Kalean dago Astola aldizkariaren 7. zenbakia

Bizkaie! 2013-12-03 10:31   kulturbiz

Gerediaga Elkartearen ekimenez, hamar erreportaje interesgarri bidelagun hartuta, Durangaldeko historian sartzeko aukerea emoten deusku Astola aldizkariko zenbaki barri honek. Ohiko salmenta puntuetan eta Durangoko azokan salgai egongo da urtekaria, 5 euroan.

Gerediaga Elkartearen ekimenez, hamar erreportaje interesgarri bidelagun hartuta, Durangaldeko historian sartzeko aukerea emoten deusku Astola aldizkariko zenbaki barri honek. Ohiko salmenta puntuetan eta Durangoko azokan salgai egongo da urtekaria, 5 euroan.


Erreportajeak banan banan:

Bandoen arteko gerrak. Juan Manuel González Cembellin. Europa Atlantikoak krisialdi ekonomiko eta sozial sakona bizi izan eban 1300etik 1500era. Giro horretan noblezia ondo ebilen. Krisialdia zala eta, noblezia sarritan sartu zan gerrateetan, irabaziak eta boterea lortzeko. Gure lurraldean oñaztarrak eta ganboatarrak mende eta erdiz ibili ziran alkarren kontra burrukan.


Garai bateko Sanantonio zoragarriak. Juan A. Hernández. Bagilaren 13an, urtero Euskal Herri osoko jentea dotore jazten zan Urkiolara joateko. Herritarrak trenez, autobusez, gurdiz nahiz oinez heltzen ziran. Urkiolan emoten eben eguna eta santuari errezeteaz be gogoratzen ziran. Askok kanpoan igaroten eben gaua. Gerraostean, gorri denporan, jaiegun hori primerakoa zan eguneroko bizimodu gogorrean eten bat egiteko.


Auzoa alkarteen burrukak. Rakel Calvo. Durangoko biztanleria ikaragarri hazi zan joan zan mendearen erdialdean. Jentetza hori etxe merkeetan jarri zan biziten, eta auzo horreetan sortu ziran auzo-mobimentuen burrukek herriaren beraren bizimodua baldintzatu eben. Hau da burruka horreen kronikea.


Txakolina, urteko ardaoa?. Uri Astola. Lurretik sortutako produktuen artetik batek behintzat bilakaera bikaina izan dau, eta gaur egun erreferentea da gure gastronomian. Sasoi batean indarrik bako ardao garratza begitantzen jakon jenteari, eta merkaturatu beharrean etxean edaten eben; baina txakolingileen lan gogorrari esker, kalidadezko ardaotzat onartzen dabe gaur egun.


Durangoko arma-fabrikea. Juan L. Calvó. Durangoko Madalenosteko eraikina 1990ean bota eben. Lantegi zahar harek kokatu eban Durango Euskal Herriko armagintzearen mapan. Riera, López y Cª izenagaz eta Durangoko fabrika izenagaz ezagutzen eben. XIX. mendearen erditik mendea amaitu arte errebolber eta eskopeta asko egin zituen bertan.


Durango, grabduetan eta ilustrazinoetan. Joseba Aizpurua. XVI. mendetik XIX. mendera (harik eta argazkigintzea asmau arte) marrazkilariek eta grabatzaileek egiten zituen irudiak; paisajeak, eraikinak, jente ospetsua nahiz jazoeren irudiak. Helburua dokumentatzea eta informatzea izan arren, ilustrazinoak balio plastiko eta artistiko handikoak dira.


Ermua, milaka etorkinen harleku. Estibalitz González. 1960. hamarkadan, Ermua eta Benidorm izan ziran Estadu guztian biztanle hazkuntza-portzentajerik handiena izan eben bi udalerriak. Orduan etorritakoak, bertakotzen joan dira eta horreen ondorengoen mestizajeak emoten deutso herriari egun dauen pluraltasuna eta kultur aberastasuna.


Mikeldiren misterioa. F. F. Palacios / Mikel Unzueta. Mikeldi idoloaren inguruan mende askotan zehar sortu dira usteak eta teoriak; jatorriari, esanahiari eta egileari buruzkoak hain zuzen be.Testuinguru arkeologikorik ez daukanez eta Euskal Herrian antzeko beste piezarik ez dagoanez, misterioak gaur egunera arte iraun dau.


Elorrioko monastegiak eta komentuak. Igor Basterretxea. Elorrion monastegien eta nekropolien bidez alkartu zituen inguruetako herritarrak Goi Erdi Aroan. Bada, bai garai haretan bai Aro Modernoan, Elorrio oso aktiboa izan da eta hezkuntzak beti piztu dau interes handia herrian. Horrexegaitik dagoz horrenbeste erlijino-erakunde, eta Jesuitak herrira erakarteko asmoa be interes horren ondorioa izan zan.


Bilatzeko grina. Lorea Madina. Euskadiko salbamendu-txakurren taldea (GPSE) 30 urtetan ibili da lanean musutruk. Aitzindariak izan ziran. Taldeak lan garrantzitsua egin arren, larrutik ordaindu dabe inoiz. Besteak beste, taldekide batzuk lanean ebilzala hil ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu