'Egungo euskal saiakeraren historia' kaleratu barri dau EHUk

Bizkaie! 2013-11-14 11:16   kulturbiz

Euskal Herriko Unibersidadeko Laida ikerketa taldeak Egungo euskal saiakeraren historia liburua argitaratu barri dau. Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (1985) eta Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak (2009) mugarrien artean dagozan beste hamar zutabe aztertzen ditu Euskal Literatura Saileko behar barriak.

Euskal Herriko Unibersidadeko Laida ikerketa taldeak Egungo euskal saiakeraren historia liburua argitaratu barri dau. Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (1985) eta Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak (2009) mugarrien artean dagozan beste hamar zutabe aztertzen ditu Euskal Literatura Saileko behar barriak, tartean aurten Euskadi saria irabazi daben idazle biren saioak dagoz, hau da, Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) eta Jon Suduperen Hizkuntza ados jartzeko da.

Liburuak aukeratzeko erespide bat baino gehiago erabili dira; idazlanaren garrantzia euskal literaturearen bilakaeran, egilearen garrantzia eta joera desbardinak aurkeztearen asmoa, besteak beste. Euskal Herria bera da lanen erreferentzia puntu nagusia; halan, politikea, gatazkea, kultura eta modernidadearen eta tradizinoaren arteko lehia dira protagonista liburuak aztertzen dituan 12 saiakeretan.

Hemen, jorratutako lanak, banan-banan: J. Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (1985), Patziku Perurenaren Koloreak euskal usarioan (1992), Joxe Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak (1992), Jon Alonso Fourcaderen Idiaren eraman handia (1995), Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) (1999), Arantxa Iturberen Ai, ama! (1999), Pedro Alberdiren Satorrak baino lurperago (2000), Aingeru Epaltzaren Bezperaren bezpera (2007), Antton Lukuren Euskal kultura? (2009), Juan Bautista Bengoetxearen Ziborgaren otzantasuna"(2009), Jon Sudupe Martijaren Hizkuntza ados jartzeko da (2009) eta Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak (2009).

Jon Kortazarren zuzendaritzapean lanean jarduten dauen EHUko Laida ikerketa taldearen emoitzea da Egungo euskal saiakeraren historia, eta ale honen arduraduna Francisco Javier Rojo izan da. Euskal Literatura Saila bildumeak XX. mendearen azken hamarkadetatik hasita orain arte euskal literatureak izandako ibilbidea lantzen dabil.

Eleberria, poesia, ipuingintzea, ume eta gazte literaturea eta antzerkiari jagokozan liburuak, eta nobelea eta zinemearen arteko lotureari buruzkoak, argitaratuta dagoz daborduko. Hurrengo liburua komikigintzearen ganekoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu