Maurizia, Leon eta Fasio marioneta erraldoi bihurtuko dira
2013-10-29 13:05 kulturbizPanpin erraldoi guztiak amaitu ondoren, Oreka Tx musika taldeak eta Kukubiltxo antzerki taldeak kale-ikuskizun bat zuzenduko dabe eta garagarrilaren 13an, Lekeitioko XXV. Kale-Antzerkiaren Nazinoarteko Jaialdian estreinauko da.
Gure musikari handiak egitasmoa Oreka TX musika taldearen eta Lekeitioko Kale-Antzerkiaren Nazinoarteko Jaialdiaren arteko ekimena da eta herri musikagintzan izan diran musikari handiak marioneta erraldoi bilakatzea dau helburu. Marioneta horreek kale-ikuskizun handi baten partaide izango dira. Sormen horretan Josu Camarak (Kukubiltxo) be hartuko dau parte.
Gure musikari handiak egitasmoaren lehenengo pausua Arratia bailaran izango da eta Maurizia, Leon eta Fasio herri-musikari historikoak marioneta erraldoi bihurtuko ditu. Marionetak eregiteko Frantziako Les Grandes Personnes izeneko taldea konbidau dabe. Talde hau eskarmentu handikoa da marionetagintzan eta haren marioneta erraldoiak Europan nahiz Afrikan zehar ibilten dira arrakasta handiz.
Kontuak kontu, Les Grandes Personnes talde frantziarraren tailerra Areatzan izango da zemendiaren 1etik 10era, goizean 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 20:00etara. Tailer horretan, Arratiako bailarako jentea konbidauta dago. Ez da baldintza berezirik bete behar, marioneta eraikuntzan parte hartzeko gogoa baino ez. Hamar egun horreetan Maurizia, Leon eta Fasio panpin erraldoi bihurtuko ditue, burdina, oihalak eta papela erabiliz. Beraz, herriko jentearen parte-hartzea ezinbestekoa da marioneta erraldoiak egiteko. Tailerrean parte-hartzea doban da eta baldintza bakarra da Areatzako Udalean izena emotea (Telefonoa: 94 673 9400). Hamasei urtetik gorako edozein herritarrek parte hartu leike. Umeek be parte hartu ahal izango dabe, euren gurasoakaz batera joaten badira.
Tailerraren emoitzea kalean ikusi ahal izango da zemendiaren 10ean, domekan, izan be, kalejira bat antolatuko dabe Areatzan zehar marioneta erraldoiakaz.
Areatza, Artea eta Igorreko udalek babestu dabee Les Grandes Personnes talde frantziarraren tailerra. Edozelan be, egitasmo hau aurrera eroateko Arratiako hiru udalen laguntzaz gan, Bilboko Frantziako Institutuaren laguntzinoa be jaso dabe.
Gure musikari handiak egitasmoak baditu beste musikari handi batzuk marioneta erraldoi bihurtzeko asmoa. Datorren urtean, bi txalapartari historiko ditu ikusmiran. Pello Zuaznabar eta Ramon Goikoetxea txalapartariak, Arratiako trikitixa munduko aitatu izarren antzera, kalera urtengo dabe panpin erraldoi bihurtuta. Herri-musikari bi horreek eregiteko prozesua, barriz, Gipuzkoan egingo da, bata Lasartekoa eta bestea Astigarragakoa dalako.
Panpin erraldoi guztiak amaitu ondoren, Oreka Tx musika taldeak eta Kukubiltxo antzerki taldeak kale-ikuskizun bat zuzenduko dabe eta garagarrilaren 13an, Lekeitioko XXV. Kale-Antzerkiaren Nazinoarteko Jaialdian estreinauko da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!