hóPLAY13 bideo joko independenteen nazinoarteko lehiaketea zemendiaren 25etik abenduaren 1era izango da Bilbon

Bizkaie! 2013-11-14 14:41   jardunaldiak

Nazinoarteko aisialdi elektronikoaren eta arte alkarreragileen arlo ludiko, teknologiko, industrial, kultural eta sozialak batu eta proiektauko dira Bilbon. Jaialdian bideo joko independenteen sormenaren arduradunen lana goraipatu nahi da, bai eta euren izaera hezigarria eta sortzailea be.

Bilboko Alondigeak hóPLAY13 Bideo Joko Independenteen Nazinoarteko IV. Lehiaketea antolatu dau zemendiaren 25etik abenduaren 1era, urteroko erreferentziako hitzordua izateko helburuagaz. Nazinoarteko aisialdi elektronikoaren eta arte alkarreragileen arlo ludiko, teknologiko, industrial, kultural eta sozialak batu eta proiektauko dira Bilbon. Jaialdian bideo joko independenteen sormenaren arduradunen lana goraipatu nahi da, bai eta euren izaera hezigarria eta sortzailea be.

Antolakuntzeak prentsaurrekoan gaur Bilbon adierazo dauenez, aurten, hóPLAY topaketeak bideo joko independenteen sektorea sustatu nahi dau, artea eta teknologiaren arteko alkartasuna azpimarratuz. Bertan, ezagutza hartu-emonak sortu dituen eta sortzeko dituan ondorio positiboak ezagutarazo nahi dira.

Era berean, hóPLAY13k bideo jokoen sektorean lan egiten daben bertoko enpreseen aldeko apustuari eutsiko deutso, eta Bilbo topaketa gune bihurtu nahi dau sektoreko sortzaile independente eta barritzaileen artean. Esperientziak trukatzeko giro baten inguruan, bertoko eta kanpoko enpresen arteko hartu-emonak eta proiektuak sortzea dau helburu ekitaldiak, bai eta bideo jokoen euskal enpresak nazinoarteko bihurtzea be.

hóPLAY Nazinoarteko Bideo Joko Independenteen Lehiaketearen laugarren edizinoak sektoreko enpresari eta garatzaile ospetsuak batuko ditu Bilbon. Gainera, ekintza profesionalak eta 'networking' saioa antolatu dira.

Topaketak iraungo dauen astean zehar, bideo jokoen inguruan hainbat tailer antolatu dira: irudi digitalen tailerrak, tableten erabilerazkoak eta ikasgeletako bideo jokoak, besteak beste. Mediatekan be, bideo jokoek eskaintzan dituen irtenbide profesionalak aztertuko dira.


111 joko lehian

hóPlay Nazinoarteko Bideo Joko Independenteen Lehiaketearen laugarren edizinoan 12 herrialdeetako 111 joko izango dira lehian. Zemendiko azken astean, bertoko eta nazinoarteko jokoen sail ofiziala izango da, eta bertan, epaimahaiak aukeratutako lanak ikusi ahal izango dira ate edegiko jardunaldietan, zaleek eta profesionalek lanen sormen prosezua ezagutu deien. Gina Tost, Joaquin Perez eta Ricardo Lazaro izango dira epaimahaikideak.

Era berean, topaketako bisitariek euren artean alkartzeko gunea izango dabe aste osoan zehar, eta bertan, ideiak, sortutako lanak eta etorkizuna aztertzeko leku bat izango da.

Gainera, zemendiaren 27an, aurreko lau urteetan lez, Euskal Bideo Jokoen Eguna ospatuko da, eta euskal enpresek sektorearen inguruan egindako lanak aurkeztuko dira. Egun berberean, arratsaldeko 19:30ean, hóPLAYko sari banaketea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu