Nacho Vigalondo izango da Bilboko III. Fun & Serious Game Festivaleko aitabitxia
2013-10-08 11:26 kulturbizFun & Serious Game Festival bideo jokoen nazinoarteko jaialdiaren hirugarren edizinoak Nacho Vigalondo zinemagilea izango dau aitabitxi, eta zinemearen eta bideo jokoen arteko loturaz arduratuko da. Jaialdia Bilbon ospatuko da, zemendiaren 25etik abenduaren 1era bitartean.
Fun & Serious Game Festival bideo jokoen nazinoarteko jaialdiaren hirugarren edizinoak Nacho Vigalondo zinemagilea izango dau aitabitxi, eta zinemearen eta bideo jokoen arteko loturaz arduratuko da. Jaialdia Bilbon ospatuko da, zemendiaren 25etik abenduaren 1era bitartean.
Hirugarren edizino honetan, bideo jokoen eta zinemagintzearen arteko loturea gehiago estutzen saiatuko dira antolatzaileak, azken hamarkadetan, artista ugarik bi diziplina horreek alkartu baititue eta euren artean egoan lerroa desagertuz joan baita.
Antolatzaileen arabera, Nacho Vigalondo, bideo jokoen zale handia, bi sektoreen arteko loturearen adierazle ezin hobea da. Holan adierazo dau zuzendariak berak: Bideo jokoakaz igarkizunak asmeteaz eta tirokatzeaz gain, askoz gehiago lortu dot, izan be, jokalaria izango ez banintz, nire zinemea oso bestelakoa izango litzateke. Fun & Serious Game Festival jaialdiaren babeslea izatea ohorea da niretzat, eta zor hori jentaurrean autortzeko aukerea be bai.
Nazinoarteko zinemagile ospetsuak, bideo jokoen industriako sortzaile famatuak, bikoizketako aktoreak eta gidoigileak ikusteko aukerea egongo da Bilbon, bai publiko guztientzako jardueretan bai urteko bideo jokorik onenen galarako, Campos Elíseos Antzokian, zemendiaren 28an.
Hirugarren urtea beteko dauen jaialdiak aisialdiko bideo jokorik eta joko seriorik (Serious Games) onenak saritzea dau helburu, bideo jokoetan aplikautako teknologiak gero eta sektore gehiagotan apliketan dagozalako, berbarako hezkuntzan, osasunean, aeronautikan edo kulturan.
Hirugarren urtez jarraian Joko Serioetan eta Gamifikazinoan dagozan aditurik onenak bertaratuko dira Fun & Serious Game Festival jaialdira, zemendiaren 27an eta 28an. Ez dira faltako e-Sports txapelketak zein bestelako jarduerak.
Fun&Serious Game Festival jaialdiaren babesleak Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia izan dira, eta Movistar, ADESE, ASUS eta Monster Energy, barriz, laguntzaileak. Era berean, Bilbon egoitzea dauen Digipen amerikar unibersidade ospetsuaren eta Virtualware enpresearen aholkularitzea estrategikoa be izan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!