Abandoko eleizate zaharra ardatz 'Osterak Bilboko Auzoetatik' bildumako hirugarren liburukian
2013-09-10 14:32 kulturbizIñaki Peredaren testuak eta Juanma Aparicioren argazkiak dituan liburuki honek, oinez egiteko bederatzi osteratxu edo ibilbide jasoten ditu. Liburuak planoak be baditu, eta horreei esker norberak bere kontura egin leikez osterak Abandoko egungo auzotik, eta baita Indautxutik, Olabeagatik, Zorrotzatik, Altamiratik, Masustegitik, Abusu-La Peñatik, Buiatik eta Errekaldeberritik be.
Kultura eta Hezkuntza Sailak Osterak Bilboko Auzoetatik bildumako hirugarren liburukia argitaratu dau, Abandoko eleizate zaharrari buruzkoa. Bilbao Izan programearen barruan sartzen dan ekimena da, eta 2005ean, Bilboko kultur ondarea hobeto ezagutu ahal izateko egin ziran bisita gidatuen programetatik sortu da. Izan be, ekimenak piztu eban interes handia dala eta, jarduereari beste bi urtez eutsi jakon, eta haren ondoren izaera zehatzagoko beste batzuk etorri ziran, Bilboko bazter guztietara heldu ahal izateko.
Bildumea Deustuko eta Begoñako eleizateei eskainitako liburukiakaz hasi zan, eta orain Abandoko Errepublikea izandakoari buruzko gidaliburuagaz osotzen da. Aurrekoakaz gertatzen dan lez, liburu honek ez dau arkitektura gidaliburua izan nahi, ezta turismoaren sustapenerako ohiko ibilbidea be, inguru horretara egin ziran bisitetan erabilitako edukietan oinarrituz atondutako lana da. Holan, planoak eta koloretako argazkiak dituan argitalpenaren helburua, herritarrak Bilbo beste begi batzuekaz bisiteko konbidatzea eta Bilboko auzoen eta auzo horreen ondare aberastasunaren ezagutza bultzatzea da.
Bilbo Zaharra eta San Frantzisko, Abandoko eleizateko parte izan baziran be, auzo horreek ez dira liburuki honetan landuko, Zazpi Kaleakaz eta Atxurigaz batera, jatorrizko Bilbogaz lotuago dagozalako.
Iñaki Peredaren testuak eta Juanma Aparicioren argazkiak dituan liburuki honek, oinez egiteko bederatzi osteratxu edo ibilbide jasoten ditu. Liburuak planoak be baditu, eta horreei esker norberak bere kontura egin leikez osterak Abandoko egungo auzotik, eta baita Indautxutik, Olabeagatik, Zorrotzatik, Altamiratik, Masustegitik, Abusu-La Peñatik, Buiatik eta Errekaldeberritik be. Auzo horreek Bilboko auzo bilakatuz joan ziran apurka-apurka, 1870. eta 1890. urteen artean.
Ostera bakotxean ibiltariari konbita egiten jako, inguru guztia ondo aztertu daian, izan be, eraikin eta gune publikoetako eta pribatuetako bitxikeriak eta zehetasunak azaltzen baitira, bere egunean izan ziranari edo gaur egun diranari buruzko azalpena emonez. Horrezaz gan, gidan, auzoaren fisonomia hobeto ezagutu ahal izateko ezinbestekoak diran historiako zenbait ohar be jasoten dira.
Osteretan 170 puntu interesgarri baino gehiago batzen dira. Horreen artean atzoko eta gaurko higiezinak dagoz, Bilboko erdialdean batez be. Holan, Aburto Etxea, Foru Jauregia, Campos Antzokia edo Carlton Hotela lako eraikinen ondoan arkitektura barria ikusi geinke, Isozaki dorreak, Foru Liburutegia edo Osakidetzaren kristalezko egoitza barria. Gainera, Kultura eta Hezkuntza Sailek proposatutako oinezko ibilbideek arreta berezia eskaintzen deutse ia herri diran eta uribilduaren barruan dagozan auzoei, Olabeagari, Masustegiri edo Buiari, besteak beste. Gune horreek, bitxikeriak eta industria iraultzearen lehen garaiak gogorarazoten dituen eta langileen etxebizitza xumeen aztarnak gordeten dituen txokoak ezkutatzen ditue.
Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu dan Abandoko gidaliburuak 240 orrialde ditu, eta liburu dendetan erosi daiteke honezkero, 15 euroren truke. Horrezaz gan, Udal Liburutegi Sarean be ikusi edo etxera eroan daiteke, eta baita Deustukoa —liburu dendetan agortuta dago— eta Begoñakoa be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!