LUMA aldizkariak antolatuta, zemendiaren 23an jokatuko da Irunen Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VII. Txapelketea

Bizkaie! 2013-11-20 10:44   kulturbiz

25 € ordainduko ditu txapelketan parte hartu nahi dauen lehiakide bakotxak (txapelketea + bazkaria), 20 € LUMA aldizkariaren harpideduna bada. E-postaz (xedera@xedera.com) edo telefonoz (943 630 883) emon daiteke Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VII. Txapelketan parte hartzeko izena, eta 2013ko zemendiaren 20a izango da horretarako azken eguna.

LUMA aldizkariak antolatuta, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VII. Txapelketea Irunen jokatuko da datorren zapatuan, zemendiaren 23an. Igazko ekitaldian lez, Irungo Udalaren babesa, eta Eusko Labelaren eta Irungo Ola Sagardotegiaren laguntzinoa, jaso dau aurtengo edizinoak.

Euskerazko berba joko, berba kurutzatu eta denpora-pasa jokoak eskaintzen ditu hilero LUMA aldizkariak (120 zenbaki kaleratu ditu dagoeneko) eta zazpigarren aldia dau gaurgero txapelketa hori antolatzen, arrakasta handiagaz ganera. Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako berba kurutzatu zaleak lehiatuko dira aurten Xabier Azkue zumaiarrak igaz jantzi eban txapelaren alde.

Euskaldunak jokozale porrokatuak garen arren, ez dira gurean oso ohikoak era honetako lehiaketak, hau da, hizkuntzea langai hartzen daben probak. Berba kurutzatuen txapelketa honetan, lau berba kurutzatu taula edo kurutzegrama osotu beharko ditue lehiakideek txapelketa eguneko goizean luzatuko dan norgehiagokan. Lau saio egin beharko ditue horretarako: kanporaketa izaerakoak dira lehenengo biak, eta hamasei onenak baino ez dira hirugarrenera, hau da, finalerdira igaroko. Finala jokatuko daben lau lehiakideen izenak zehaztuko dira hirugarren saio horretan. Mahaian jesarri eta lapiza ondo zorroztu ondoren ekiten deutse lehiakideek lehenengo hiru saio honeei. Finaleko berba kurutzatu taulea, barriz, jentaurrean eta paneletan bete beharko dau finalista bakotxak, ganerakoek eginikoaren barri zuzenean jakiteko modurik izango ez dauela.

Hizkuntzearen ezagutza sakonaz gan, zentzua, gogo ernea eta mundutasunak eskatzen dauen erudizino-punta hori be erakutsi behar ditu lehiakideak, ez baita hau sinonimo lehiaketa hutsa. LUMA aldizkariko profesionalek sortu eta prestautako jokoak beteko ditue lehiakideek, eta zuzentasuna, lehenik, eta bizkortasuna, ondoren, hartuko ditue kontuan epaileek hareen lana neurtzerakoan.

Holan nahi daben berba kurutzatu edo kurutzegrama zale euskaldun guztiek hartu leikie parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketan. 25 € ordainduko ditu txapelketan parte hartu nahi dauen lehiakide bakotxak (txapelketea + bazkaria), 20 € LUMA aldizkariaren harpideduna bada. E-postaz (xedera@xedera.com) edo telefonoz (943 630 883) emon daiteke Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VII. Txapelketan parte hartzeko izena, eta 2013ko zemendiaren 20a izango da horretarako azken eguna. Txapelketa egunean bertan egingo da ordainketea.

'Garai argalak bizi badoguz be, sariak ez dira edozelakoak izango', adierazo dau Iñaki Agirresarobe, LUMA taldeko kideak. 'Txapelaz gan 350 € eroango ditu irabazleak, 225 bigarrenak, 120 hirugarrenak eta 60 laugarrenak. Finalerdira helduko diran lehiakide guztiek 20 €-ko saria jasoko dabe eta, bestalde, produktu labeldun sorta bana eroango dabe lehiakide guztiek, Eusko Label markak eskainia'.

Beraz, zemendiaren 23ko ordu bi eta erdiak aldera jakingo dogu nork jantziko dauen Euskal Herriko VII. Hitz Gurutzatuen lehiaketako txapela. Azkeneko txapeldunak, Xabier Azkue zumaiarrak, barriro be? Beharbada, baina gatazka bizian ahalegindu beharko dau horretarako, aurten be lehiakide indartsuak izango baititu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu