Nahikari Ayorentzat Getxoko IV. Euskera Saria
2013-11-21 12:08 Euskerea berbagaiLaugarren edizinoa Nahikari Ayorentzat izan da, orain hamar urtetik udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzako klaseak emoten dabilenarentzat, ume eta gazteen artean euskerearen erreferente bihurtu dalako. Ayok ikastetxeetan bertsolaritza, euskerea eta ondo pasetea lotzea edo buztartzea lortu dau eta hori oso garrantzitsua da gazteentzat.
Nahikari Ayo erromotarrak jasoko dau Argia Ereiten Euskera Saria datorren zemendiaren 28an, 20:00etan, Biscaytik Areetako Bake Eder Ezagutza Zentroan egingo dan ekitaldian. Getxoko Udalak euskerearen erabilerea babestu, sustatu edo zabaltzeko zereginetan nabarmentzen diran Getxoko erakunde, alkarte edo personak goraipatzen ditu Sariagaz. Laugarren edizinoa Nahikari Ayorentzat izan da, orain hamar urtetik udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzako klaseak emoten dabilenarentzat, ume eta gazteen artean euskerearen erreferente bihurtu dalako. Ayok ikastetxeetan bertsolaritza, euskerea eta ondo pasetea lotzea edo buztartzea lortu dau eta hori oso garrantzitsua da gazteentzat. Horrezaz aparte, ALBE Algortako Bertsolari Eskolan be emoten ditu klaseak; bertsoak kantetan be ibilten da, eta baita epaile eta gai-jartzaile lanetan be. Ekitaldian, euskaltzale getxotarren esker ona jasoteaz gan, Luis Artola artisauaren egurrezko eskulturea be jasoko dau Nahikari Ayok.
Nahikari Ayo oso pozik dago, Saria ez ebalako espero eta holako gauzak beti hartzen diralako gustura, gehienbat, azken urteotan egindako lanaren errekonozimendua da. Etxekoen eta ikasleen errekonozimendua hor egoten da beti, baina herri mailan izateak esan nahi dau zure lana ondo egiten zabilzala eta horrek poza emoten dau adierazo dau erromotarrak.
Nahikari Ayok bertsolaritzea irakasten dau eskoletan eta ikastoletan. Aurtengoa urte berezia da berarentzat hamargarren urtea dalako zeregin horretan. Astean behin sartzen da Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan eta DBHko lehenengoan eta erakusten deutse zer dan bertsolaritzea, bere oinarriak, eta ahal dan neurrian egindako hori plazaratzen dabe kalean. Aixerrota Institutuko DBHko laugarren eta Batxilergoko lehenengo eta bigarren mailetan musika arloko bi proiektutan be dago. Hasi zanean 200 bat ikasle egozan eta gaur egun 800 bat. Bestalde, ALBE, Algortako Bertsolari Eskolan be klaseak emoten ditu, Imanol Uriagaz eta Itsaso Payagaz batera, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile lanetan ibilteagaz batera, aspaldi ez dau publikoaren aurrean kantetan, ikasleen aurrean bai. Berak adierazo bezela, ikasle batzuentzat bertsolaritzea gauza arraroa da, ez dakitelako nondik datorren, zer dan… Azkenean lortzen dogu guztiei gustetea, modu batean edo bestean eta nik bertsolaritzea transmitiduteaz gan, gustetan jat esatea zuen herrian badaukazue, nahi badozue, euskeraz biziteko aukerea. Nik, ahal dodanean, familiagaz, lagunakaz… euskeraz egiten dot.
Nahikariren eretxiz, azken urteotan euskerearen sustapen lanean asko aurreratu da herrian, nahiz eta oraindino erabilerea hobetu behar dan. Ume eta nerabeei jagokenez, bertso irakasleak dino jakin badakitela, gramatikea, hizkuntzea kontroletan dabela baina arazoa dala ez dabela erabilten. Nik esaten deutset eurek be euren aldetik jarri behar dabela eta berba egin behar dabela. Ni saiatzen naz transmitiduten euskerea ez dala bakarrik eskolako kontua, kaleko kontua be badala gehitu dau Nahikarik. Euskera saria lako ekimenak ondo dagoz bultzada bat diralako. Aurten niri tokau jat baina nik uste dot herrian badagoala euskerearen aldeko lan handia egiten dauen jente asko amaitu dau Nahikari Ayok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!