Arriaga Antzokiak 'Herritmo'-ren estreinaldi absolutua hartuko dau, Oreka Tx, Kukai eta Kalakan hirukoteagaz
2013-12-11 12:13 kulturbizArriaga antzokian Herritmo ikuskizunaren lehenengo emonaldia izango da gaur, abenduak 11, arratsaldeko 20:00retan. Jantzak, musikea, kantua eta herri-kirolak buztartzen dituan eszena-kolaborazino bat da, Oreka Tx taldearen, Kalakan hirukotearen eta Jon Mayak zuzentzen dauen Kukai Dantza Konpainiaren artekoa.
Arriaga antzokiko eszenatokiak Herritmo ikuskizunaren lehenengo emonaldia bizi izango dau abenduaren 11n, arratsaldeko 20:00retan. Jantzak, musikea, kantua eta herri-kirolak buztartzen dituan eszena-kolaborazino bat da, Oreka Tx (Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte) taldearen, Kalakan hirukotearen (Thierry Biscary, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere) eta Jon Mayak zuzentzen dauen Kukai Dantza Konpainiaren artekoa. Ikuskizun erabat barri eta bardinbako bat, euskal eszenako artista onenen ordezkaritza mardula eszenatokian batuko dauena.
Herritmo ikuskizuna hainbat diziplina eszenaratzen dituan proiektua da: jantzak, musikea, kantua eta, gure apustua, herri kirolen ikuspegi artistikoa. Diziplina horreek guztiek orekea eta indarra dabe ezaugarri, guztiak dira herri-erritmoaren sortzaile. Eszena-erronka barri bat, bere estreinaldi absolutua Arriaga antzokian izango dauena abenduaren 11n.
Herri kirolak, maila kulturalean balio ukaezina dauen adierazpidea, plazatik antzokira eroan nahi izan dogu, lanbideen mobimentuak koreografia bihurtuz eta baserriko lanabesen sonoridadea landuz, publikoaren aurrean ez ohikoa dan planteamendua egitera gatoz.
Herritmo Oreka TX, Kukai Dantza Konpainia eta Kalakan hirukotearen arteko lankidetzearen fruitua da. Lehenengo talde biak ondo ezagunak ditu Arriagako publikoak, eta Kalakan hirukotea, barriz, Madonnari laguntzen ibili zan 2012ko mundu biran.
Hansel Cereza eszeniko zuzendaria da, La fura dels Baus konpainiaren sortzailetako bat eta beste proiektuen artean Las Vegas urian, 2006. urtean estreinautako Cirque du Soleileko Love ikuskizunaren sorkuntza taldean parte hartu dau.
Hogeita hamahiru urte daroaz Hansel Cerezak ikuskizunen munduan, barrikuntza eta proposamen barriak egiten. Hanselek 80. hamarkadearen hasieran ekin eutson ibilbide profesionalari. Europako muturreko antzerkian eta estilo abangoardistan hasi zan Fura dels Baus konpainiako kide lez. Jantza ikuskizunak, zirkua, antzerkia, merkataritza ekintzak, makro ekitaldiak eta nazinoarteko inaugurazino ekitaldiak zuzendu ditu. Etenbako bilakaeran dagoan diziplina anitzeko artistea dogu Hansel Cereza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!