'Gasteizko Toponimia IV, Langraiz' liburua aurkeztu dabe Gasteizen

Bizkaie! 2013-11-13 17:45   kulturbiz

Arabako uriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak batzea, eta era sistematikoan batzea, izan da Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua. Izen guztiakaz batera, artxiboetan topautako dokumentazino guztia be batu da. Izan be, lan honen azken asmoa gaur egun erabilten ez diran toponimoak berreskuratzea da, eta jagokezan forma idatziak arautzea eta finkatzea.

Gaur, zemendiak 13an, Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz argitalpena aurkeztu dabe Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizen, Montehermoso Kulturunean. Argitalpena CD-ROM euskarrian eskaintzen da. Aurkezpena honako honeek egin dabe: Patxi Salaberri Zaratiegi egitasmoaren zuzendariak eta Elena Martinez de Madina egileak. Eurekaz batera Alfredo Iturritza Herritarrentzako Zerbitzuak eta Kirolak arloko zinegotzia eta Andres Urrutia euskaltzainburua izan dira.

Argitalpena Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Onomasticon Vasconiae bildumako 30. zenbakia da. Langraizko toponimo historikoak eta gaur egun bizirik dirautenak batzen dituan lan horren egilea Elena Martinez de Madina Onomastika batzordeko kide eta euskaltzain urgazlea da. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea Gasteizko Udala izan da, hasieratik bertatik.

Argitalpen hau Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen dan laugarrena da. Lehenengo biak -Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza)- 2009an kaleratu ziran. Hirugarrena, Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria, 2011n argitaratu zan. Roberto Gonzalez de Viñaspre da egitasmoaren aholkularia.


Lanaren nondik norakoa

Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz lanak Langraizko merindadean dagozan herrietako toponimoak era sailkatu eta normatibizatuan batzen ditu. Ondoko herrietako toponimoak batzen ditu: Ariz, Aztegieta, Krispiña, Eztarroa, Gometxa, Lermanda, Margarita, Mendotza, Otatza, Subilla, Zuhatzu eta Zumeltzu.

Ikerketa-lana egiteko, herri honeei jagokezan XIV. eta XX. mendeen arteko 70.000 leku-izen inguru batu eta aztertu dira. Ondorioz, 2.063 toponimo aurkezten dira, era honetan banatuak: Ariz: 278 toponimo; Aztegieta: 115; Krispiña: 120; Eztarroa: 167; Gometxa: 218; Lermanda: 151; Margarita: 150; Mendotza: 227; Otatza: 66; Subilla: 171; Zuhatzu: 237, eta Zumeltzu: 163.


1.531 toponimo historiko berreskuratu dira

Toponimia-sarrera bakotxak toponimoen dokumentu-lagin bat emoten dau. Gainera, izenaren etimologiaren gaineko oharrak, bere eboluzinoa, datu historikoak eta mapan dauen kokapena zehazten dira. Danetara, 24.000 datu dokumental batzen dira, eta toponimoa agertzen dan urtea, artxiboa, dokumentuaren signatura eta orria be adierazita dagoz.

Osogarri lez, aurkibide honek bi aurkibide dakarz, alfabetikoki sailkatuak: bata toponimoena eta bestea berbena. Azkenik, herrien mapak emoten dira, toponimoak bertan kokatuz.


Egitasmoa, 1996tik

Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa 1996ko irailean abiatu zan. Jose Angel Cuerda orduko alkateak, Gasteizko Udalaren izenean, eta Jean Haritschelhar euskaltzainburuak, Euskaltzaindiarenean, lankidetzarako hitzarmena sinatu eben. Hitzarmen horren arabera, Akademiak hizkuntzeari buruzko ikerketak egin eta argitalpenak prestauko zituan, Udalaren diru-laguntzeagaz. Orduan sinatu zan dokumentuan, Gasteizko toponimia ikertzeko egitasmoa beren-beregi aitatu zan. Lanak aurrera jarraitu dau Cuerdaren ostean izan diran alkateakaz be: Alfonso Alonso, Patxi Lazkoz eta Javier Maroto.

Hitzarmena sinatu ondoren, Euskaltzaindiak berehala osotu eban lantaldea. Esan bezela, Henrike Knörr zana buru zala, talde horri egokitu jakon egitasmoaren lehen fasea osotzea: artxiboak arakatu, informazinoa sailkatu eta toponimo guztien batze sistematikoa egitea.

2006ko garagarrilean lan hori amaitutzat emon zan. Ordutik aurrera, Henrike Knörr-ek eta Elena Martinez de Madinak, batutako informazino guztia gainbegiratzeaz gan, datu eta testuak hautatzeari ekin eutsien. 2008ko apirilaren 30ean, baina, Henrike Knörr hil zan eta Euskaltzaindiak Jose Luis Lizundia izentau eban euskaltzain zenduaren ordezko. Gaur egun, 2013ko martitik, Patxi Salaberri Zaratiegi da egitasmoaren zuzendaria.

Arabako uriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak -bai historikoak, bai eta bizirik dirautenak be- batzea, eta era sistematikoan batzea, izan da Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua. Izen guztiakaz batera, artxiboetan topautako dokumentazino guztia be batu da. Izan be, lan honen azken asmoa gaur egun erabilten ez diran toponimoak berreskuratzea da, eta jagokezan forma idatziak arautzea eta finkatzea.

Materiala batzeko, idatzizko informazino iturriak erabili ditue ikertzaileek, batez be artxiboetako informazinoa: Arabako Artxibo Historiko Probintziala, Arabako Lurralde Historikoaren Artxiboa, Eleizbarrutiko Artxibo Historikoa, Eleizearen Unibersidadeetako Artxiboa, Gasteizko Udal Artxiboa, Otazuko Artxiboa.

Danetara, 400.000 leku-izen inguru batu dira.

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu