Bilboko Udal Liburutegi Sareak Liburutegien Nazinoarteko Eguna ospatuko dau urriaren 24an

Bizkaie! 2013-10-21 18:49   kulturbiz

Bidebarrietako Liburutegia izango da jardunaldiaren protagonista nagusia, izan be, 1983ko urioletan izandako kalteen ondoren egin beharreko zaharbarritze lanen ostean barriro zabaldu zanetik 25. urte beteten baitira.

Bilboko Udal Liburutegi Sareak, ikus-entzule guztiei zuzendutako jarduera programa zabala antolatu dau datorren eguenean, urriaren 24an, ospatuko dan Liburutegien Nazinoarteko Egunaren harian. Jarduera horreen artean ipuin-kontalariak, berbaldiak eta erakusketak egongo dira. Bidebarrietako Liburutegia izango da jardunaldiaren protagonista nagusia, izan be, 1983ko urioletan izandako kalteen ondoren egin beharreko zaharbarritze lanen ostean barriro zabaldu zanetik 25. urte beteten baitira. Halan da be, ez da protagonista bakarra izango.

Instalazino horreen erabilerea sustatzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko zuzendutako jarduerak edadearen arabera atondu ditue; holan, Afrikaren munduak izenburupean, euskerazko ipuin-kontalari saioak egongo dira, 4 eta 9 urte arteko umeei zuzenduta, Zurbaranbarriko, Begoñako eta Deustuko liburutegietan. Sarrerea dobakoa izango da, eta saio guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.

Ikus-entzule helduek, euren aldetik, hitzordua dabe San Frantziskoko liburutegian. Bertan Irakurketa errazeko programea aurkeztuko da. Blanca Matak emongo dauen berbaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da. Programearen helburu nagusia, irakurteko zailtasunak dituen taldeei irakurketarako bideak eskaintzea da, eta auzoko etorkinen artean, datorren urtean irakurketa tailerra antolatuko dala aurreratzeko balioko dau.


25 urte Bidebarrieta barriro zabaldu zanetik

Bidebarrietako liburutegia berreskuratu zaneko 25. urteurrena programazino bereziagaz gogoratuko da. Erabiltzaileek lau hizkuntzatan (euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) egongo dan eta eraikinaren historia eta ezaugarri arkitektonikoak azalduko dituan liburuxkea izango dabe eskura.

Era berean, 25 urte honeetan liburutegia bisitau daben persona garrantzitsuek eta idazleek –euren liburuetan edo Sinaduren Liburuan– itxitako eskaintzak batzen dituan Oroitzeko liburuak erakusketea ikusi ahal izango da. Erakusketea, egileen eskaintzak dituen 44 liburuk eta Bidebarrieta Kulturguneko Sinaduren Liburuaren erakusketa birtualak osotzen dabe. Urriaren 23tik urtea amaitu arte bisitau ahal izango da.

Jardunaldiari amaierea emoteko, arratsaldeko 19:30ean, solasaldia egongo da Bernardo Atxagagaz, Obabakoak lana argitaratu zanetik be 25 urte beteten diran urte honetan. Idazleagaz batera Udane Goikoetxea kazetaria egongo da, eta bien artean, eleberri horrek egilearen ibilbidean eta euskal literaturan izan eban eragina gogoratuko dabe. Sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ekitaldia euskeraz izango da, eta bat-bateko itzulpen zerbitzua egongo da.

Jardueren agendea udal liburutegietan eta egun horretan diseinua eta eduki barriak estreinauko dituan www.bilbao.net/bibliotecas webgune barrian konsultau ahal izango da.


Informazino gehiago:

- Bidebarrietako liburutegia: 944150915 / bidebarrieta@ayto.bilbao.net

- Zurbaranbarriko liburutegia: 944466001 / bibliotecazurb@ayto.bilbao.net

- Deustuko liburutegia: 944474604 / bibliotecadeusto@ayto.bilbao.net

- Begoñako liburutegiaa: 944734754 bibliotecabegona@ayto.bilbao.net

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu