Euskaltzaindiak osoko bilerea egingo dau barikuan Zarautzen
2013-11-28 10:22 kulturbizZemendiaren 27an, ehun urte bete dira Inazio Eizmendi Basarri bertsolari, kazetari, idazle eta ohorezko euskaltzaina jaio zala, eta mendeurrena dala-eta, urte osoan zehar Basarriren omenezko ekitaldi batzuk egiten dagoz, Zarauzko Udalaren eta Montxia Bertso Eskolearen ekimenez.
Euskaltzaindiak osoko bilkurea egingo dau barikuan, zemendiaren 29an, Zarauzko Udaletxean, eta, ondoren, bertako Udalagaz batera, agiriko bilkurea egingo dau. Izan be, zemendiaren 27an, ehun urte bete dira Inazio Eizmendi Basarri bertsolari, kazetari, idazle eta ohorezko euskaltzaina jaio zala, eta mendeurrena dala-eta, urte osoan zehar Basarriren omenezko ekitaldi batzuk egiten dagoz, Zarauzko Udalaren eta Montxia Bertso Eskolearen ekimenez.
Akademiako iturriek adierazo dabenez, Zarauzko Udalak eta Montxia Bertso Eskoleak ondoko erakundeak izan ditue alboan mendeurrenaren egitaraua prestatzeko: Zarautz Abesbatza, Eusko Ikaskuntza, Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskaltzaindia.
Euskaltzaindiaren osoko batzarra barikuan izango da, beraz, 10:00etan, Udaletxeko Pleno Aretoan, eta leku berean egingo da agiriko bilkurea, 12:00etan. Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hasierea emongo deutsie ekitaldiari. Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzain eta Akademiaren Herri Literatura batzordeko kideak Basarri 1931-1943 berbaldia emongo dau, eta Xabier Euzkitze batzorde bereko kideak Basarriren bertsoak kantauko ditu, ekitaldian zehar.
Bilkura horretan be, Basarriren senideei oroitarri bat emongo jake, eta amaitu ostean, Inazio Eizmendiren omenezko plaka bat zabalduko da Azken Portun, bera bizi izan zan etxe aurrean.
Erakusketea
Basarriri buruzko erakusketea zabalik dago Sanz Enea Kultura Etxean, eta barikuan, gaueko 22:00etatik aurrera, Basarritik Azken Portura ekitaldia egingo da, Aritzbatalde kiroldegian. Bertsoa, irudia, musikea eta antzerkia buztartzen dituan ikuskizuna da eta Montxia Bertso Eskoleak antolatu dau.
Xabier Etxeberriak egin dau gidoia eta Patxi Santamariak eta Ainhoa Alberdik emonaldia gidatuko dabe. Besteak beste, Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Imanol Lazkano, Aitor Sarriegi eta Felix Zubia bertsolariek parte hartuko dabe; gai-jartzaile, barriz, Joxemari Iriondo eta Joxerra Gartzia ibiliko dira.
Horrezaz gan, Basarriren bertso jarri batzuekaz saio musikatu txikia eskainiko dabe Agosti Aranburu eta Xabier Etxabe musikari zarauztarrek. Azkenik, Skasti taldeak Basarriren bertsoakaz bersino barri bat aurkeztuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!