Koldo Mitxelena Kulturunea hasi da 20. urteurrena ospatzen

Bizkaie! 2013-11-05 10:36   kulturbiz

1993ko zemendiaren 5ean zabaldu eben Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea, gaur hogei urte, hain zuzen be. Urteurrena ospatzeko, egitarau berezia prestau dabe, kaleko ikuskizunak, musikea, poesia eta jantza saioak.

1993ko zemendiaren 5ean zabaldu eben Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea, gaur hogei urte, hain zuzen be. Urteurrena ospatzeko, egitarau berezia prestau dabe, kaleko ikuskizunak, musikea, poesia eta jantza saioak.

Ekintza berezi bat antolatu dabe herritarrekaz hartu-emonak estutzeko. Herritarrek gogoko daben liburu bat aukeratu behar dabe, zeozergaitik eurentzat berezia dan liburua, argazkia atera eta Instagramen partekatu behar dabe #liburubatistoriobat traoleagaz, posta elektronikoz bialduz liburubatistoriobat@gmail.com helbidera. Liburu guztiekaz gune berezi bat sortuko da liburutegian, eta zemendiaren 25etik aurrera, espazio horretan liburuok bertan irakurri edo maileguan hartzeko aukerea izango da. Ekimenak webgune berezia eukiko dau: www.liburubatistoriobat.com

Martitzenean, hilak 5, Dantzaz konpainiak Ni espioi kaleko ikuskizuna aurkeztuko dau Koldo Mitxelenaren aurrean bertan, 17:30ean. Eguaztenean, Kukai konpainiak Gelajauziak antzerki lana eskainiko dau, eta Antton Valverderen eta Anjel Lertxundiren musika eta poesia errezitaldia izango da ondoren areto nagusian: Hiru L-ak (Lizardi, Lauaxeta, Lete). Hurrengo egunean, hilaren 7an, Ados Teatroak Xuxurlariak kaleko ikuskizuna ekarriko dau, eta areto Nagusian musika eta poesia errezitaldia izango da Patxi Santamaria eta Napoka Iria taldeagaz. Felipe Juaristik prestatuako antologia bat izango da.

Hurrengo astean, zemendiaren 12an, Teresa Calok, Rafa Berriok eta Ainara Legardonek poesia errezitaldia eskainiko dabe. Eguaztenean, 13an, Itziar Okarizek Virginia Wolfen Gela bat norberarena performancea aurkeztuko dau, eta ostean, Asier Zabaletak Joan zaretenei adio jantza piezea eskainiko dau. Erakusketa aretoan, ganera, 20 urteotan egindako erakusketa guztien katalogoak eta bideoak izango dira ikusgai.

KMK-ko liburutegiak 350.000 agiri baino gehiago ditu eta Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa da. Balore handiko fondoak ditu, besteak beste, Julio Urkixo, Busca Isusi, Gabriel Celaya, Carlos Santamaria, Sastre-Forest, Antonio Zabala edo Koldo Mitxelena Elissaltenak. Ikerne Badiola Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak adierazo dauenez, kulturuneak barritzen joateko erronkea dauka, gero eta aldakorragoa dan errealidadera egokitzen joateko.

2001ean liburutegiko ondarea digitalizetan hasi ziran; orain, 13.800 agiri dagoz on line. Hamarkada bitan, 84.000 bazkide-txartel egin dira eta 12 miloa sartu-urten izan dira. Liburutegitik maileguan gehie atera dan liburua Michael Conellyren Luz perdida izan da (112 bider), eta diskoa, Mikel Laboaren 60ak+2 (101 bider). Euskerazko lanen artean Karmele Jaioren Amaren eskuak da (76 bider) gehien eskatu dana. Urteotan, 194 erakusketa antolatu dira eta 2.400 kultura jarduera.

Aurrera begira, hiru egitasmo ipiniko ditue martxan KMK-n. Lehenengo asmoa, Koldo Mitxelena Kulturunea Euskal Herriko komikigintzan erreferentzia gune bihurtzea da, eta arlo horretan dagoan hutsunea betetea, Gasca funtsa erosiz hasitako bidea segiduz. Bigarren egitasmoa da liburutegiaren funtzioak, zerbitzuak, baliabideak eta funtsak migrazinoa, aniztasuna eta bardintasunaren ikuspuntutik lantzea. Amaitzeko, alkarlan dinamika sustatuko da digitalizazinon erispideak bateratzeko eta Euskal Herriko liburutegien eduki digitalizauak errepositorio bateratu batean eskaini ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu