Modu sotilagoan bada be, zentsurea egon badagoala gogoratuko dabe Zentsura At jaialdian

Dabi Piedra 2013-10-30 14:45   kulturbiz

Aurtengo egitarauan, Vulpes musika taldeari eskainitako ekitaldia eta Luis Gasca komikietan eta zineman adituaren presentzia aitatu leitekez. Mendebaldeko gizartean zentsureak inor hilten ez dauen arren, beste modu askotan oraindino indarrean dagoala salatuko dabe, antolatzaileen arabera.

Zortzigarrenez egingo dabe, zemendiaren 11tik 16ra, zentsurearen kontrako jaialdia Bilbon. Ohiko moduan, berbaldiak, kontzertuak eta erakusketak iragarri ditue, BBK Salan eta Euskal Herriko Unibersidadearen Bizkaia Aretoan. Aurtengo egitarauan, Vulpes musika taldeari eskainitako ekitaldia eta Luis Gasca komikietan eta zineman adituaren presentzia aitatu leitekez. Mendebaldeko gizartean zentsureak inor hilten ez dauen arren, beste modu askotan oraindino indarrean dagoala salatuko dabe, antolatzaileen arabera.

Zentsurearen kontrako oihua, jaialdiaren karteletik hasten da. Aurten, Parisen errefuxiatuta bizi dan Kianoush Ramezani marrazkilari iraniarrak diseinau dau kartela. Antza danez, Iraneko gobernuak ez dau gustuko artista horren lana eta erbestera jo behar izan dau. Egitarauan dagozan artsita askok be, modu baten edo bestean, zentsurea jasan dabela azaldu dau Jose Angel Serrano Zentsura At jaialdiko zuzendariak.

Zemendiaren 11n, jaialdiaren lehenengo egunean, Vulpes taldea izango da protagonistea. 1980ko hamarkadearen hasieran Barakaldon sortutako taldea da Vulpes, emakumez osotua. Quiero ser una zorra abestiagaitik, nazinoarteko errekonozimendua eskuratu eben baina, era berean, entzute-kentze kanpaina bati aurre egin behar izan eutsien eta gobernu eta komunikabide askok euren kontra egin eben. Halandabe, adierazpide barritzaile eta fresko baten aintzindari izan ziran. Horregaitik, Roberto Mosok moderauta, mahai-ingurua egingo dabe Vulpesen eta musikearen arloko zentsurearen ganean. Vulpeseko kideak eta Fermin Muguruza musikariak be parte hartuko dabe. Ostean, Vulpesen kontzertua egongo da.

Hiru kontzertu nagusi be izango ditu Zentsura At jaialdiak. Frantziako La Rumeur taldea bere herrialdeko poderetsuak kritiketeagaitik ezagun egin da, baina arazo judizialak be ekarri deutsoz horrek. Zemendiaren 14an joko dau Bilbon. Anton Goosen Hegoafrikarra, aldiz, afrikaans hizkuntzan egiten dan rock musikearen ordezkari nabarmenenetakoa da eta hilaren 15ean egongo da geurean. El Cabrero flamenko-abeslaria, barriz, merezidu baino flamenko-jaialdi gitxiagotan egon da, batzuek ez dabe bere estiloa atsegin, aitatu dau Jose Angel Serranok. El Cabreroren kontzertuaren ostean, 1988an hari buruz egindako dokumental bat emongo dabe zemendiaren 16an. Hiru kontzertuak 20:00etan hasiko dira.

Berbaldiak eta mahai-inguruak be egongo dira jaialdian aurten. Luis Gasca, Donostiako zinemaldiko zuzendari izandakoak, Zentsurea eta komikia izenekoan parte hartuko dau, zinemean ez eze, komikigintzan be aditua da eta. Espainian, aspalditik egon da zentsurea komikietan, gauza arrunta izan da, aitatu dau Gascak, baina Frantzia edo Italia moduko herrietan be, zentsureak erabagi erridikuluak hartu izan ditu. Gascak gogoratu dauenez, zinemagile italiar bati, behin, Espainiako zentsuratik pasautako komiki bat erakutsi eutsan. Emakume protagonisteari originalean baino erropa askoz gehiago ipini eutsien Espainiako bersinoan eta, zinemagileak, harrituta, hori stripteasea da, baina alderantziz esan ei eban.

Zentsura At jaialdiak hiru erakusketa be badakarz. EHUren Bizkaia Aretoan erakusketa kolektibo bat ipiniko dabe, Euskal Herriko eta kanpoko artisten ekarpenakaz. Zentsurea, gaur egun, lehen baino modu sotilagoan egiten dala erakutsiko dogu, aitatu dau Serranok, kontzertuak debekatuta, medioetan agertutea galarazota, era guztietako trabak ipinita be zentsurea egin leiteke. Bizkaia Aretoan bertan, Sarajevo Gerra eta Bakea argazki erakusketea egongo da. Gervasio Sanchez artisteak Bosniako uriburua gerra sasoian irudikatu dau, zuri-baltzean, eta alboan, gerraosteko berreregite lanetako argazkiak ipini ditu, koloretan. Amaitzeko, komikietako biñeten erakusketea ipiniko dabe BBK Salan, 88 irudigileren aportazinoari esker. BBK Salakoa arinagoa da, bigunagoa, baina era horretan be zentsurea gogor salatu leiteke, dino Jose Angel Serranok. Mugarik Bako Kazetariak alkartearen ekimenez egin ahal izango da BBK Salako erakusketea. Zentsura At jaialdiko ekitaldi guztietan, euskerazko itzulpena egongo dala zehaztu dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu