Emakume artistak eta emakumez osotutako konpainiak nagusi XII. Bilboko Zirkuituan

Bizkaie! 2013-09-16 18:01   kulturbiz

Udako oporren ostean, XII. Bilboko Zirkuituak bere programazinoari ekingo deutso urriaren 3tik abenduaren 19ra uriko hainbat udaltegitan hamar konpainiek eta artistek eskainiko dituen 16 antzezlan batuz.

Udako oporren ostean, XII. Bilboko Zirkuituak bere programazinoari ekingo deutso urriaren 3tik abenduaren 19ra uriko hainbat udaltegitan hamar konpainiek eta artistek eskainiko dituen 16 antzezlan batuz. Urteko azken hiruhileko honetarako proposamen eszenikoen artean, generoagaz lotutako gaiak azpimarratu behar dira, eta emakumea izango da protagonista nagusia. Abenduko programazinoari jagokonez, familiak gogoan hartuta, txikienen artean antzerkiaren aurreko zaletasuna bultzatzea izango da asmoa.

Arte eszenikoen alorrean bertoko taldeen jarduerea bultzatu nahi dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren programeak oso ikuskizun anitzak proposatzen ditu urteko bigarren parte honetarako, euskeraz zein gaztelaniaz. Lanak Begoñako, Abando-Barrainkuako, Altamirako, Kastañoseko, Basurtuko, Errekaldeko, Otxarkoagako eta Zurbaranbarriko udaltegietan eta Solokoetxeko institutuan eta Bilboko Berreginen Museoan eskainiko dira. Urrian eta zemendian programautako emonaldiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta familia osoari zuzendutako abendukoak, barriz, arratsaldeko 18:30etan. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Programan parte hartuko daben konpainiak eta artistak ondokoak izango dira: Las Entes, Hipo y Condrias, La Dinamika Eguzki Zubia, Oh My Good, Miren De Miguel, Khea Ziater, Bego Guerrero, De bote en bote, Mauma Taldea eta Teatro Pantzart. Horreetako batzuek, La Ressistens, Miren de Miguel eta Oh my God, adibidez, euren ikuskizunak errepetiduko ditue, BAD 2012 jaialdian estreinautako Fa en cuarta, Tutte contra Verdi eta Qué te pasa, Amy? lanek, hain zuzen be, urtearen lehen erdialdean arrakasta handia izan ebelako.

Kontuak kontu, urteko azken hiruhilekoko egitaraua urriaren 3an jarriko da martxan, Bilboko Berreginen Museoan (San Frantzisko, 14), Las Entes konpainiaren Las indogmables lana eskainiz. Lan beraren beste emonaldi bat urriaren 23an eskainiko da Otxarkoagako Udaltegian.

Urriaren 4an, Errekaldeko udaltegiak Hipo y Condrias konpainiaren Hipo eta Condrias lanaren emonaldia jasoko dau.

La Dinamika konpainiak, Eguzki Zubiagaz batera, Código Atenea lana aurkeztuko dau Otxarkoagako udaltegian eta Solokoetxeko Institutuan, urriaren 10ean eta 16an, hurranez hurran. Código Atenea bakarrizketa satirikoa eta komikoa da, eta bertan, mitologia greziarreko printzipio moralak eta gaur egungo pentsamendua eta bizimodua alderatzen dira. Protagonistea Marta da, etxeko andrea eta edozertarako emakumea. Antzezlanean, emakumearen aurreko mespretxuari eta horrek genero gehiegikerian izan leiken eraginari buruz gure buruari galdetzeko konbita egiten jaku.

Zemendiko programazinoa 8an hasiko da Basurtuko udaltegian, Alex Gerediagak proposatzen dauen eta Maria Urcelay protagonista izango dauen Satisfaktion lanagaz. Antzezlanaren testuak Donostiako Poltsiko Jaialdiaren saria jaso dau. Jaialdi horrek, formatu txikiko euskerazko antzezlanen produkzinoa eta sorkuntzea sustatzen ditu.

Programazino barrian nagusi dan generoari buruzko gaien barruan, Bego Guerrerok La mujer sola antzezlana aurkeztuko dau zemendiaren 14an, Barrainkuako udaltegian. La mujer sola antzezlana gizarte satira indartsua da, eta protagonistea bere desioak eta duintasuna lortu nahi dituan emakume bat da, indarkeriaz betetako eguneroko inguruneak ito egiten dauen arren.

Zemendiko azken bi proposamenak ondokoak dira: Miren De Miguelen Tutte contra Verdi lana, Errekaldeko udaltegian, zemendiaren 21ean, eta La Resssistens Fa en cuarta lana, Otxarkoagako udaltegian, zemendiaren 28an. Miren De Miguelen lanak, emakumeak operan eta Verdiren personaietan batez ere, beteten dauen lekuari buruzko gogoetea eragin nahi dau.


Abendua, familia osoari eskainia

Urteko azken hilebeteari jagokon Bilboko Zirkuituaren programazinoa familia osoari egongo da zuzenduta batez be, eta abenduaren 11n hasiko da, Begoñako Udaltegian, euskerazko Vademekum lana aurkeztuko dauen De bote en bote konpainiagaz. Gorka Pereiraren produkzinoa eta eszenografia dauen lana abenduaren 13an be ikusi ahal izango da Castañoseko udaltegian. Istorio horretako personaia dan Tadeok bere etxeko ateak zabaltzen ditu, guztiek be bere liburutegiaz gozau deien. Ikus-entzuleek ia ordubetez magiaz betetako mundutik bidaia egin ahal izango dabe, arazo guztiak ahaztu eta gozetako idatzizko mundua aurkitu.

Cuando Martina encontró su historia da Mauma Taldeak eta Hegoakek familia programazinorako produzidu daben txotxongiloz eta antzezlez osotutako proposamena. Zinegoakeko azken edizinoan estreinau zan. Cuando Martina encontró su historia, mutikoen moduan jolastea atsegin dauen neskato baten amesak jorratzen dituan obra hunkigarria da. 12an eta 18an ikusi ahal izango da Errekaldeko eta Begoñako udaltegietan, hurranez hurran.

Azken hilabete honetan programautako hirugarren konpainia Teatro Pantzart da, abenduaren 17an eta 19an Zurbaranbarriko eta Basurtuko eszenatokietara igoko dan eta XII. Bilboko Zirkuituari amaierea emongo deutson Boli, bili, boli antzezlanagaz, Juan Kruz Igerabideren, umeentzako poesia euskeraz idazten dauen idazle gipuzkoar ezagunaren, testuetan oinarrituta.


Bilboko Zirkuitua

Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Baliabide Eszenikoen BilbaoEszena Zentroak antolatutako programea, benetako aukerea da sortzaile barriek eta antzerki eta jantza taldeek euren lanak eszenan agertu eta ikus-entzuleen aurrean antzezteko. Programeak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizidadea eskaintzen deutse konpainiei, eta baita konpensazino ekonomiko bat be.

Orain hamarkada bat programea martxan jarri zanetik, zabalduz eta emonaldi eta eszenatoki kopurua handituz joan da. Denporeagaz, egitaraua ia uriko auzo guztietara zabaldu da. Auzo horreetako askok urte osoan jasoten daben Arte Eszeniko eskaintza bakarra da. Gainera, ekimenaren hasieran parte hartu eben konpainien artean batzuk profesional izatera heldu dira, Gaitzerdi Teatro, FTI edo Itziar Lazkano, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu