Angela Figuera poetearen eguna ospatzeko Gaitzerdik irakurketa antzeztua egingo dau Bidebarrieta Kulturgunean

Bizkaie! 2013-10-30 10:11   kulturbiz

Ángela Figuera poeta bilbotarraren jaiotzearen urteurrena ospatuko da gaur, eguaztena, hilak 30, Gaitzerdi antzerki taldeak eskainiko dauen irakurketa antzeztuaren bitartez. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean.

Bilboko Udalak, urriaren 30ean ospatzen dan Ángela Figueraren eguna erakundetu eban 2008an, gure uriko beste hiru idazle handiei eskainitako jardunaldiei gehituz: Miguel de Unamuno, Gabriel Aresti eta Blas de Otero.

Kontuak kontu, Ángela Figuera poeta bilbotarraren jaiotzearen urteurrena ospatuko da gaur, eguaztena, hilak 30, Gaitzerdi antzerki taldeak eskainiko dauen irakurketa antzeztuaren bitartez. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean. Emonaldian idazlearen zenbait poema eta ipuin irakurriko dira. Sarrerea librea eta dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Gerraosteko poesiak izan eban pertsonaia garrantzitsua izan zan arren, jente gehienak ez dau asko ezagutzen Ángela Figuera. Hori dala eta, 2008an, Kultura eta Hezkuntza Sailak urteko egun bat instituzionalizau eban haren ohoretan, idazlearen bizitza eta lana ezagutarazoteko. Era horretara, Ángela Figueraren Egunak bat egiten dau Bilboko beste hiru idazle handi gogoratzeko izentautako beste egunakaz, Miguel de Unamunoren, Gabriel Arestiren eta Blas de Oteroren egunakaz, hain zuzen be.

Impresiones con Ángela Figuera, izenburupean, Gaitzerdi taldeak, haren idealakaz eta, batez be haren familiagaz, konpromiso handia izan eban emakume horren bizitzara hurreratuko gaitu. Angela Figueraren poemak eta ipuinak bere sinismen eta sentimendu sendoen lekukotza leiala dira.


Angela Figuera

Ángela Figuera Aymerich (Bilbao, 1902ko urriak 30 - Madril, 1984ko apirilak 2) Bilboko familia aberats batean jaio zan, eta familiak ez eban begi onez ikusi Angelak Madrilen Filosofia eta Letrak ikastea. Karrerea amaitu ondoren, Huelvako institutu batean plazea lortu eban, eta bertan harrapau eban Gerra Zibilak. Haren zein bere senarraren laguntzinoa jaso eben errepublikarrek gerrea galdu ondoren, Figuera Soriara joan zan, eta bertan bere lanak argitaratzeko aukerea izan eban.

Bere lehenengo lana, Mujer de barro, poema liburu intimistea da. Zentsureagaz hainbat arazo izan zituan, sensualidade eta erotismo ukituak ditualako, baina, halan da be, poeta bilbotarrak garai haretako poeta handien artean sartzea lortu eban lan horregaz. Ondoren, gerra osteko garaiaren gogortasuna eta sufrimendua agirian ixten eben gai sozialetan oinarritu zan. Lan horreen artean dagoz Belleza cruel eta Toco la tierra, bere poema liburu ezagunenak. Halan da be, idazlea ia inork ezagutu barik hil zan Madrilen, 1984an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu