Marabilli Sormen Festibalaren bigarren edizinoa prest dago

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-09-26 15:18   jardunaldiak

Sorkuntzea izango da aurten be Marabilli Sormen Festibalaren ardatz nagusia, musikea, jantzea, zinemea, arte plastikoak... osogai ugaridun egitaraua atondu dabe antolatzaileek urriaren 10etik 13ra bitartean Ondarroan egingo dan jaialdirako. Azkenengo egunean, ganera, Jainko Txiki eta jostalari hura ikuskizun barriaren aurrestreinaldia izango da.

Sorkuntzea izango da aurten be Marabilli Sormen Festibalaren ardatz nagusia, musikea, jantzea, zinemea, arte plastikoak... osogai ugaridun egitaraua atondu dabe antolatzaileek urriaren 10etik 13ra bitartean Ondarroan egingo dan jaialdirako. Azkenengo egunean, ganera, Jainko Txiki eta jostalari hura ikuskizun barriaren aurrestreinaldia izango da.

Marabilli finkatuta dagoala esanez, hasi dau aurkezpena Kirmen Uribe idazleak. Beragaz batera, jaialdiaren antolaketan beharrean dabilzan beste hainbat lagun batu dira Bilboko Kafe Antzokian egin dan aurkezpenean. Sormena, arlo desbardinen arteko nahasketea eta izaera herrikoia dira Marabilliren ezaugarri nagusiak.

Diziplina desbardinetako lagunen arteko alkarrizketea eragin gura dabe antolatzaileek, izaera kritikoa zabaldu. Ez daitezela izan beste barik ikusi edo entzuteko ekintzak, irakurketa kritikoa egitea nahi dogu, adierazo dau Uribek. Izan be, galderak egitetik sortzen dira, bere esanetan, liburuak, diskoak eta abar.

Alberto Markuerkiagak emon ditu egitarauaren zehaztasunak. Jarduera asko eta asko kalean izango dira, baina euria egin ezkero badaukiez leku alternatiboak. Goizeko zinema matineek abiatuko dabe egitaraua jaialdiko lau egunetan. Zapatuan, hilak 12, Koldo Almandozen perlak deitu daben saioa prestau dabe, Almandoz bera be han izango da; eta, domekan, Amalur pelikulearen 35. urteurrenagaz bat eginik, proiekzinoaren ostean, Fernando Larruquert egileak berba egingo dau.

Jaialdiko lehenengo egunean, urriaren 10ean, Sormena 10 minututan! ekitaldian, artistek euren sormen prozesuak azalduko ditue, 10 minutuan jakina. Bertan izango dira, besteak beste, Unai Iturriaga, Nagore Aranburu eta Jose Mari Goenaga.

Hurrengo egunean, barikuan, Ramon Chao idazle, kazetari eta musikari galiziarrak berbaldia emongo dau Kofradia zaharrean. Eta zapatuan, Anartz Iturbek Txiste-poteoa zuzenduko dau tabernaz taberna. Arrastian, Bide Onera zinema-aretoan egingo da galea. Aitzol Aramaio gogoratzeko momentua izango da, nabarmendu dau Markuerkiagak.

Aurrestreinaldi bategaz amaituko da II. Marabilli Sormen Festibala, 20:00etan, Bide Onera aretoan. Orduan aurkeztuko dabe-eta musikea, poesia eta irudia batzen dituan Jainko Txiki eta jostalari hura ikuskizuna, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde eta Rafa Ruedaren lan barria.

Egunero Radixu Irratiak festibaleren ganeko informazinoa, alkarrizketak eta bitxikeriak eskainiko ditu, 11:00etatik aurrera. Ganera, Ondarroako artistak kalez kale ibiliko dira eta fanfarreek musikaz beteko dabe herria.

Aitzol Aramaio zinemagile ondarroatarra zanaren indarragaz sortu zan jaialdia igaz, eta harek sarritan esaten eban Bixitxi marabilli re esalditik hartu eben jaialdiaren izena be.

Marabilli Sormen Festibalaren egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu