UPV/EHUko Mikel Laboa Katedreak sormen eta ikerkuntza arloetako laguntzak erabagi ditu

Bizkaie! 2013-11-12 14:20   kulturbiz

Mikel Laboa Katedrearen helburuetako bat da Laboaren beraren lana, euskal folklorea eta gaur egungo arte-adierazpenak aztertzea. Horren haritik, aitatutako diru-laguntzinoak banatu ditu aurtengo ekitaldian.

UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Mikel Laboa Katedrearen helburu nagusia izanik euskal arteari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea eta gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberastea, honako diru-laguntzino honen deialdia esleitu dau aurten:

Batetik, doktorego-tesi bat egiteko laguntzinoa, unibersidadeko doktorego-bekakaz homologauta. Hautatua Josune Albisu izan da Sormenak gizartean duen eragina: Mikel Laboa eredu lanagaitik. Albisuk dino ikerketa lana aukeratu eta egiteko, elementu batzuk hartu nituan kontuan, beti be, nire zaletasun eta kuriosidadeagaz lotuta izan behar eben: Sormena, musikea, kulturea, euskerea. Horreek guztiak nahastau nituan eta azaldu zan lana egiteko gaia. Mikel Laboak ditu osogai horreek guztiak (eta gehiago, jakina). Mikel Laboaren bidez, sormenak gizartean dauen eragina ikertu nahi dot.

Bestetik, ikerketa-lan monografiak egiteko laguntzinoa. Aurkeztutako proiektuen kalidadea ikusirik, lau laguntza esleitu dira. Hautatuak ondokoak izan dira: Ana Gandara. Aurkezturiko proposamena: Mikel Laboa. Molde atzenduen berreskuratze modernoa; Argibel Euba, 1960. hamarkadako euskal kultura eta folkloreari buruzko film galduak ikerketa-lanagaitik; Imanol Artola. Aurkezturiko proposamena: Benito Lertxundiren kantagintza, euskal nazioaren eraikuntzan; eta, Auritz Aurtenetxe: Mikel Laboa eta bide esperimentala, Lekeitioak izeneko ikerketa-lanagaitik. Egingo dodan ikerketa lanak- dino Auritz Aurtenetxek- Mikel Laboaren musikagintzea dau aztergai nagusia. Bere sormen prozesuan lan ildoak hiru izan arren, kantu tradizionalen erabilerea, olerkari garaikideen poemen musikalizazinoa eta bide esperimentala, Lekeitioak, nire ikerketa lanak hirugarren lan ildoaren hausnarketa egitea dau oinarri. Holan Lekeitioak legez izentau zituan bederatzi kantuetan erabilitako sormen prozesua ezagutu eta bere adierazmolde barriak euskal kantagintzan ekarri eban barrikuntzaz jaubetzeko atxakia izango da.

Era berean, arte-sormena bultzatzeko bi diru-laguntzino esleitu dira: antzerkiaren arloan, hautatua Xan Aire izan da, Liluraren kontra lanagaitik. Aireren berbetan, Liluraren Kontra antzezlana, Mikel Laboaren, eta Bertolt Brechten, izen bereko kantuaren interpretazino intimoa da. Abesti hori entzuten dodan guztietan, historia bardinak, obsesino bardinak urteten deust: hori kanporatzeko, horretaz erditzeko garaia etorri jatala pentsau dot. Zer dan nire obsesino hori: mendiko baserri latz batean, gizon bat eta bere alabea bakarrik bizi dira. Edo bizirauten dabe. Ingurumen gogorraz gan, bien arteko hartu-emonak eroangatxak dira. Belaunaldien arteko zein gizon-emazteen arteko gatazkak, transmisinoak zelan huts egiten dauen... Eta egunerokotasun pisu horrek zelan ahaztuarazoten deuskun bizitza ez dala huskeria. Labrantza munduko hainbat tabu indarbakotu nahi dot. Liluraren Kontra antzezlana tragedia bat da, bizitzearen aldeko tragedia iluna eta melankolikoa, Laboaren kantua legez, nire begietan.

Arte plastikoen arloan, barriz, hautatua Ion Macareno da. Bere lanak Estutasuna dau izena. Macarenoren esanetan, Estutasuna esperientzia artistikoaren izateari jagoko: ekintza askatzailea eta berezkoa eta bat-bateko jarduna eta esperimentazinoa Mikel Laboaren jarduerearen oinarrizko zutabeak dira. Aitatutako bi ekintzok zalantza, ezegonkortasun eta nahibageari nahitaez lotuta dagoz: benetako estutasunak dira, hain zuzen.

Bestalde, Euskadi Irratiaren babesa dauen Mikel Laboa saria: Doinua hitz, hitza doinu be erabagi da. Irabazlea Beñat Antxustegi izan da Zu gabe kantuagaitik. Aukeratutako abestia- azaldu dau Antxustegik- era askotan ulertu daiteke. Pieza hau grabetan nagoan ‘Ezin’ diskokoa da. Abestiok gizarteak arteari jarten deutsozan oztopoei zuzenduak dira orokorrean. Produktibidadearen izenean hil daitekezan ideia mordoa. Behar bat asetzea da nire lana, buruan dodazan melodiak euskeraz grabetea ezelako inposatzerik barik.

Era berean, akzesit bi emotea erabagi dau Antton Valverde, Xabier San Sebastian eta Juan Kruz Igerabidek (idazkari gisa) osotutako epaimahaiak: Asier Lopezek sortutako Zinez kantuari eta Jon Amurriok eta Eñaut Urburuk alkarlanean sortutako Galeraren ura abestiari, hurranez hurran.

Mikel Laboa katedraren helburuetako bat da Laboaren beraren lana, euskal folklorea eta gaur egungo arte-adierazpenak aztertzea. Horren haritik, aitatutako diru-laguntzinoak banatu ditu aurtengo ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu