Manuel Irujok erbestera eroan zituan liburuen artxiboa dohaintzan jaso dau Liverpooleko Unibersidadeak
2013-11-15 10:03 kulturbizManuel Irujoren ondorengoek, abokatu eta politikari jeltzale zanak Pariseko eta Londreseko erbestera eroan zituan liburuen artxiboa dohaintzan emon barri deutsie Liverpooleko Unibersidadeari. Horregaz batera, Etxepare Euskal Institutuak bi ekimen barri jarriko ditu abian Irujo zanaren lana eta itzala aztertzeko: Manuel Irujo Lecture Biltzarra eta Manuel Irujo Fellowship Katedrea.
Manuel Irujoren ondorengoek, abokatu eta politikari jeltzale zanak Pariseko eta Londreseko erbestera eroan zituan liburuen artxiboa dohaintzan emon barri deutsie Liverpooleko Unibersidadeari. Horregaz batera, Etxepare Euskal Institutuak bi ekimen barri jarriko ditu abian Irujo zanaren lana eta itzala aztertzeko: Manuel Irujo Lecture Biltzarra eta Manuel Irujo Fellowship Katedrea.
Horren guztiaren barri emon dabe bart Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian. Aurkezpena Manuel Irujo zanaren omenaldi autorpen bat be bihurtu da, erakundeen eta familiaren ordezkaritza zabalari esker, eta bertan izan dira Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeroaile eta Herri Administrazino eta Justizia sailburua, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskerearen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria, Chris Harris Liverpooleko Unibersidadeko Kultura, Hizkuntzak eta Ikerketak saileko burua, Miren Button Irujo Manuel Irujoren lobea, Richard Chandler Manuel Irujoren senitartekoa eta Aingeru Epaltza idazle eta Manuel Irujoren senitartekoa.
Ekitaldian nabarmendu dabe Liverpooleko Unibersidadea garrantzi handiko zentroa dala, euskal gaiei buruko irakaskuntza eta ikerketeari jagokenez. Zentroak Etxepare Institutuko Euskera eta Euskal Kulturako irakurle bat dauka 2011tik, baina bertako Hizkuntzak eta Ikerketak sailak lan handia egin dau, aspalditik, euskerearen eta euskal ikasketen alde.
Gainera, gero eta ahalegin handiagoa egiten dagoz; holan, euskal ikasketen ardurea hartuko dauen behin betiko lanpostu bat sortu behar dabe laster, euskal ikasketak diru laguntzinoen bitartez sustatzen hasiko dira eta laster sailaren eskaintzearen % 20 euskeraz emongo dabe.
Saileko buru dan Chris Harrisek Irujotarren eskuzabaltasuna eskertu dau eta Mari Jose Olaziregi doktorearen lan sendo eta inspiratzailea eta Juan Aranaren unibersidadean egiten dauen lan emonkorra azpimarratu ditu; Liverpooleko Unibersidadea euskal hizkuntzearen eta kulturearen sustapenean aitzindari dala esan geinke, gaineratu dau.
Joan dan urrian, Manuel Irujoren ondorengoek, Irujok Pariseko eta Londreseko erbestera eroan zituan liburuen artxibo garrantzitsu bat dohaintzan emon eutsien Liverpooleko Unibersidadeari. Miren eta Ane haren lobek eroan zituen zuzenean, unibersidadeak egiten dauen lana autortzeko eta euskal ikasketak eta bereziki euskal erbesteari buruzko ikerketea sustatzeko asmoz.
Miren Button Irujok azaldu dauenez, funtsa 25 urtez izan dabe gordeta, eta orain bitan banatu dabe: aldizkariak eta egunkariak Lazkaoko Aita Agirreren artxibora eroan ditue, eta liburuak Liverpoolera.
Liburuen artxiboak 400 ale baino gehiago batzen ditu. Euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez idatzitako liburuak dira, hainbat gaiei buruzkoak: euskal hizkuntzea eta literaturea; Nafarroa; euskal gizartea eta folklorea; Espainiako gerra zibila eta euskal politikea; gerraostea Euskal Herrian; euskal nazionalismoa; euskaldunak eta Amerika; egunkariak; historia, bidaiak, geografia, zientzia edota natureari buruzko lanak eta abar.
Katalogetan dituenean berezko tokia izango dabe Liverpooleko Unibersidadeko Liburutegian, E. Allison Peers artxiboagaz, E.J. Burford eta Ronald Fraser bildumakaz eta Eleanor Rathbonen agiriakaz batera.
Testuinguru horretan kokatzen dira orain Etxepare Euskal Institutuak Liverpooleko Unibersidadean abiarazoko dituan bi ekimen barriak, biak be Manuel Irujo zanaren lana eta itzala aztergai izango dabenak: Manuel Irujo Lecture Biltzarra eta Manuel Irujo Fellowship Katedrea, 2014-2015 ikasturtetik aurrera abian jarriko dana.
Mari Jose Olaziregik azaldu dauenez, erbestea, nahitaez eragiten dan kanporatzea dan aldetik, atzerriratuak izan diran milaka euskal herritarren oroimena, deserrotzea gure identidade kolektiboaren parte diralako eta ahanzturatik berreskuratu behar doguz.
Horregaitik, ekimen honeek euskal erbestea hurrengo belaunaldiei ezagutzera emotea dabe helburu, gradu eta graduondoko mailan eskainiko diran eskolen bidez, eta Liverpooleko Unibersidadeak emongo dituan beken bidez. Euskal erbesteari buruzko ikerketea, irakaskuntzea, euskal kulturearen globalizazinoa, horra Etxepare Euskal Institutuak Liverpoolen abiatzen dituan egitasmoakaz dituan helburuak, azaldu dau.
Manuel Irujo Lecture I. Biltzarra zemendiaren 27an izango da. Konbidaduak, familia eta Liverpooleko Unibersidadeko arduradunez gan, Ludger Mees irakaslea, Iban Zaldua idazlea eta Xabier Irujo Ametzaga Center for Basque Studieseko irakaslea izango dira, azken hau bideo berbaldi bidez. Irujoren bizitzeari buruzko ikus-entzunezko bat be emongo dabe, eta bere fondoa bisitau liburutegian.
Bestalde, Manuel Irujo Fellowship Katedrea 2014-2015 ikasturtean jarriko da abian, eta hau be urtero egingo da. Katedreak aztergai izango dauen gai nagusia euskal erbestea izango da, eta gaiaren gaineko ikerketak eta irakaskuntzea sustatuko ditu. Lehen urtean Manuel Irujoren gaineko ikerketea bultzatuko dau katedreak eta Xabier Irujo izango dau lehen irakasle konbidadu lez.
Richard Chandler Miren Button Irujoren senarrak be esku hartu dau aurkezpenean, euskeraz, eta ekimen horreen guztien aurrean Manuel zana oso harro egongo litzatekeela azpimarratu dau.
Aingeru Epaltza idazlea, hau be Irujoren senidea, tragedia handi bat izanda bere, erbesteak ondorio emonkorra be izan dauela azpimarratu dau. Munduak gu ikusteko balio izan dau, eta guk mundua, esan dau.
Azkenik, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeroaile eta Herri Administrazino eta Justizia sailburuak Manuel Irujoren aspaldiko zaletzat aurkeztu dau bere burua, eta ha legegizon izan zan aldetik ekarri dau gogora. Bere esanetan, Irujok argi asko erakutsi eban, bere aburuz, Zuzenbidea ez zala, berez, helburu bat, gizakiaren zerbitzura jarri behar zan gizarte-tresnea baino. Abokatu lanetan, Errepublikako Gorteetan, Justizia ministro izan zan garaietan eta erbestean gero, guztietan itxi eban hori garbi. Legegizon integrala izan zan. Zuzenbideak gizakiaren duintasunaren zerbitzura bakarrik daukala zentzua uste daben horreetako bat, adierazo dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!