 urtean Udalbiltzak, Euskal Herriko Garapen eta Kohesino Fondoaren bidez.

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak adierazo dauenez, Udalbiltzak Topaguneagaz egindako hitzarmen hau, Euskal Herriko Garapen eta Kohesino Fondoaren barruan kokatzen dau, hain zuzen, Fondoaren Euskal Herria Sendotzen programearen barruan. Udalbiltzaren tresna honen egitekoen artean dago nazino garapena sustatu eta Euskal Herrian babesa eta autortzea behar daben eremuetara nazino alkartasuna bideratzea. 'Izan be, gurea Herri ukatua eta desegituratua da, erabagi arrotzek behartutakoa, eta nazino lez garatzeko eragozpen handiak doguz. Zorionez, bada entidaderik nazino garapenari lotuta danik. Udalbiltzak hareei jagoken autortza instituzionala emon nahi deutse. Sustapen laguntzinoa eta ekarpen ekonomikoa be sartzen dira Fondoaren Euskal Herria Sendotzen programearen barruan. Ondorioz, nazino eragileakaz hitzarmen estrategikoak sinatzea da helburua.

Joan dan irailean jarri genduan abian aitatutako programea, lehen hitzarmena izenpetuta Gaindegiagaz —Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiagaz. Aste honetan, barriz, jakinarazo dogu Euskal Herriko Laborantza Ganbareagaz be hitzarmena sinatuko dogula, eta orain Topaguneagaz lortutako akordioaren barri emotera gatoz.

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra da Udalbiltza, aurtengo martian berrantolatu da, 'eta nazino eraikuntzea eta nazino egituraketea ardatz hartuta gabilz bidea egiten, gero eta eragile, udal eta bestelako instituzino gehiagogaz. Jakina, euskereari berebiziko garrantzia emoten deutsagu.

Udalbiltzaren Nazino Gobernuak, 2013-2015eko plangintzearen barruan, euskerearen trasmisinoa eta erabilpen soziala sustatu nahi ditu eragileakaz alkarlanean, eta, era berean, euskerea ofiziala ez dan lurraldeetan hizkuntz politikan eragin nahi dau. Topaguneagaz dogun akordio honek arlo bi horreek jasoten ditu: Euskereak 365 egun ekimenaren bidez, euskeraz biziteko konpromisoa; eta euskerea ofiziala ez dan Ipar Euskal Herrian, bertako euskaltzaleen alkarte antolatuakaz sare lana zabaltzea.

Testuinguru horretan kokatu behar dogu, beraz, Topaguneagaz egindako hitzarmena, baita joan dan astean Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoagaz izaniko bilkurea, Errigora herri ekimenari emondako bultzadea, Alozeko ikastolari luzatutako diru-laguntzinoa edota Uemagaz garagarrilean egindako bilerea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu