Itxaro Borda, Lutxo Egia eta Urtzi Urrutikoetxea, PENen Kongresuan dagoz Islandian

Bizkaie! 2013-09-10 11:08   kulturbiz

PEN International 79. kongresua egiten dago egunotan (9tik 12ra) Reykjaviken. Mundu osoko idazleak batu dira Islandiako uriburuan, gai nagusia Muga digitalak — Hizkuntza eskubideak eta adierazpen eskubidea dabela.

PEN International 79. kongresua egiten dago egunotan Reykjaviken. Mundu osoko idazleak batu dira Islandiako uriburuan, gai nagusia Muga digitalak – Hizkuntza eskubideak eta adierazpen eskubidea dabela. Euskal PEN taldeko Urtzi Urrutikoetxea, Lutxo Egia eta Itxaro Borda joan dira Islandiara.

Batzordeen bileretan idazle espetxeratuak, itzulpengintza, hizkuntza-eskubideak, emakume idazleak eta bakearen aldeko ekimenak jorratuko ditue. Horrezaz gain, munduko eskualdeetako bilerak egiteko aukera parebakoa da PEN kongresua, eta bost kontinenteetako idazleakaz hartu-emonak lantzen dira.

Igazko Kongresuan Eskubide Digitalen Adierazpena onartu zanetik, lan handia egin da PENen zentsura eta jazarpen mota barrien gainean. Kontrolerako bidea hartu dabe estadu autoritario askok, eta euren eskarietara makurtu dira ustez demokratikoak diran estaduetako hornitzaileak be. Egun jazarri, atxilotu edo hildako idazle eta kazetari askori, interneten egindako lanakaitik eraso deutse, blogariei esaterako.

Batzordeetan hainbat ebazpen izango dira, mundu osoko herrialdeei buruz. Itzulpengintzak be aparteko garrantzia hartu dau, eta batzorde-bileretan Euskal PENek eta EIZIEko ordezkariek parte hartu izan dabe. Islandiarrek beren esperientziaren barri emon dabe: 2008tik 2012ra bikoiztu egin dabe islandieratik beste hizkuntzetara itzulitako liburu kopurua, 30etik 60 baino gehiagora, eta zerrendatik kanpo ixten ditue beste hizkuntza eskandinaviarretara egindako itzulpenak (danimarkera, suediera, e.a.). Oso programa interesgarria garatu dabe horretan. Islandia eredugarri da liburugintzan, literaturan eta irakurzaletasunagaz loturea daben arlo guztietan. Gogoan izan behar da hirurehun mila hiztun pasatxo dituala islandierak.

Euskal PENek hiru ebazpen daroaz kongresura. Idazle Espetxeratuen Batzordean EGINeko kazetari presoen kasua daroaa. Gogoan hartu behar da ia sei urte daroezala kartzelan egunkari horretarako zuzendari Javier Salutregik, zuzendari orde Teresa Todak (Euskal PENeko zuzendaritzako kide) eta beste hainbat langileak.

Hizkuntza eskubideen batzordean bi ebazpen gehiago izango dira. 'Nafarroan Euskalerria Irratiak bizi dauen egoerea eta Euskal Telebista ikusteko debekua onartezinak dira, are gehiago, PENeko eztabaidetan ulertezina jake Al Jazeera edo BBC lasai asko ikus daitekezan herrialde batean bertako hizkuntzaz den telebista bakarra ezin jarraitzea.

Azken ebazpena Okzitaniako PENegaz batera osotu dogu, eta hainbat PEN zentroren babesagaz aurkeztu da Batzar Orokorrean, besteak beste, Kataluniako, Portugalgo, Frantziako eta uigurren PEN zentroek. Frantziako Gobernuari gogorarazoten deutso François Hollandek hauteskunde-kanpainan agindu ebala Europako Hizkuntzen Karta berrestea, eta holan egin daian eskatzen deutso ebazpenak.

Datozen egunetan eztabaidatu eta bozkatuko dira ebazpenak, Reykjaviken batu diran ehundik gora idazleen artean.


Itxaro Bordaren poesia Reykjaviken

PEN kongresuagaz batera, Pass the Word eta Free the Word literatur jaialdia izango da. Islandiako uriburuko hainbat taberna, kultur-etxe eta bestelako gunetan irakurraldiak egingo ditue kongresuan diran idazleetako askok. Islandiako idazleakaz batera, Suitza, Txekia, Alemania, Hego Afrika, Vietnam, Quebec, Kolonbia, Zambia, Palestina, Estonia eta beste herrialde askotako poeten topagune izango da Reykjavik.

Itxaro Bordaren poesia ere entzungai izango da, IDA Zimsen liburudendan. Euskal poesiagaz batera Bjarni Bjarnason, Sindri Freysson eta Ofeigur Sigurdsson islandiarrak, Gustav Murin eslovakiarra, Nicholas Kawinga zambiarra, Regula Venske alemana eta Teresa Cadete portugaldarra izango dira.


Euskal kulturearen eta literaturearen leihoa

Munduko idazle alkarte handiena da PEN. 140 talde dira mundu osoan, eta milaka idazle bost kontinentetan. I. Mundu Gerrearen ostean sortutako alkartea da, ideologiak ideologia eta ikuskerak ikuskera, hizkuntzak eta literaturak bakearen aldeko bidea eta herritarrak batu leikezala sinistuta. Euskal PENen lehen taldea 1950ean sortu zan, eta 1988ko bigarrena legez, ez eban askorik iraun. Hirugarrena, 2004an sortu zan, eta lehen hamarkadea betetzear da.

Ordutik hainbat euskal idazle izan dira mundu osoko bileretan, esperientziak, ardurak, sormena eroaten, eta besteenak hartzen. Bide horretan, Basque Writing aldizkari txikia be plazaratzen da azken urteotan, euskeraz eta ingelesez. Idazle gazteak, Korrika, poesia eta performancea edo 1937ko hondamendia, urteotan mundu zabaleko ordezkariek jaso dituen aldizkarien gaietako batzuk dira. Aurten, Lutxo Egiak osotu dau euskerearen historiari buruzkoa, eta oso harrera beroa hartu dau. Gogoan izan behar da Islandian Euskal Herriagazko memoria oso bizirik dagoala, arrantzaren bidez izandako hartu-emon historikoen ondorioz. Tapio Koivukari finlandiar idazleak idatzitako eleberriak gai hori dau ardatz, eta Finlandian izandako arrakastearen ostean islandierara itzuli barri da. Etxepare Institutuak argitaratutako Euskararen Historia Laburra eta XX. Mendeko euskal literatura liburuxkak be Reykjavikeko kongresuan zabaldu dira, urteotan argitaratutako beste lan batzuekaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu